Maddi Txintxurreta Agirregabiria
infraganti

FATIHA HAJJI BABA

Fatiha Hajji Baba (Monlay Boussalham, Maroko, 1962) pintorea da. Duela 26 urte utzi zuen Maroko, eta, hara-hona ibili ondoren, Azkoitian finkatu zen duela hamahiru urte. Bertan topatu du horrenbeste urtez bila ibili den lasaitasuna, eta bertan ematen ditu orduak eta orduak oliozko obrak sortzen. Zumarragako Zelai Arizti kultur etxean erakutsi ditu obrak berriki, eta harrera ona izan du.

Picasso? Velazquez? Zeintzuk diren badakit, baina ez askoz gehiago». Pintura pentsatu bainoago, sentitu egiten du Fatiha Hajji Babak. Bere artista erreferenteak zeintzuk diren galdetuta, esan du berak pinturaz kasik deus ez dakiela, teoriak ez diola balio mihisean islatu nahi duenari laguntzeko, nahikoa duela pintzela eskuan hartu eta zirriborratzen hastea, amorratzen dituen gaien inguruan. Izan ere, Hajjik sekula ez du margotzen pozik dagoenean. Munduko bidegabekeriek ematen diote indarra mihise zuriari so jartzeko, amorruz eta tristuraz, pintzela baita bere salaketarako arma.

Museo bat dirudi Hajjiren Azkoitiko etxeak. Paretako zirrikitu guztiak koadroz beteta daude, bertan dauka bere lanerako estudioa. «Badira egun batzuk ezgai naizela pintatzeko, baina margotzeko gogoa sartzen zaidanean, goizaldeko bostak arte egon naiteke lanean», esan du. Koadro bat jaitsi du paretatik. Lau zatitan banatuta dago, dena burdin barra batzuen atzean: lehenengoan, bikote homosexual bat ikus daiteke; bigarrenean emakumeen aurkako zapalkuntza irudikatu du; hirugarrenean arrazismoa, eta laugarrenean haur batzuk ageri dira gerraren bonbardaketaren erdian. «Bizitza honetan, errespetatzen ez dena kartzela bihurtzen da», azaldu du Hajjik. Beldurrak inguratzen gaituela esan eta koadroa zintzilikatu du berriro.

Odisea bat izan da Fatiha Hajjiren bizitza. Marokon sortu zen, Monlay Boussalham kostako herrixkan. Kontatu du nola erosten zien arraina arrantzaleei txalupa hondartzan ainguratu berri zutenean, merke eta fresko. Gaztetako argazkiak atera ditu mahai gainera, demostratzeko alde nabaririk ez dagoela Marokoko bizitzaren eta Europakoaren inguruan, europarrek Marokori buruzko ikuspegi desitxuratua daukatela. Herriko hondartzako argazki bat atera du. «Ikusten? Argazki hau ez da Espainiakoa, eta tapatu gabe nago, nire bainujantziarekin. Jakin gabe hitz egiten dugu. Nik, zuek bezala, bainujantziak eta eguzkitako betaurrekoak erabiltzen ditut, baina jendeak ez nau sinesten», esan du. Filosofia ikasi zuen Marokon, baina sekula ez da lan horretan jardun.

Agian kostan hezi izanagatik, igeriketa zuen pasio, eta ona zen gainera. Horregatik utzi zuen bere herria, Madrilen lehiatzeko aukerak zituela ikusi zuelako. Baina behin hiria zapalduta, esan zioten lehiaketan parte hartzeko bi mila euro ordaindu behar zituela, eta ez zeukan horretarako adina dirurik. Hor zapuztu zen Fatiha Hajjiren igerilari izateko ametsa, eta etengabeko joan-etorria hasi zuen geroztik, Azkoitira iritsi arte.

Baina Azkoitian gustura dagoela dio. Bere tokia aurkitu du, euskaldunak marokoarrak bezain ziurrak direla iritzi baitu, batzuk besteak bezain «burugogorrak». Baina, batez ere, paisaiak ainguratu du Euskal Herrira. Zarautz eta Orioko hondartzetara joaten da maiz, eta bertan aurkitzen du margotzeko inspirazioa. Bere herria gogorarazten dio, eta bertan utzitako familia ekartzen du akordura. Nostalgiaren tristura baliatzen du orduan pintzelari eusteko.

Bizitza pintzel batean

Igeriketan profesional izatearen eginahala baztertuta, pinturan murgildu zen. Marokon hasi zen bere pasioa garatzen, baina bertan ez zuen sekula aukerarik izan bere lana jakitera emateko. Kolore bizi-biziak janzten dituzte Hajjiren etxeko paretek, baina biziak izanagatik ere, ez dira ez alaiak. Gerraren gorri-koloreak eta bidegabekerien beltzak bustitzen dituzte lau paretak. «Beti gustatu izan zait zuzenbidea, justizia eta emakumearen arrazoia, eta horren alde margotzen dut», azaldu du. Arrazismoaren aurka, matxismoaren aurka eta biolentzia mota ororen kontra oldartzen da mihisera. Bozgorailu gisa erabiltzen du pintura, bere barrenak husteko eta bidegabekerien aurkako tresna gisa.

Espainiako Estatura iritsi zenean, bere etorkizunarengatik borrokatu behar izan zuen. «Hemen problema ugariri egin behar izan nien aurre. Lehenengo, hizkuntza; eta gero, epaileen kontuak. Espainian ez dago justiziarik niretzat. Inoiz ez daukat arrazoia», kontatu du. Madriletik alde egin eta Santanderrera joan zen, baina bertako familia batek engainatu egin zuela azaldu du tristuraz. Familia horrentzat lore biltzaile aritzea eskaini zioten, baina, bertara iritsi zenean, ez zuen aurkitu «ez lorerik ez ezer». «Eta hori nire Marokoko etxera gonbidatu nituela, nire familiarekin».

Orduan, Errioxara joatea erabaki zuen. Bere bizitzako esperientziarik okerrenetakoa bizi izan zuen bertan, aldean zeramatzan koadroak lapurtu baitzizkioten. «Nik ez ditut nire koadroak saltzen, niretzako gordetzen ditut, nire legatua delako. Eta, hala ere, lapurtu egin zizkidaten. Egiaz, orain ez ditut nire lanak saldu nahi esperientzia horrengatik. Nire historia gogorra da, eskerrak ni ere gogorra naizen».

Maroko utzi zuen bere herrialdea «ez zelako justua», bizitza hobe baten alde borrokatzeko aukeren esperoan. Alabaina, itsasartearen bestaldean ez zituen esperotako bizi aukerak aurkitu. Orain, langabezian dago. Sukaldaritza atsegin du, eta gustatuko litzaioke ostalaritzan lan egitea. Baina oraingoz ez du ezer lortu, eta, hortaz, margotzeko denbora gehiago dauka, «bederen». Gainera, eskertuta sentitzen da azkoitiarrekin: «Badago herrian pintura denda bat, eta bertako jabeak ezagutzen nau. Badaki ez daukadala dirurik, eta merkeago saltzen dizkit pinturak. Berari esker jarrai dezaket margotzen, asko eskertzen dut hori».

Emakumearen, pobrearen eta migratuaren azaletik pintatzen du Hajjik. Horregatik, deserrian bizi izan dituen bidegabekeriei esker, errazago identifikatzen da «arazoak dituen jendearekin», errefuxiatuekin edo emakumeen eskubideen aldeko borrokarekin kasurako. Bere lanek sekula ez diote ematen arrazoia «justizia ofizialari», pertsonei baizik. «Atzerrian bizi naiz, eta hemen ikasketa asko barneratu ditut. Sentitzen dudana nire pinturan islatzen dut, eta bizi esperientzia pertsonalean antzekotasunak aurkitu ditut beltzekin, emakumeekin, umeekin edo tratu txarrak jasan dituzten pertsonekin, adibidez», dio.

Bidegabekeriak kolorez

Berak margotutako koadro baten aurrean paratu da Hajji. Gizon jihadista batzuk ageri dira, eta, marko berdinean zedarri, Mariano Rajoy Espainiako Estatuko presidentea, Angela Merkel Alemaniako kantzilerra eta Donald Trump AEBetako presidentea. “Zure aurpegia ezaguna egiten zait” da koadroaren izenburua. Zenbait europarrek musulmanekiko dituzten aurreiritziak kritikatu nahi izan ditu, Mendebaldeko agintari batzuk jihadisten pareko bailiran islatuz. «Denak dira berdinak», baieztatu du. Batzuk zein besteak munduaren norabidea erabakitzen duten txotxongiloen soken jabe.

Amorruz eta tristuraz margotzen du Hajjik, pozak ez baitu pintatzera bultzatzen. «Zerbait minez bizitzen dudanean eta nire barnetik ateratzen dudanean, ondo sentitzen naiz –berriki hil duten Gabriel umeari pintatutako lan bat begiratu du–. Gabriel margotu nuenetik, berarekin bizi dut beraren eta bere familiaren dolua. Je Suis Charlie-rekin gertatu zenarekin berdin pasatzen zait, baita suzko itsasoa zeharkatu behar duten migratuekin ere. Horiek guztiek, baita bidean hildakoak ere, bizirik jarraitzen dute nire koadroetan eta oroimenean», azaldu du.

Olioaz margotzen du Fatiha Hajjik, bere obren helburua «legatu» bat uztea delako, eta olioak denboran luze irauten duelako. «Pobrea naiz, olioa erosteak sufrimendua eskatzen dit. Horregatik, bederen, iraun dezatela nire obrek, olioak ez baitu kolorea galtzen», esan du. Euskal Herrian bere pinturengatik oroi dezaten nahi du, bertan momentu zoriontsuak bizi dituelako, eta Euskal Herriko naturak «bizirik mantentzen» duelako.

Kontraesana dirudi Hajjiren beraren bizitzak. Koadro bizi bezain ilunek inguratzen dute, gerrek eta miseriek betetakoak, baina alaitasunez betetako pertsona da bera. Bere koadroak erakusten dituenean berdin gertatzen zaiola dio, jendea asko harritzen dela ezagutzen duenean.

Zumarragako Zelai Arizti kultur etxean jarri zituen bere obrak ikusgai azkenengoz, martxoaren 1etik 11ra bitartean. Izan ere, bere koadroak ez daude salgai, baina edonorentzat ikusgai jartzeko prest dago, «mina elkarrekin konpartitzeko». Zumarragan oso harrera ona izan du eta maiatzean beste erakusketa bat lotu du, Orion. Eta, urrian, Legazpin. «Normalean, nire koadroak bidegabekeriek erasaten dieten pertsonek ulertzen dituzte. Sentsibilitaterik ez dutenek, aldiz, ez dute nire obra ulertzen». •