2018/04/14

Koldo Sagasti
Boikotaren beharra

Pasa den martxoaren 23an, Tel Aviveko Maccabi eta Baskoniaren arteko saskibaloi partidaren atarian, Israelen aurkako nazioarteko BDZ Boikota, Desinbertsioak eta Zigorrak kanpainari atxikitako Gasteizko taldeak eskaera xume bat eraman zuen bertako Udal Batzarrera: Udalak berma zezala hiritarrek esparru publikoetan aldarrikapen zilegi eta legezkoak egiteko duten eskubidea, baita Israelgo ordezkarien kontrako boikota aldarrikatzeko eskubidea ere. PNV, PSE eta PPk uko egin zioten gasteiztarren adierazpen askatasuna bermatzeko eskakizunari. Errefusatutako testuak, halaber, galdegiten zion Udalbatzari gaitzez zitzala Israelek burututako nazioarteko legediaren urraketak eta Tel Aviveko klubak urraketa horiei emandako sostengua.

Patuaren kapritxo makabro batez-edo, handik astebetera Israelgo erregimenak triskantza odoltsua burutu zuen Gazarekiko mugan. Armada okupatzaileko frankotiratzaileak tiroz oldartu zitzaizkien armarik gabeko milaka manifestariri. Hurrengo bi ostiraletako protestaldietan 32 palestinar erail eta 2.500etik gora zauritu zituzten sionistek. Sarraskiak ez du apenas erreakziorik eragin mundu zabaleko erakundeetan.

Gasteizko mozioa emendatu zuen zinegotzietako batek argudiatu zuen bere ezetza esanez giza eskubideen aldeko nazioarteko kanpainak ez direla Udalaren ardura. Baina historiak erakutsi digu, Hego Afrikako apartheid erregimenaren aurkako kanpainan bezala, boikot ekimen global batek bere xedea lortuko badu, eragile guztien konpromisoa behar duela, nazioarteko erakundeetatik hasi eta azken udaleraino. •