Laura Mintegi

Gure nagusiak gerran daude

Harriduraz eta harrotasunaz ikusi dugu nola erantzun dioten jubilatuek Gobernu espainiarraren proposamen iraingarriari pentsioen igoeraren inguruan. Inoiz ez bezalako haserrea eragin zuen Fatima Bañez Lan ministroaren gutunak, eta jubilatuak irainduta sentitu ziren, gutxietsita, inoiz ez bezalako mofa egin zietela.

Astelehenero protestak kateatzen ari dira herri askotako udaletxeen aurrean, azken hiru hilabeteetan. Pertsona nagusiek dioten moduan, beren borroka ez da soilik beraien egoera hobetzeko, baizik eta ondorengoei, gainontzekoei bermatzeko pentsioa duinarekin bizi ahal izango dugula erretirorako unea heltzen zaigunean.

Egia da gaur egungo sistema ez dela mantentzen. Batetik, arrazoi demografikoa dugu. Jubilatuen kopurua handitu egin da eta kotizatzen dutenena gutxitu, populazioaren piramidea inbertitu delako. Bestetik, pentsioetarako hilero ordaintzen den kopurua esponentzialki handitu da, azken urteetan jubilatzen ari diren askok pentsio altuak dituzte urte askoan kopurua handiak kotizatu dituztelako. Azkenik, lan merkatuaren egoera penagarria dugu, ez baitu permititzen pentsioetako kutxara sartzea ateratzen dena baino gehiago. Begi bistakoa da sistemari buelta bat eman behar zaiola.

Rajoyk eta bere Gobernuak diote pentsioen igoera minimoa izango dela gehiago igotzeko dirurik ez dagoelako. Eta gezurra da.

Bat. Gastu sozial guztiak zergekin ordaintzen dira, pentsioak izan ezik. Hezkuntza publikoa ez dute ikasleek ordaintzen eta osasun zerbitzuak ere ez dira ordaintzen pazienteen poltsikotik. Pentsioetarako dirua zergatik ordaindu behar da soilik langileen aportazioekin? 1995era arte ez zen bereizten pentsioen kutxa aurrekontu orokorretatik. Loturik zeuden.

Bi. Dirua egon badago, baina, aldiz, beste gauza batzuek dute lehentasuna. NATOk behartzen ditu estatukideak BPGren %2 gastatzera ekipamendu militarrean (23.273 milioi euro). Hau da, urtean pentsioetarako gastatzen denaren bostena.

Hiru. Pentsio plan pribatuak egitera bultzatzen du Gobernuak. Bankuentzat negozio eremu ikaragarria da, kontuan hartuta Estatuak urtero 110.000 milioi gastatzen dituela pentsioetan. Kopuru handi horiek bankuek kudeatu nahi dituzte, diru-iturri itzela direlako. Banku horiek beroiek dira, hain zuzen, Gobernuak erreskatatu zituenak, eta ez zen merkea izan: herritar guztiok 77.000 milioi eman genituen. Errekuperatu, %20 bakarrik errekuperatu ei da, eta 60.600 milioi euro galdu dira.

Lau. Ez da egia Espainiak gehiago gastatzen duela pentsioetan beste herrialde batzuek baino. Esaterako, Italian edo Frantzian baino 4 edo 5 puntu gutxiago gastatzen du.

Bost. Pentsioen kutxan 66.815 milioi zeuden 2011n, eta 2017ko abenduan bakarrik gelditzen ziren 8.095 milioi, BGPren %0,73 baino ez. PP alderdia Gobernura heldu zenetik, pentsioen kutxa %87,88 jaitsi da. Aurten ezohiko pentsioak ordaintzeko (abendukoa eta uztailekoa) 15.000 milioiko kreditua eskatu behar izan du Gobernuak, kutxa hutsik ez uzteko.

Konklusioa. Gure nagusien gerra ez da gure nagusiena soilik. Sistemari ez bazaio buelta ematen, irizpideak ez badira aldatzen, ezin badugu erabaki zertan gastatu eta zertan ez, hurrengo belaunaldiak ez du izango oinarrizkoa den zerbitzu soziala, eta 60 urte egingo dugu atzera ongizatearen gizartean. Nagusien gerra gure gerra ere bada, 1.080 euroko pentsioaren aldeko borrokan. •