Ula Iruretagoiena Busturia - @ulissima5
Arkitektoa

Lurraldea, herria, paisaia

Izenburuan jasotako hiztegiko hiru hitzen arteko txirikordekin korapilatu nahiko nuke Aberri Egunaren biharamuna: lurraldea, herria, paisaia. Herri bat bizileku baten inguruan gorpuzten dela bistakoa da; lekutze fisikoan –lurraldea– antolaketa kolektibo bat gauzatu behar da indibiduoen artean bizitza aurrera eramateko. Hau da, proiektu politiko bat. Lurraldean, gainera, herri bateko belaunaldiek bizitako gertakari historikoen eta ikuspegi kulturalen arrastoak daude, eta kapa gainjartze horiek estatu antolaketa batek nongotasun ideia abstraktu batera eramaten ditu –aberria–. Horrela josten dira lurralde antolaketaren eta herriaren arteko sintaxi politikoak.

Lurralde batean bizi den herriak bere identitatea gorpuzteko lurraldearen iruditeria amankomun bat eraiki ohi du, lotzen gaituen «horrek» lurraldearekiko atxikimendua eta identitate kolektiboa irudi bisual eta pertzeptibo bateratua izan dezan. Oso esanguratsua da XIX. mendean aberrien ideia asmatzen denean estatuek martxan jarri zuten propaganda-tresna. Zerabilten arma (besteak beste): argazkilaritza.

Argazkiak, margoarekin alderatuz, errealitate konkretu baten kontakizun bisual bat jasotzen du irudi bidez. Aberria sortzen dihardutenak, lurraldearen iruditeriak indar aglomeratzaile bezala izan dezakeen boterearen jakitun dira. Argazkiak erretratatzen duen lurraldea, bere neutraltasuna galtzen duenean eta lurraldea begiratzeko ikuspegi zehatz batekin eraikitzen denean, paisaia kultural bat izango da aberriaren izenean.

Joan Nogue katalanak paisaia eraikuntza sozial bat dela dio. Paisaia lurralde batean dauden elementu fisikoen artean (naturalak eta artifizialak) sortzen den kode kultural baten ulerpena da, eta, beraz, bere balorazio estetikoa eta herri batekin egiten dugun lotura, begiradaren heziketaren ondorio zuzen. Noguek Kataluniako kasua ikertu du, estatuak bi garai ezberdinetarako bi lurralde-paisaia eraiki zituela azalduz; batean Pirinioetakoa gailentzen zen, eta, bestean, Mediterraneokoa. Erreferentziazko paisaia arketipikoetan lurraldea eraikitzen dugula salatzen du Noguek, eta arketipo horiek ez dutela gaur egungo paisaiarekin zerikusirik. Aldirietako paisaiak ezereztatu eta, kasu askotan, estigmatizatzen ditugula.

Paisaia arketipiko eta gutxietsien kritika gurera ekar dezakegu. Euskal paisaiaren erabilera baldarra, propaganda turistikoan edo euskal produktuen publizitatean aurkitzen dugu. Kostaldeko labarrak edo mendialdearen berdetasuna irudikatzen zaizkigu hiritartasunaren ordez, poztasun adierazpen diren behiak herritarren ordez. Horrek posible egiten du, esaterako, flyschen ondoan dauden industriaguneak ikusgai ez izatea gure begirada nostalgikoarentzat. Itsutasun horrek desfase bat marrazten du aberritasunak puztutako paisaia-iruditeriaren eta euskaldunon egunerokotasunean bizi ditugun paisaien artean. Irudi idiliko horiek gure errealitatetik urrutiegi daude, eraikuntza fikzionalak dira. Katalunian bezalaxe, herriaren eta lurraldetasunaren eraikuntzan paisaiaren eraikuntza sozialari garaikidetasuna emateko premia dago. •