Beñat Gaztelumendi
Bertsolaria

Hizkuntzak

Hizkuntza menderatzen duenak mundua menderatzen du». Horixe esan didazu udaberriko lehendabiziko eguzki printzek goxatutako kale ertz honetan, brontzezko mapari begira. Europako Hizkuntzen Mapa seinalatzen didazu hatzez, lehen kendua eta berriz jarria. Eta estatuen Europa harrizko eta mugiezinarekiko hain ezberdina den geografia horretan hoskera ezberdinak ikusi dizkiot muga-tarte bakoitzari. Eta mugak ere, beharbada, ez direla hain muga pentsatu dut, hizkuntzen arteko lerroak ez direlako plano batean konpasez egindako marra perfektuak bezain itxi eta markatuak. Lausoa delako bi hizkuntzen artean bizi den hiztunaren hautua, ohitua baitago mugaren bi aldeak bere baitan bizitzera.

Eta ni nire barneko diglosiak eta elebitasunak errepasatzen ari nintzela berriro esan didazu, «hizkuntza menderatzen duenak mundua menderatzen du». Eta ume garaiko egun haiekin oroitu naiz, ikastolatik bueltan egunero motxilan hitz berri bat sartuta iristen ginen arratsalde haiekin, eta nola hitz bakoitzaren aurkikuntzak leiho berriak zabaltzen zizkion gure pentsamenduari, lehen izenik ez zuten bazterrak izendatzeko indarra ematen zigulako. Hiztegiekin obsesionatu ginen garaiak izango ziren; irakurtzen ikasi berritan definizioz definizio jauzika ibiltzen ginenak. Hiztegigileak jende garrantzitsua zirela pentsatzen nuen orduan, beraiek asmatutako hitzak zirelako gero denok erabiliko genituenak; hiztegigileak hitzak asmatzeaz gain gai zirela definizioak ere asmatzeko, eta behin hiztegi batean “maitasun” hitza agertutakoan “maitasun” hitzak denontzat esanahi bera hartuko zuela; esanahi bera hartuko zuela “askatasun” hitzak, esanahi bera “zorion” hitzak. Gerora ulertu nuen hitzak ez zirela horrela sortzen, jada ahoz aho zebiltzanak zirela hiztegiek biltzen zituztenak.

Inguruan paseoan dabiltzanei erreparatu eta bakoitzaren ahoko hiztegi bizidunak arakatzen aritu naiz. Eguraldiaz mintzo da jendea, Realaz, krisiaz, Altsasukoaz, Kataluniaz. Berrogei bat lagun igaro dira maparen paretik, eta horietatik zortzi ari ziren euskaraz. Eta zure esaldia oraindik barruan bueltaka nerabilela pentsatu dut ezetz, alderantziz dela, mundua menderatzen duena dela hizkuntza menderatzen duena; hizkuntza bat edo beste aukeratzeak nortasunetik adina duela boteretik; agintzen duena dela agintea ze hizkuntzatan ariko den erabakitzen duena; ze hizkuntzak izango duen bere bueltan antolatutako estatu bat eta ze hizkuntza bihurtuko den apaingarri huts, folklore fosildu eta edukiz hustutako hitz eta doinu sorta erabakitzen duena.

Zuk baietz egin didazu buruarekin, baietz baina ezetz. Hori hala izanik ere, hizkuntza dela gure pentsamenduari forma ematen diona, emozioak gorputzetik ateratzen dituena eta, beraz, hizkuntza menderatzen duenak mundua, edo norbere munduaren zati bat behintzat menderatzen duela. Hizkuntza dela memoria eta sormena gurutzatzen diren lekua, hitz bakoitza aho askok moldatua, apurtua eta asmatua dela, ez dagoela gatazkarik gabeko hitzik eta esamolde neutrorik. Baina kantuak zihoen bezala, hitzak ere trapuak dira, haizerik ez badabil. •