Xabier Izaga Gonzalez
infraganti

JOSUNE VELEZ DE MENDIZABAL

Kazetaritzan 20 urtez jardun ondoren, irakaskuntzan saiatu ostean, enplegua erregulatzeko espediente batek kalean utzi eta gero, gordean zuen gogoa agertu eta antzerkiari heldu zion osoki. Nisune da, Josune Velez de Mendizabalek idatzitako «Oingoan bai» obraren antzezlea. Hurrengo hitzordua, Gasteizko Zabalganan, maiatzaren 13an.

Bizitzak hainbat aukera ematen dizkigu», dio Josune Velez de Mendizabal aktore gasteiztarrak. Aukera horiei heltzen jakin beharra dago, ordea, eta berak badakiela erakutsi du, ikasi egin duelako. Duela urte bi Artedrama Arte Eszenikoen Plataformaren topaketetan egon zen ikasle, eta aurten ez zutela ikasle gisa nahi esan zioten, aktore gisa baizik. Pozik, oso pozik itzuli zen Aulestitik hilaren hasieran, “Oingoan bai” lana antzeztu ostean. Berak idatzitako obra horren hazia Baratza aretoko Zurrunbilo euskal sortzaileen gunearen lehen edizioan aurkeztu zuen. Asteburu honetan bere hirugarren edizioa egiten ari den jaialdiak euskarazko mikroantzerki piezak aurkezteko aukera eskaini ohi du, eta, Josunek, «momentua huraxe zela iritzita», 15 minutuko pieza eraman zuen duela bi urte. Ondoren, Baratzak eman zion beka baliatuta, mikroantzerki hura garatu egin zuen, 42 minutuko obra bihurtu arte.

Nisune

“Oingoan bai” ez da monologo bat, pertsona bakarreko antzerkia baizik, Josune Nisune bihurtzen denean antzezteko sortua. Mundua bizilagun baten begien bidez ezagutzen duen emakume baten istorioa da, eta dagoeneko hamar bat bider antzeztu du.

EAT Eszena Arte Tailerrean bi urte eman zituen Josunek. Musika-antzerkia egiten hasi zen, astean egun batez, eta Hannah Welhanekin ingelesezko antzerkia. Ondoren, aktore prestakuntzari ekin zion, hiru ordu arratsaldero, goizez irratian lan egiten baitzuen. Baratza aretoa ireki zutenean, hara jo zuen. Bertan, dioenez, testuari baino gorputzari gehiago erreparatzen diote, sorkuntza prozesua gorputzetik hasten da, eta oso aberasgarria iruditzen zaio bi bideak uztartzea.

Iaz, berriz, EHUn aktore prestakuntzako Titulu Propioa atera zuen Josunek. Horrez gain, Frantziako eskola batean, Eneritz Artetxerekin, Pablo Ibarluzearekin, Euskal Herriko pisuzko zuzendari, dramaturgo eta aktore askoren ikastaroetan, Baratzan… jarraitu du etengabeko prestakuntza.

Antzerkiarekin izan zuen lehen harremana 18 urte zituela izan zen, unibertsitatera sartu zen udan. Hilabeteko esperientzia. Eta pentsatu zuen hori «hobby bat baino ez» zela. Ez zuen imajinatu ere egin hogei urteren buruan gordean eduki zuen gogo hori atzera berriro agertuko zitzaionik. Baina ordu arte egindako lan guztietan «beste zerbait» falta zuela nabaritzen zuela dio.

Lehenago, ibilbide luzea egin zuen kazetaritzan. Ikasketak bukatu eta berehala hasi zen lanean, bekadun, garai hartako “Periódico de Álava” egunkarian. Ondoren GARAko Kultura sailean sei urte eman zituen, eta GEU Elkartean kultur ekintzak antolatzen eta elkartearen aldizkarian kazetari. «Betiere, kultura munduan». Euskadi Irratian, ordezkapen bat egiten hasi eta zortzi bat urtez luzatuko zitzaion egonaldia. Denbora horretan eszedentzia bat tartekatu zuen, ordea. Eitb.eus atarian lan egiten zuen garaian izan zen.

Bilbora joan behar zuen egunero eta hiri hari «etekin handiagoa» ateratzearren, goizez lan egiten zuen eta arratsaldez Irakasle Eskolan ikasi. Bi urteko eszedentzia eskatu zuen, bat karrera bukatzeko, Erasmus Programarekin Austria eta Londresera joan baitzen, eta bigarrena irakaskuntzan proba egiteko. Hala ere, itzuli zenerako krisiaren gordina nabaritzen hasia zen eta urte hartan ez zioten eskolak emateko deitu. Umeentzako eskolaz kanpoko jarduerak eta ingeles eskolak eman zituen, baina ez zuen irakaskuntza arautuan probarik egiteko aukerarik izan. Irratira itzuli eta enplegua erregulatzeko espediente batek harrapatu eta kalera bota zuen. Kalera, edo antzerkira bete-betean, orduan, EiTBko ordezkapenei eutsi beharrean, antzerkiari aukera ematea erabaki baitzuen.

Komunikazioa helburu

«Baten batek pentsa lezake kazetaritzak, irakaskuntzak eta antzerkiak elkarrekin zerikusirik ez daukatela, baina nik uste dut baietz; azken batean, hiruren helburua komunikazioa da-eta», dio Josunek. Pertsonaia bihurtu eta pertsona desberdinak izateko aukeraz gainera, antzerkiak emozioak transmititzeko aukera ematen duela dio. «Transmisio horrek zenbait tresna dauzka, eta, batzuetan, hitzez iristen ez dena, gorputzaren bidez iristen da».

Josunek ez du umeentzako antzerkirik egiten; hala ere, umeek bere lana oso modu onean hartu dutela ohartu da. Aulestiko aretoan ume asko ikusita, aspertu eta builaka hasiko ziren beldur atera zen agertokira, baina ez zen halakorik gertatu. Isilik eta arretatsu egon ziren, zer gertatuko zain. Oso kontuan hartzen du publikoaren erantzuna, baita eskertu ere, lana osatu arte zalantza asko argitzen dizkiolako, eta erantzun horren arabera zenbait gauza aldatuz joaten da.

Baratzan ikasle zela, Parasite Kolektiboak azaroan Nazioarteko Antzerki Jaialdian estreinatu zuen “Jokoa” obran parte hartzea eskaini zioten. «Kristoren oparia izan zen». Eta talde horrekin jarraitzen du obra hori antzezten. Baratzako banaketa edo zabalpen lanez ere arduratzen da. Etxean sentitzen da, «familia polita ikusten dut hemen». Parasite Kolektiboaren ondoan profesionaltasunerako bidea har dezakeela uste du. Halaber, Pez Limbo taldean ere badihardu, komunikazioan. Ate asko zabalik topatu ditu aurten, eta horrek sinetsarazi dio baduela aukera mundu horretan aurrera egiteko.

“Oingoan bai” obra «barrutik» atera zitzaion, «euskaraz». Koherentzia eta konbentzimendu puntu batekin. Jende askok galdetzen dio euskaraz bakarrik egiten duen, eta berak pentsatu ohi du gazteleraz bakarrik balitz, galdetuko ote lioketen euskaraz ez al duen egiten. Edonola ere, dioenez, euskaraz ez dakien batek ere ulertzeko moduko lana da. Izan ere, bere erronka, «emozioak komunikatzea» da.

Josunek aspaldiko harremana izan du futbolarekin, edo futbolariekin. Haren aita Alaveseko jokalaria izan zen. «Aitari ez diogu hainbesteko garrantzirik ematen, beharbada garaiagatik. Orain futbola guztion ahotan dago… eta igual horregatik ez zait asko gustatzen, enpresa handi bat da, guztiz neurriz kanpoko ikono batzuk, mito batzuk saltzen dituena». Ezagunagoa da, ordea, haren neba Iñigo, besteak beste Eibarko eta Athleticeko jokalari izandakoa. Txikitan Gasteizko Aurreran hasi zela gogoratzen du Josunek, eta garai hura du gogokoagoa, beheko kategorietako futbola, bera ere partiduetara joaten zenekoa. Josune Bilbon zegoen neba Athleticen zegoenean, eta han sumatu zuen Bilbok daukan zaletasuna eta konturatu zen zer-nolako presiopean bizi behar duten jokalariek. Inoiz San Mamesera joan zen neba ikustera eta bertan pentsatu zuen bera ezingo litzatekeela zelaian egon; «hori bertsolariak ikustean ere gertatzen zait». Argi du futbolarekiko harremanak txikitako oroitzapenak direla.

Maiatzaren 13an Nisune Gasteizko Zabalganako gizarte etxean izango da, Auzo Eszena programak gonbidatuta. Ez dugu lehenago ikusteko aukerarik izan, baina, “Oingoan bai”. •