Isidro Esnaola

Nazioarteko esku hartzea aldatu zuen gerra

Orain dela 50 urte Nigeriako Biafra eskualdea mundu osoan ezaguna bihurtu zen. Nigeriako hego-ekialdeko lurralde horretan igbo etnia altxatu egin zen eta Biafrako Errepublika aldarrikatu zuen. 76.000 kilometro koadro zituen eskualdeak eta bertan 13 milioi pertsona bizi ziren, erdiak igbo etnikoak. 1967tik 1970 arte iraun zuen Errepublika sortu berriak, oso baldintza kaskarretan. Nigeriako Gobernuak blokeo gogorra ezarri zuen, eta, hainbat iturriren arabera, 800.000 eta milioi bat pertsona artean hil ziren gatazkan, gehienak gosez. Azkenean, matxinoek amore eman behar izan zuten.

Iritzi publikoarentzat gatazka hura, beste asko bezala, oharkabean pasa zitekeen. Ez zen, baina, horrela gertatu: Biafrako gerrak mundu mailako oihartzuna izan zuen. Gerora jakin da erreboltariek harreman publikoetako agentzia bat kontratatu zutela beraien borrokaren inguruko atxikimenduak biltzeko. Agentzia hori Genevako Markpress izan zen. Enpresa horrek matxinatuekin batera jendartean eragiteko eta atxikimenduak lortzeko aldaketa asko bultzatu zituen.

Ordura arte nazioarteko esku hartze bat justifikatzeko ohikoak ziren diskurtsoak baztertu zituen Markpressek. Albo batera utzi zituen argudio pragmatikoak, estatu interesekin lotutakoak, esate baterako, lurraldea menderatzea estrategikoa zela edo tirano bat hiltzea, erditik kentzea, beharrezkoa zela. Horien ordez, argudio humanitarioak erabili zituen. Interes oro baztertu eta ikuspegi etikoa landu zuen. Egoera larrian dagoenari, eskuzabal, laguntza eskaini behar zaiola izan zen mezu nagusia. Diskurtso aldaketarekin batera, jende xumeari, kausa noble bat babesteko ekintzetara pasatzeko gonbita etorri zen. Beste berrikuntza batzuk ere izan ziren, gosez hitzen ari den ume baten irudia erabiltzea kasu. Gerora asko zabaldu den hitz bat ere Biafrako gerran hasi zen erabiltzen: “genozidioa”.

Mendebaldeko herriek atzerrian diktadoreak laguntzeko esku hartzearen ideia nahiko ukituta gelditu zen iritzi publikoaren aurrean. Helburu berria bizitzak salbatzea zen, izan ere, horrek nagusitasun morala ematen zuen. Testuinguru horretan sortu ziren gaur egun ezagunak diren nazioarteko erakunde humanitario gehienak: Oxfam, Mugarik Gabeko Medikuak, eta abar.

Dena den, zioak aldatu baziren ere, esku hartzaileen pentsamoldea ez zen aldatu. Inperialistek uste zuten, beren boterea erabiliz, tokian tokiko egoerak hobetzeko gai zirela. Antzeko sinesmena zuten erakunde humanitarioek, baina, aldiz, bitarteko ezberdinak. Azkenon ustez, arrazoi zuzenengatik pertsona egokiei laguntzea zen gakoa. Hori bai, beraiek zehazten zuten zeintzuk ziren arrazoi zuzenak, baita zeintzuk ziren pertsona egokiak laguntza jasotzeko ere, laguntzaren jasotzaileei tutik esan gabe, jakina. Diskurtso eta praktiko horiek gaur egun arte iritsi dira. Emaitza batzuk lortu zituzten, baina baita porrot asko ere. Egun, bi joera nabaritzen dira. Batetik, Mendebaldeko herrien kanpo esku hartzeek gero eta justifikazio gutxiago behar dituzte. Erakunde multilateralen eraginaren gainbehera bistakoa da, eta, aldiz, interes hutsean oinarritutako argudioak indarra hartzen ari dira esku hartzeak zuritzeko. Bestetik, erakunde humanitarioen dekadentzia dago. Herri batzuetan debekatu egin dute beren jarduna bestelako helburu politikoak bilatzen dituztelako; eta, Mendebaldean, izan dituzten praktika txarrengatik kritika gogorrak jaso dituzte. Humanitarismoaren diskurtsoa jada ez da baliagarria. •