Erloju baten barrenean jaio zen
Erloju baten barrenean jaio zen. Tik-tak, tik-tak kulunkatzen zen bere sehaska, eta erritmo automatiko horrek lokartzen laguntzen zion. Handitzen joan zen eta une bat iritsi zen jada ez zituena orratzen pausoak aditzen. Bihotz taupadak bezala, badakigu hor daudela, etengabe, baina normalean ez ditugu sumatzen.
Koxkortu zenean, amari erlojuaren makinariari olioa ematen laguntzen hasi zen. Garbitzen ere ibiltzen zen, eta zerbait puskatzen bazen, konpontzen ikasi zuen. Gaztetxotan, erlojuaren zirkuluaren eta oinarriaren artean zegoen balkoian jarri eta geltokira so egoteko ohitura hartu zuen. Luze egoten zen han, lanik ez zuen tarteetan, inurriak bezala hara eta hona urduri mugitzen ziren bidaiarien gainean. Aunitzek begiratzen zioten, obsesiboki batzuetan, behin eta berriz, baina inork ez zuen ikusten.
Hala pasatu ziren, tik-tak, tik-tak, segundo, minutu, ordu, aste, hilabete eta urteak. Halako batean bidaiari baten begiak bereekin gurutzatu ziren arte. Elektrizitatea gorputzean. Orratza geldirik. Geroztik, bi segundoko atzerapena du erlojuak.
Egunero itxaroten zuen bidaiaria, kanpaiak hamabi aldiz jotzean. Bidaiari hau ez zen bertzeak bezalakoa: ez zen presaka ibiltzen. Eta beti joaten zitzaion eskapo trena muturren aitzinean. Nahita egiten zuen. Orduan, eseri eta zerbait jaten zuen, edo liburu bat zabaldu, edo bertzerik gabe egon. Eta, orratza bi segundoz gelditu zenetik, beti-beti agurtzen zuen begi kliska batekin. Egun batean, eskuarekin keinu bat egin zion, jaisteko, etortzeko berekin, eta erlojuko bizilagunak kasu egin, eta geltokitik atera ziren biak. Hala deskubritu zuen, erlojutik at, denbora dela dugun guzia. •


