Maider Iantzi Goienetxe
infraganti

AMELI IPUINEN JOSTUNE

Ilusioa, freskotasuna, irudimena, ausardia... Ezaugarri aunitz transmititzen dituzte Amaia Elizagoien eta Irati Celestinok ipuin kontaketa musikatuetan; baita horietatik kanpo ere. Baikorrak denak. Agurtzean, gibelera begiratu, eta elkarri helduta kontent ikusi ditugu hurrengo emanaldira bidean. Gu ere irribarrez, jasotako guzia ongi islatzeko gogoz.

Ostiral arratsalde bero batez bisitatu du Ameli Ipuinen Jostunek Berako liburutegia. Eskailera batzuk bota pare batekin eta bola koloretsuekin. Kuxinak, kutxa misteriotsu bat eta kapela bat txokolatezko txanponez beteta. Nahikoa txikiak –eta inguruko helduak– istorio harrigarrietan barneratzeko. Irati Celestinoren gitarrak eta Amaia Elizagoienen kontakizunak, ahots ezberdin, keinu eta kantuz lagunduta, klima goxo eta berezia sortu dute. Bien arteko konplizitatea agerikoa da, eta publikoarena lortzeko ez dute minutu bat behar izan. “Txanpon baten truke” obra eskaini dute, egun berean Oronozen, Elizagoienen herrian, estreinatua.

Laburxeago egin dute Beran, entzule taldea txikiagoa delako eta kontzentrazioa mugatzen duelako horrek. Bukatzean, erabilitako materiala probatzen gelditu dira haurrak: itsasoaren soinua egiten duen tresna, trumoiarena, danborra... Besarkada batekin eskertu die lana neska txiki batek, eta atzetik joan zaizkio kide guztiak. Kontu kontari egon dira eta gero, emanaldirako propio prestatutako soinekoak kendu, arropa erosoa jantzi eta terraza batean eseri dira gurekin.

Sorkuntza, biek batera

Kultur etxe eta liburutegi, ikastetxe, gaztetxe, zahar etxe, ospitale, euskaltegi… hainbat plaza konkistatu ditu 23 urteko artista pareak. Aurten jada lau obra berri aurkeztu dituzte. «Sortzean, mezuari ematen diogu garrantzia. Zein gai landu erabakitzen dugu. Gero ipuinak aukeratzen ditugu, nik sortuak edo gustuko ditugunak, eta jarraian zein kantu sartu eta non pentsatzen dugu, letrak moldatzen ditugu», agertu du Haur Hezkuntza ikasten ari den eta bertsolari ere baden oronoztarrak.

«Hilabetean behin, Irati nire etxera etortzen da, Gasteizera, eta astebetez sorkuntza eta entsegu intentsiboa egiten dugu. Oso inportantea da sormen prozesua elkarrekin egitea, lotura estuagoa sortzen delako eta errazagoa delako lana. Egiten duguna da biok esaten dugulako, saltoka: ‘Hau bai! Badugu obra!’».

Haurrak euskal musikaren kultura galtzen ari direla ohartzen dira, eta transmititzen saiatzen dira. 0-3 urte bitarteko umeekin hitz jolasak, sehaska kantak, aho korapiloak, behatzeko txotxongiloak eta gaur ikusitako materialak (trumoia, euria…) baliatzen dituzte. Ipuin nahiko sinple eta bisualak kontatzen dituzte, gero gurasoek etxean egiteko. Sentsorialak ere bai, masajeekin.

Obra guztietan dago gitarra. Batzuetan saxofoia ere bai, Irati Celestino iruindarra saxofonista baita Psikologia ikasleaz gain. Pianoa ere jotzen du Txantreakoak. Aldatzen eta lan bakoitzari bere ukitua ematen ahalegintzen dira, publikoari zirrara sortzeko.

«Entzuleak gero eta gazteagoak dira eta arazo handia da hori. 7 urtetik goiti arras ume gutxi etortzen dira. Hortaz helduekin ere lan egitea gustatzen zaigu, ematen baitu Haur Hezkuntzan bukatzen dela ipuinen mundua eta ez da horrela. Sekulako material ona dago hortik goitikoendako ere», azpimarratu dute.

Ipuin kontalari gehienek denborak laburtu dituztela erantsi dute. «Kontuan hartu behar da azken urteetan teknologia berri pila sartu dela eta, haurra erritmo azkarrera ohituta badago, gu oso geldoak gara horren konparaketan». Obrak hagitz prestatuak dituzte baina malguak dira publikoaren beharretara moldatzeko.

«Lehenengo aldia»

Aitortu dutenez, zailagoa da helduengana ailegatzea. «Baina lortzen dugunean, nahiz eta sarri entzule gutxi egon, pila bat gozatzen dute, eta guk ere bai. Ipuinak bizitzen dituzte espero ez duten moduan».

“Lehenengo aldia” izena du institutuetan eskaintzen duten umore eta dramazko obrak. «Agian hoberen funtzionatu duen lana da. Leitzan hasi ginen. Hamar bat saio egin genituen hiru egunetan. Gure baldintza da irakasleak ezin direla sartu. Berdinetik berdinera joaten gara. Irakasleek ez zuten sinesten funtzionatuko zuenik euren autoritaterik gabe. Eta bat-batean ikasle pila bat negarrez atera ziren, obrak puntu horretara eramaten zaituelako. Hutsuneak lantzen ditugu eta bakoitzarenak idaztera gonbidatzen ditugu. Irakasle bat etorri eta ea liskarra izan genuen galdetu zigun. Ez, ez, obrarekin hunkitu dira…».

Gaien artean, zakilaren tamainarena lantzen dute eta aunitzek idatzi zieten: «Milesker, egiatan kezkatua nengoen ez zaidalako oraindik handitu. Gimnasian gaizki pasatzen dut eta orain ulertu dut prozesu bat dela eta handituko zaidala, eta, nahiz eta ez izan hain handia, ez dela ezertxo ere pasatzen».

Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako ikasleen halako hausnarketak jasotzeak hunkitu egiten ditu. Emanaldiro negarrez bukatzen dute biek.

Elizagoienek inolako taburik gabe solas egiten die gaztetxoei, adibidez, emakumeen orgasmoaz. «Guk behar izan genuena kontatzen dugu».

Institutu batean ipuin kontaketa bat egin behar duzula erratea ez da erraza. «Aspertuko gara» pentsatzen dute ikasleek. Eta gero ondokoari «isildu, isildu» eskatzen diote. «Izugarria da nola aldatzen diren ordu batean. Zizurren egin dugu azkena, Batxilergoko ikasleekin. ‘Ez genuen hau espero ezta ametsetan ere!’ esaten ziguten. Bukatzean mutil batek aitortu zigun: ‘Beti nahi izan dut narratzaile izan eta orain badakit zuek bezalakoa izan nahi dudala’». Hogei bolotik goiti egin dituzte “Lehenengo aldia”-rekin eta segitzen dute. Adinera egokitzen dute.

Celestinorekin bikotea osatu aitzinetik, Olaia Intziartek jartzen zien musika Ameliren ipuinei. Intziarte eta Elizagoien “Zazpiak oihal batetik” obra eskaintzen ari dira helduentzat, Lankuren bidez. Baserrian jaiotako zazpi ahizpa dira protagonista, testamentuagatik haserretuak. Urte aunitzetara berriz elkartzen dira baserrian. Euskal Herriko emakume ezberdinen prototipoak lantzen dituzte.

«Eta Amaia da horietako emakume bakoitza! Aktore papera egiten du», dio Celestinok. «Bi pertsonaia bizkiak dira eta hitza hartzen duten zatian Olaia eta biok bata besteari bizkarra emanda jartzen gara eta poema berbera errezitatzen dugu baina datu batzuk aldatuta. Prostituta baten eta gerra kazetari baten testigantzak dira eta biek sentitzen dute berbera».

Ez zaie ideiarik falta. Oronoztarrari izugarri gustatzen zaio mundu hau. Txantrearra berriagoa da baina bete-betean sartzen ari da. «Musika hobby gisa nuen, eta, Amaiak aukera hau eman zidanean musikaz bizi ahal izateko, erakusten ez dizuten bide bat izan zen. Ikaragarria da». Elizagoinek onartu du laguna jotzen aditu gabe aukeratu zuela, inor ez zitzaiolako proiektua kontatzerakoan hainbertze hunkitu. «Zorte handia izan dut», dio. «Nik ere bai», kideak. Arras ilusionatuak daude lau haizetara zabaltzeko.

Orain badoaz hurrengo geltokira, Gasteizko Errekaleorrera, “Munduko emakumeak”-ekin, Errusia, Afrika, Latinoamerika, Siria eta Euskal Herriko istorioak kontatzera. Edozein plazatan topatuko dituzu, baita Ipuinkontalaria.eus atarian ere. •