Juantxo EGAÑA

Errobiko uretan igerian, XX. mende hasieran

Bertako izeneko zubia Baionako erdialdean dago. Zenbait historialariren arabera, hiriko zaharrena da eta hainbat aldiz berreraiki izan dute, Errobiko uren triskantzak tarteko. Harrizko zubi berria egin zutenean, XIII. mendeko zurezko piloteak eraitsi zituzten. Egile ezezagun batek XX. mendearen hasieran egindako irudi freskagarrian ageri diren igerilariek zubitik salto egiten dute, lehiaketa batean parte hartuz nonbait, inguruan ikusle ugari dituztela. Ezkerreko aldean merkatu zaharreko kantoia ikusten da. Argazkia Baionako Euskal Museoaren funtsekoa da. Museo horrek, 1860 eta 1930 bitarteko 5.000 iruditik gora ditu, positiboak eta negatiboak batuta. 1924an fundatuta, Baionako merkatari baten etxe zaharrean dago, Dagourette izeneko XVII. mendeko eraikin ederrean.