Nekane Zinkunegi Barandiaran

Gure belaunaldiaren leihotik

Hirurogei urte igarota, ETA erakundeak amaitutzat eman berri du ibilbidea. Batzuk umezurtz sentituko dira, hutsunea utziko die, eta halaxe aitortuko dute. Beste zenbaitek datorren eran hartuko dute, bukatu behar zuela pentsatuta. Asko izango dira bukatzeko moduarekin konforme ez daudenak, izatez, modua baino, bukatzea bera axola zaielako, komeni ez zaielako. Zenbaitek, gehiegi ezagutu ez arren, nostalgiaz biziko du, kontatu diotenaren araberako mitoa eraiki duelako. Izango da ilusioz hartuko duenik ere, ziklo aldaketa zerbait berriaren seinaletzat duelako.

Laurogeita hamarreko hamarkadan jaiotakook euskal gatazka izendatu den horren aldaera bat baino gehiago ezagutu ditugu. Jardun armatuaren presentziarekin bizi izan gara: umetan oso ongi ulertzen ez genuena estrategia baten barnean kokatzera eta argudiatzera eraman gaitu gaztetako militantziak, adibidez.

Horren baliagarritasunaz zalantza egiteko aroa etorri denean, berriz, eztabaidatu, arrazoitu eta ulertu dugu estrategia politiko soilerako urratsa zela egokiena. Eta horren pedagogia egitea zegokigula.

Belaunaldi berak ikusiko du nola amaituko den aro bat, ia naturaltasunez, ia ezinbestean. Biziko garenaren herena inguru markatu du aro horrek. Aurreko hamarkadetako zauriak geure azalean ere sentitu ditugu.

Bide horretan, ordea, jendearekin egin dugu topo. Bere bizitza erabat baldintzatzeko zalantzarik egin ez zuen jendearekin. Gurasoek zalantzarik egin ez zutelako baldintzatuta jaio ziren adinkideekin. Eta baldintzatuta bizitzetik ikasi dutenari esker, bestelako etorkizuna eraiki beharraz konbentzituta daudenekin. •