Amagoia Mujika Telleria
BARRETARTIA

Umore zerbitzuak, umoreari merezi duen tokia eta prestigioa emateko

Umore giro bizian hazi da –aitak eta amak jositakoa–, umore sorkuntza bete-betean ari da azken urteotan eta, orain, umore zerbitzuak eskaintzea erabaki du. Idoia Torregarai Martijak garbi dauka umorea egunerokoan erabiltzeko «aparteko estrategia» dela eta giza gaitasun hori lantzeko bideak zabaltzea du erronka.

Idoia Torregarai Martija usurbildarra kazetaria da ikasketez, UEUko komunikazio-arduraduna lanbidez eta umorezalea arimaz. Betidanik umoreari estu lotuta egon da. «Aita txiste-kontalari maitatua zen Usurbilen eta ama ezagutzen dudan pertsonarik optimistena da». Etxetik datorkio, beraz, umorearekiko gertutasuna eta azken urteotan gero eta estuago lotzen ari da umorera.

2012. urtean Barretartia bloga jarri zuen martxan. Geroztik, umorearen inguruko ikastaroak eskaintzen aritzen da eta hainbat kolaborazio egiten ditu komunikabide desberdinetan, guztiak umore hariz josiak. Hori guztia gutxi ez, eta Mirari Martiarenarekin batera oholtzara eta jendaurrera agertu da azken hilabeteotan “Bakean dagoena bakean utzi” emanaldiarekin.

«Azken urteotan umorearekin harremana estutzen joan naiz alde askotatik. Hori guztia ordenatzeko eta zerbait eskaintzeko beharra sentitzen nuen eta, azkenean, ausartu eta salto egitea erabaki dut». Horrela azaltzen du Torregaraik Barretartia Umore Zerbitzuak proiektua piztu duen txispa. “Zerbait” egin behar horrek, baina, norabide garbia dauka: euskara, umorea eta generoa zutoin bezala jarrita, umorea prestigiatzeko beharra eta nahia. «Nik nire burua umore aktibistatzat hartzen dut eta barren-barrenean sentitzen nuen umorea ezagutzera emateko eta umoreari merezi duen prestigioa emateko toki bat sortzeko beharra».

Izan ere, umoreari daukan indarra eta garrantzia ez zaiola aitortzen sentitzen du askotan. «Barre egiteak bihotza indartzen du, azala gaztetzen du, arteria-presioa jaisten du, sistema immunologikoa gogortzen du, digestioa hobetzen du, arnasa errazten du... Onura fisiko horiez gain, umorearen txispa piztuta mantentzeak konfiantza eta animoa igotzen ditu, talde kohesioa eta harremanak errazten ditu, tentsioa askatu, motibazioa areagotu...».

Estrategia bikaina

Torregaraik garbi dauka umorearen potentzialtasuna eta hori lehen lerrora ekarri nahi du bere proiektu berriarekin. «Umoreak gure egunerokotasunean duen garrantziaz gero eta gehiago jabetzen naiz eta bertan sakontzen jarraitu nahi dut». Hartara, orain arte bloga zena webgune bihurtu da orain, umore zerbitzuak eskaintzen dituen webgunea. «Nire asmoa umore sorkuntzari ez ezik, umoreari buruzko jakingarri, aholku eta abantailei ere toki zabalagoa ematea da. Horrez gain, ikastaro desberdinak proposatzen ditut: umorea hezkuntzan, umorea eta sormena, umorea eta generoa, barreterapia... Umoreari buruzko hitzaldiak ere eskainiko ditut eta, azkenik, banakako edo binakako bakarrizketak ere bai».

Dibulgazioa eta formakuntza bultzatuko ditu, beraz, Barretartia berriak. Umorea egunerokotasunean erabiltzeko estrategia bikaina izan daitekeela sinistuta dago Usurbilgo umore aktibista eta bide horretan jarri du begia eta pausoa. «Umorea giza gaitasun bat da eta denok landu dezakegu. Umorea estrategia bezala erabiltzeko lehen baldintza erabili nahi izatea da».