2018/05/12

Erreportajea
infraganti
PATRICIA JIMENEZ ORDUNA

Patricia Jimenez Ordunak (1987, Azkoien) botika industrian egiten zuen lan eta bikotekidea zuen. Bizitza horrek betetzen ez zuela ikusirik, zoriontsuagoa izateko bidea bilatu zuen. Ondo pentsatu ostean, 2014an dena utzi eta Thailandiara joan zen hilabeterako; azkenean zazpi eman zituen Asian eta bidaiatzen jarraitzen du ordutik.

Nagore Belastegi Martin
0512_gaur8_patri1

Tarragonan Bioteknologia ikasi zuen Patricia Jimenez Orduna azkoiendarrak. Industria farmazeutikoan egiten zuen lan eta bikotekidea zuen; gizarteak agintzen digunaren arabera, edonork nahiko lukeen moduko bizitza egonkorra zuen. Baina bera ez zen zoriontsua. Bizitza aprobetxatzen ari ez zela sentitzen zuen. «Bulegoan, gustatzen ez zitzaidan zerbait egiten ordu gehiegi pasatzen nituela iruditzen zitzaidan. Hogei opor egunen truke egiten nuen lan eta bidaiatzeko urterik aproposenak ihes egiten ari zitzaizkidan», kontatu zigun nafarrak. Lagun oso on bat auto istripu batean hiltzean, nafarrak sentitzen zuen hutsunea handitu egin zen. Ondo pentsatu ostean, erabaki bat hartu zuen: dena utzi eta joatea. Hala, mundua ezagutzera egin zuen salto. Bidaia luzea izan behar zen, ez ordura arte egindakoak bezalakoa. Ez zekiena zen ordutik bidaiatzea bere bizitza bilakatuko zela.

Baina bidaiatzeko grina ez zitzaion bat-batean sartu. Guztira 37 herrialde inguru ezagutu ditu. Haren esanetan, «bizitza osoa» darama bidaiatzen. «Hasieran gurasoekin; gero, 15 urterekin, Frantziara bertako lagun batekin eta haren familiarekin egun batzuk pasatzera joaten uzteko eskatu nien; ostean, uda oro hizkuntza ikastaroak egiten hasi nintzen; ondoren etorri ziren Tarragonan egindako ikasketak, Erasmus programa Alemanian, karrera amaierako proiektua Granadan, Berlinen au pair lana...».

Asko bidaiatua zen, baina bidaia laburrak izan ohi ziren eta normalean leku bat ezagutzeko baliatzen zituen. Bere maximoa Txinan lagun batekin egindako hamabost eguneko bidaia zen. «Nobedadea bakarrik, epe luzerako eta motxilarekin bidaiatzea izan zen», argitu zigun.

Jada hiru bidaia handi egin ditu: zazpi hilabete eman zituen Asiako hego-ekialdean, bederatzi Hego Amerikan eta orain Mexiko aldetik dabil. Ez daki nora joko duen ondoren, ezta noiz amaituko den hasitako bidaia ere. Horrez gain, Iparraldeko Santiago Bidea egina da bakarrik eta Marokon ere bi hilabete eman zituen bakarrik bidaiatzen. Islandia, berriz, auto-stop egiten zeharkatu zuen. Eleaniztuna izateak bidaietan lagundu izan dio, hizkuntzak ikastera joatea bidaiatzeko aitzakia izan den bezala. Ingelesa, frantsesa, katalana, alemana eta gaztelera menperatzen ditu. Bidaiatzeaz gain, idaztea eta argazkilaritza dira bere beste bi pasioak. Hirurak uztartzen ditu bere blogean (www.dejarlotodoeirse.com).

Blogaren izena jarraitu eta dena uztea erabaki zuenean, egin zuen lehenbiziko bidaia Bangkok Thailandiako hiriburura izan zen. Helmuga hori aukeratu zuen Asiako hego-ekialdea ezagutzen hasteko leku aproposa zelako. Bere asmoa ez zen etengabeko bidaia batean bizitzea, baina zerbaitek esaten zion bizimodu hori gustatu egingo zitzaiola: «Zalantza asko nituen, batez ere bakarrik eta diru askorik gabe joateagatik. Baina neure buruari esan nion gutxienez hilabete egingo nuela bertan eta azkenean zazpi egon nintzen».

Normalean bi egun baino gutxiago ez da inon gelditzen, batez beste hiruzpalau egun ematen ditu leku bakoitzean. Mexikoko Bacalar hirira iritsi zen arte. Dagoeneko bi hilabete daramatza bertan. «Horrelako zerbait gertatzen zaidan lehenengo aldia da, alegia, leku batetik joan nahi ez izatea», aitortu zigun. Blogaren bidez jarrai ditzakegu bere abentura mexikarrak.

Baina ez dezagun pentsatu bidaiari honek dirua soberan duenik eta horregatik ibili daitekeela horrela. Lana eginez finantzatzen ditu bere bidaiak. Denetik pixka bat egiten duela esan zigun. Batzuetan bere argazkiekin postalak egin eta saltzen ditu, beste batzuetan lantxoak bilatzen ditu bisitatzen dituen herrialdeetan. Baina normalean Estatu espainolera bueltatzen denean egiten du lan, hurrengo bidaiarako diru pixka bat metatzeko. Bidaiari izateak ere aukerak ematen dizkio, hitzaldiak ematen hasia baita. Era berean, blogak ere diru pixka bat ematen dio. Hori bai, bere ustez gakoa ez da diru asko izatea, gutxi gastatzea baizik.

Emakume bakartiak, aurrera!

Hegazkinez egiten du bidaia handi bat lehenik, eta, behin helmugara iristen denean, lurrez mugitzen da, ia beti tokian tokiko autobus ez turistikoetan, edo bestela auto-stop eginez. Lo egiteko partekatutako gelak dituzten aterpetxeak aukeratzen ditu, kanpin denda eramaten du eta couchsurfing egiten du.

Egunero iristen zaizkigun berriak ikusita, badirudi ausarta izan behar dela bakarrik bidaiatzeko, are gehiago emakumea izanik. Jimenez Ordunari galdetu genion ea gurasoek zer dioten bere bizimoduaz.&flexSpace;«Hasieran pentsatu zuten epe baterako zerbait zela. Beldurtu egin ziren, baina pentsatu zuten Asian egon ostean berriro egonkortuko nintzela. Oker zeuden. Orain, hain zoriontsu ikusten nautenez, guztiz babesten naute», aipatu zuen. Berak orain ez du beldurrik, baina hasieran bai. «Emakumeak emakume izate hutsagatik arriskuan gaude munduko edozein lekutan. Beraz, gerta daitekeen horren beldur etxean gelditzera ez etsitzea erabaki dut. Eta gehien gustatzen zaidana egitea: bidaiatzea».

Hori da, hain zuzen ere, emakumeei ematen dien gomendioa, ausartak izan daitezela eta euren ametsak bete ditzatela. Bidaiarien kasuan, azpimarratu nahi du dena ez dela pintatzen duten bezain erraza baina bizigarri bat dela. «Nire blogak ‘dena utzi eta joan’ badio ere, joan aurretik dena ondo lotuta izan dezatela gomendatzen dut, joatea ez delako ihes egitea, eta itzultzea beti delako polita».

Bere bloga, batez ere, emakumeei zuzenduta dago, haiei esateko arazoek handiagoak diruditela etxetik ikusita. Gizonak ere ongietorriak dira, baina, etapa horretatik pasatu denez, badaki «emakumeok apurtu beharreko muga gehiago» dituztela, eta horregatik uste du berea bezalako blogak beharrezkoak direla. Sortu zuenean ez zekien hautatutako izenak zelako zentzua hartuko zuen gerora, garai hartan Berlinen baitzegoen au pair, eta bere bizitzak hartuko zuen norabidearen ideiarik ez zuen.

Bere abenturetan bidaiari bakarti askorekin egiten du topo, «gehienak emakumeak». Horietako batzuk ez dira urte askoan etxera itzuli; beste batzuk bidaiatzen duten lekuan lana bilatzen dute eta epe baterako bertan finkatzen dira; beste batzuk, bera bezala, etengabe mugitzen ari dira. Bidaiatzeko modu asko daude.

Istorio eta pasadizoak

Bidaia bakoitzean dozenaka pasadizo pilatzen ditu nafarrak, eta gehienak istorio politak dira. «Adibidez, Marokoko familia batek etxean hartu ninduen lau egunez, baita Indonesiako beste batek ere. Malaysiako neska batzuk euren kultura erakutsi zidaten. Hego Amerikan egindako kilometro bakoitza eta nirekin bertan izan zituzten keinu guztiak maitasunez gogoratzen ditut; bazkaltzera gonbidatu ninduten, matea oparitu zidaten, gidari bat bere bidetik atera zen nik nahi nuen lekura gerturatzeko... Mexikon Yaremik hamabost egunez bere etxean izan ninduen eta Merida hiri zoragarria erakutsi zidan», kontatu zuen.

Sustoak ere bidaiaren parte dira, eta beti dago baten bat. Egun umorez gogoratzen duen bat kontatu zigun: «Banda Aceh hirian [Indonesia] ezagutu berri nituen neska batzuen etxean gelditu nintzen. 02.00etan mugimendua nabaritu nuen gelan, eta, esnatzean, neskek gelatik ateratzeko esan zidaten hiru gizon begira nituela. Kalera korrika atera eta motorrean alde egin genuen hirurok. Inork zabaldu ez zuen ate bat jo zuten neskek. Ondoren, etxera itzultzean, gizonek jator agurtu ninduten eta ohera bueltatzeko esan zidaten. Gerora azaldu zidaten gizonak bizilagunak zirela eta gizon bat etxean izatea egotzi zietela, Xaria lege islamikoak debekatzen duena. Egia balitz, harrika hiltzeko arriskua zuten, eta horregatik atera ginen korrika, agintariari emakumea nintzela erakutsi nahi ziotelako», kontatu zigun.

Egun Mexikon jarraitzen du nafarrak, zenote zoragarrietara iristeko argibide sekretuak eskuratzen, maien hirietako hondakin ez turistikoak aztertzen edota bertakoekin michelada bat edaten. «Ameslari» bezala definitzen du bere burua, eta bere blogaren bitartez bidaiatzea maite dugunon ametsak pizten asmatu du. Bere pausoak ez jarraitzea aukera bat den bezala, berak egin duena egitea ere denontzat aukera bat izatea da bere helburua, nahiz eta bakarrik egon, nahiz eta emakumea izan.•

«Emakumeak emakume izate hutsagatik arriskuan gaude munduko edozein lekutan. Beraz, gerta daiteken horren beldur etxean gelditzera ez etsitzea erabaki dut»

«Hego Amerikan egindako kilometro bakoitza eta nirekin bertan izan zituzten keinu guztiak maitasunez gogoratzen ditut; bazkaltzera gonbidatu ninduten, matea oparitu zidaten...»