2018/05/12

Iñaki Altuna
Spartacus hilda ere, Craso matxinoaren beldur zen

Spartacusi irri txiki bat antzematen zaio azken hatsa eman aurretik. Ez da irri maltzurra. Eztia da, lasaitasuna dario. Itxaropenak besarkatu du

Stanley Kubricken “Spartacus” filmeko eszena batean, matxinoaren bikotekideak (Variniak) Marco Licinio Craso maltzurra, gladiatorea hilda egonda ere, Spartacusen beldur dela ondorioztatzen du eta halaxe aurpegiratzen dio erromatar patrizioari. Crasok ezpainak estu-estu ditu, erreminez barruak janda. Spartacusek erromatarren boterea jarri zuen zalantzan bizirik eta, hilda egon daitekeen arren (filmaren une horretan ez da horrela oraindik ere, baina horrela uste dute elkarrizketan ari diren beste bi protagonistek), esklaboak eta esklaboaren askatasun ametsek asaldatzen dute oraino Erroma boteretsua.

Halako zeozer pasa zen joan den asteazkenean Gasteizko Legebiltzarrean autogobernuari buruzko eztabaidaren ostean. PPko bozeramaile Borja Semperrek estatus berri baten hitzaurrerako mamitzen ari den testua gogor gaitzetsi zuen, eta «Kanboko Estatutua» izango zela ohartarazi zuen. ETAren amaierarako Lapurdiko herrian egindako ekitaldia gogoratuta, ETAk utzitako bide orria beteko zutela leporatu zien halako testu bat egitearen alde agertutako beste indarrei, eta erakunde klandestinoaren azken adierazpenaren mamia gogoratu zuen froga gisa.

Josu Urrutikoetxeak eta Marixok Iparragirrek irakurritako adierazpen horrek hauxe dio: «Indar metaketa, herri aktibazioa eta ezberdinen arteko akordioak ardatz izango dituen herri prozesu bat eraikitzea izango da aurrerantzean erronka nagusia, bai gatazkaren ondorioei aurre egiteko bai gatazkaren muin politikoari eta historikoari heltzeko orduan. Nazio aitorpena lortzeko erabakitzeko eskubidearen egikaritzea izango da gakoa. Ezkerreko independentismoak Euskal Estatua sortzeko norabidean egingo du lan».

ETA Spartacus bezalaxe “hilda” egonda ere, ibilbidea itxi berri duen erakundearen itzalagatik kezkatuta agertu zen PP Legebiltzarreko saioaren ondotik, Craso bezain kopeta beltz. Crasok, filmean, eta PPk, eguneroko errealitatean, gogorkeriari eusten diote garaipena irudikatzeko gogoz. Garaituak izan arren, «denok gara Spartacus» oihukatu zuten matxinoak banan-banan gurutziltzatu zituen Crasok filmean. Errealitatean, Rajoyren Gobernuko zenbait bozeramailek orain arteko politikei, euskal preso politikoen sakabanaketa barne, eutsiko dietela adierazi dute. Ahaztu dituzte agindutakoak. Duela urtebete, Semperrek berak esan zuen ETA desegin bezain laster, 48 orduan, kartzela politika aldatuko zela. Ez diote halakorik orain.

PP, Crasorena egiten tematuta

Filmaren azken eszenan, Spartacus gurutzean hiltzeko dagoenean, ihes egitea lortu duen Variniak, bion seme jaioberria eskuetan duela, «hil zaitez, maitea» esaten dio amoranteari horrenbesteko sufrikarioari amaiera emateko. Jaioberria erakusten dio, eta bere semea libre izango dela jakinarazten dio matxinoari, erromatarren atzaparretatik aske. Spartacusi irri txiki bat antzematen zaio azken hatsa eman aurretik. Ez da irri maltzurra. Eztia da, lasaitasuna dario. Itxaropenak besarkatzen du azken une horretan ere.

Gasteizen aurreko asteazkenean Autogobernu Lantaldean aurreratutakoa jaioberri hori denik askotxo esatea litzateke. Hiperbole hutsa. Izan ere, fikzioa eta errealitate parekatzea ariketa arriskutsua izan daiteke politikan, are gehiago EAJ 155. artikulua ezarri duen Rajoyri babesa emateko prest dagoenean. Hori bai, PP Crasorena egiten tematuta segitzen duela ez dago, gaur-gaurkoz, dudarik. •