Nerea Ibarzabal

«Konpraesanak»

Ez zait gustatzen arropak erostera joatea. “Erostera joatea” ez da “erostea”: kontsumitzaile gisa esnatzen zaren eguna da, gertuen geratzen zaizun hirira erromesaldia egiteko; hasieratik onartzen duzu, goizean zeren bila zoazen jakin arren, ez dakizula zerekin eta zenbatekin itzuliko zaren.

Alferra naiz konbinatzeko, prezio/kalitate ariketa konplikatuegia zait gehienetan, uneko modari buruz dentistaren itxarongelan irakurritakoa baino ez dakit eta egonezin izugarria eragiten didate dendetako usainek eta saltzaileen gehiegizko prestutasunak –zalantzarik baldin badut neronek galdetuko dizut, egon lasai–. Alferkeria hau ederki datorkit, bide batez, nire antikontsumista jarreraz autokonbentzitzeko.

Baina izaten dira ba, egun batzuk, non denari su emango zeniokeen eta hutsetik hasi? Armairuarekin horixe bera gertatu zait oraingoan, iristen ez den udaberriak, bizitzako ziklo aldaketak –hau beti geratzen da ondo– edo auskalo zerk eraginda. Amancio Ortegaren besoetara salto egin dut eta goiz oso bat pasatu dut konpultsiboki erosten gaizki ordaindutako eskuek egindako arropa merkea –garestia balitz ezingo genuke konpultsiboki erosi, hortxe dago koska–. Bulimia kontsumista, eta gero erruduntasuna.

Dendetan sartzen zaidan antsietatea nolabaiteko estasi bilakatu zait, eta aldageletara eraman daitekeen prenda kopuruaren muga erraz bikoiztu dut sartu-irten bakoitzean. Kanpoan izan zaitezkeena proiektatzeko gortinadun kapsula indibidualak, aldagelak. Gortina beti apur bat zabalik geratzen da gainera, zuk hamaika saialdi egin ditzazun bazterrerantz tira eta tira, biluztasuna ezkutatzeko baino, inork ez dezan zirrikitutik ikusi zeure buruari ispiluan begiratzeko duzun modua.

Hain iruditzen zait politikoa metro karratu horretan bizi dugun guztia, neure arropak biluztea erabaki dudala; bakoitza jantzi ahala burutik pasatu zaidan guztia kontatzea. Zenbat arazo sozial zenbatu ditzakezu zure prenden josturetan?

Niki tirantedun beltza, tripa bistan uzten duena: M neurria. Marokon egina. 9,99 euro. Kremailera bat du erdian, guztiz ireki daitekeena. Neronek askatu dezakedala pentsatzeak morboa eman dit; parrandan edonork aska diezadakeela pentsatzeak, atzerakada. Oroitu, tripa bistan: plazarako ez dizu balio, eta zilborpeko ileekin zer? Sozialki ondo? Orain arte ez dituzu kendu, ez dituzulako erakutsi.

Kulero arrosak: L neurria. Sri Lankan eginak. 4,90 euro. L? Con una M te basta chica. Ezetz, gero ipurdian sartzen zaizkidala, chica.

Tutu/hodi formako gona bakeroa (gona tubo): M neurria. Bangladeshen egina. 19,95 euro. Apur bat motz geratzen zait, baina boteretsu sentiarazten naute forma honetako gonek. Emakume seduktorearen figuraren baitan sartzen delako agian? Depilatu gabe nago, zentzu horretan ez naiz estereotipoan kabitzen. Hartu beharko dut horretarako ere txanda, neguan erraz egiten duzu iraultza, baina udan… Ze deserosoa den etengabeko borroka, ezta? Urtetik urtera zentzu horretan indartsuago izango zinela sinesten zenuen eta begira oraindik non zauden. Tira, momentuz galtzarpeko ileetara ohitu zara; beste lur zatitxo bat konkistatua.

Soineko beltz estua, bi lerro zurirekin ertzetan: M neurria. Marokon egina. 12,95 euro. Ez dio irudimenari lan handiegirik ematen, oso estua da. Polita da, baina ez dakit ausartuko naizen honekin kalera ateratzera.

Filial esplotatzaileen katakonbatatik Donostiako kale garestietako gortina osteetara iristen diren arropen pisu hori, soinean nola eusten diogun ere ulertzen ez dudana, kalkulatu ezinik uzten nauena X,95 euro horietatik zenbat ordaintzen duen nire barruko zapaltzaileak eta zenbat zapalduak. Eta hau, aspaldiko ederren sentituz. •