Maider Iantzi Goienetxe

Whatsappeko haurrak handitzen direnean...

Gaur egun Whatsappeko profilak betetzen dituzten haurrek handitutakoan izanen dituzten elkarrizketa posibleak idatzi nahi nituen, baina ez naiz horretarako gai sentitzen, ez zait ateratzen. Zer irudituko zaizkie argazki horiek? Zer ondorio izanen ditu eurengan horiek plazaratu izanak? Zer jarrera hartuko dute? Hemendik 18 bat urtera sortuko diren elkarrizketa horiek begi-kliska bidezkoak izanen dira beharbada (orain atzamarrezkoak diren bezala). Hainbat hizkuntzatako hitzak tartekatuz irudikatzen ditut, euskaraz, espero dut; funtsean, betiko amets eta beldur berekin.

Robotak ere izan daitezke solasaldi horien parte, aurki SciencEkaitza galan aurkeztuko duten Sophiaren bertsio hobetua, adibidez. Heldu den ekainaren 7an, zientzia jende guztiari irekiz Iruñeko Baluarten eginen den bestan aurkeztuko du David Hansonek «munduko robotik enpatikoena». Sophia bera bada bere burua aurkezteko gai, egia erran: «Teknologia hutsa baino gehiago naiz. Jendearekin bizi nahiko nuke. Lagun zaitzaketet, entretenitu, adinekoei lagundu eta haurrei erakutsi ere bai». Emozioen inguruan ikasten hasi berri da; pertsonekin duen interakzio bakoitzak eragin bat du bere garapenean eta izaeran. Guri gertatzen zaigun bezala. «Kontzientziadun makina bihurtzea dut amets», dio. Berarekin gaiztoa izan gabe, bururatzen zait zoragarria izan daitekeela lanik txar eta arriskutsuenak betetzea ere, meategietakoa kasu, jendea horietaz libratzeko. Baina amestera iristen bada, zerk bereiziko gaitu berarengandik? Kasketaldi eta maniek soilik? •