Ana Elosegi Serna
Harremanak Hezkuntza Elkarteko kidea

Motxiladun haurrak

Motxiladun haurrak kontzeptuaz pentsatzen jarri eta ideia zein irudi mordoa datozkit burura. Adibidez, haur bat motxila jantzi eta eskolara joaten; zortzi eta bederatzi urte bitarteko mutiko txikia motxila hartu eta aspertuta, nekez eskolara joaten; poz-pozik joan beharrean, eskolara pauso pisutsuz joaten diren haurrak. Askotan mutilak dira, mutil biziak, jolasteko amorratzen daudenak, geldirik egon ezin dutenak, animaliak gustatzen zaizkienak, sentiberak…

Noiz eteten da eskolara pozik joateko unea? Noiz gertatzen da hori eta zergatik ez diogu garrantzirik ematen? Zein hezkuntza eredu ari gara bultzatzen? Eta Euskal Herriko lehen hezkuntzako irakasleen gehiengoa emakumezkoak direla jakinda, zer gertatzen zaigu “mutil alfa” horiekin gelan? Zerk mugitzen gaitu? Zeini begirako hezkuntza ari gara eskaintzen?

Bat-batean, beste irudi bat datorkit burura, «Ur handitan» programako haur hura… autobusa hartu, motxila jantzi eta izebarekin gurasoak ikusteko mila kilometro egiten zituen hura. Zein krudela… aitaren eta amaren goxotasunaz gozatzeko hain leku hotzera, hain urrutira joan beharra, hainbesteko nekea pilatu beharra. Eta distantzia horrek eragiten duen kalteak haur txikien motxilen pisua nola handitzen duen ohartu gabe gu geu. Atxikimenduaren beharraz eta presentziaz hitz egiten dugunean, nola bizi ote dute haur horiek distantziatik?

Motxiladun haurrak izan ohi dira, era berean, banaketa prozesuetan murgildurik bizi direnak ere. Batetik bestera beraien motxilarekin dabiltzan haur ederrak. Motxilak duen pisua, gainera, gurasoen arteko liskarrek eragindakoa da maiz.

Helduok gure artean konpondu ezin eta haurrak ping-pongeko pilotak bailiran motxilarekin handik hona ibiltzera behartzen ditugu. Behin kontsultan mutil txiki bati galdetu nion ea zertan nahi zuen nik laguntzea? Eta hark niri erantzun: «ni zoriontsuago nintzateke motxilarekin hainbeste ibili beharra ez banu…». Goizean goiz amonaren etxera, handik eskolara, gero jangelara, jarraian amari kasu egin, eta, gero, zaintza partekatua zutenez, aitaren etxera afaltzera. Zaintza partekatuaren nondik norakoak, helduon liskarrak, botere eta diru kontuak…

Gogora datozkit harreran eta adopzioan dauden haur txikiak ere. Beraiek ere bere minak eta nostalgiak, gogoetak eta irudiak motxilan gordeta ekartzen dituzte saioetara… Negar egiten eta jolasten atxikimendu segurua lortzen dugu, eta zauritxoak sendatzen hasten gara guztion artean. Haurrok beraien guraso berrietara egokitzen joaten dira, komunikazio bide berriak sortzen, eta motxila txikien pisua arintzen joaten da.

Motxilatik motxilara ere aldea egoten da, tamainan, kolorean eta pisuan. Baina gure erresilientzia gaitasuna baliatu eta motxila guztiak arintzen dira, alaiago bihurtu denon arteko elkarlana pizten denean, naiz eta batzuetan gure esku ez egon baldintza asko, dela aita presoaren gertutasuna, dela gurasoen heriotza, dela banaketen osteko erabakiak…

Gustatzen zait motxilak hustea eta haurren irribarreaz goxatzea, gustatzen zait haurron pisua arintzea. Azken batean, ni neu ere arinago sentitzen naizelako! •