Laura Mintegi

Biharko egunaren garrantzia

Bihar milaka pertsonak osatuko dute giza-katea Donostia-Bilbo-Gasteiz lotzeko. Denetara 201,9 kilometro dira eta ordu erdiz, 12:00etatik 12:30era, EAEko hiru hiriburuak estekatuta egongo dira milaka eta milaka herritarri esker, elkarri eskuak emanda. Pertsona batzuentzat ekimen hau sinbolikoa baino ez da, kasurik onenean, edo denbora-pasa antzua, kasurik txarrenean, baina garrantzi handiko ekimena da ikuspuntu estrategiko batetik begiratuta.

Prozesu luze, geldo eta interesgarri baten katebegi berria da biharko ekimena. Egia da datu kuantitatiboei men eginez gero populazioaren portzentaje txikia dela giza-katean parte hartuko duena zenbaki absolutuekin konparatuta. Egia da, bestalde, Gure Esku Dagok azken hiruzpalau urte hauetan egin dituen galdeketetan partaidetza ez dela igo, batez beste, %25etik gora. Baina egia da, bestalde, dinamika parte-hartzailea sortu dela ehunka herritan, elkarbizitzarako ohitura berriak generatu direla, eta herri-kontsultak normaltasunez hartu direla. Hego Euskal Herriko herritarrentzat ez da arrotza talde batek galdeketa proposatzea, galdeketan egingo den galdera erabakitzea, eta auzokoek modu ordenatuan eta ludikoan galderari erantzutea. Aurrerapausoa ikaragarri handia da.

Gure Esku Dagok egiten duen lan osotik txalogarriena, nire irudiko, aukerak sortzea da, espazio komunak, eremu esku-hartzaileak. Behetik gorako mugimendua da, alderdien eremutik kanpo, non erabakiak partaideek hartzen dituzten eta edonork duen lekua, nahi izanez gero.

Unea helduko da noiz ariketa demokratiko hori gauzatu ahal izango den modu instituzional batean. Eta orduan hartuko du balioa oraingo trebatze-lanak. Euskal herritarren kultura politikoa lantzen eta hazten ari da, Gure Esku Dagok egiten duen ariketa etengabeari esker. Jardunean ari diren herritar hauek ez dute ametituko edozein modutan eta edozein galderarekin erabakitzea etorkizun politikoa, badagoelako eskarmentua jarduera zuzenean.

Politikak une batzuetan hartzen duen abiadura ikusita, gero eta begi-bistakoagoa da zein garrantzitsua den aldez aurretik prestaturik egotea. Katalunian ez ziren helduko azaroaren 9ko edo urriaren 1eko erreferendumetara aldez aurretik eduki izan ez balute esperientzia herritarra galdeketak antolatzen eta horietan parte hartzen.

ANC eta Omnium Cultural erakundeak existitu izan ez balira, ez zen posible izango alderdien gainetiko helburu komunak ezartzea eta burujabetzarako prozesua martxan jartzea. Zoritxarrez, jakitun gara arazo politiko garrantzitsuak ezin direla utzi alderdien eskuetan, begirada laburreko interes zekenetan galdu egiten direlako. Esatea tristea da, baina alderdiak ez dira fidagarriak, interes pribatua jartzen dutelako interes komunaren gainetik.

Inoiz ez dakigu noiz sortuko den txinparta, baina, badaezpada, prestaturik harrapa gaitzala, etxeko lanak ondo eginda eta hurrengo pausuak emateko prest, aukera agertzen denean ez baita gure zain egongo ea noiz hartzen dugun. Aldez aurretiko lana ezinbestekoa da une erabakigarrietan, eta orduan ez da denbora askorik izaten kultura politikoa lantzeko, zirt ala zart egiteko baizik.

Seguru nago, dudarik ez daukat, une erabakigarriak lehenago baino beranduago helduko direla gure etorkizunaren zutoinak sendo ezartzeko. Espero dut txinpartak belar lehorra harrapa dezala, eta ez belardi umel eta hezea. •