2018/06/09

Erreportajea
infraganti
TELMO TRENADO

1995an jaioa, 23 urteko gazte zumaiar arrunta da Telmo Trenado. Afizio bat du, magia, eta bere abilidadea sare sozialetan erakusten hasi zen. Desagertutako Fotolog eta Tuentin argazkiekin egiten zuen bezala, Youtuben bideoak jartzen hasi zen 2012an. Milaka jarraitzaile ditu mundu osoan egun, eta publizitatetik etekinak lortzen ditu.

Nagore Belastegi Martin
0610_pd28_telmo2

Azkenaldian sarri entzun ohi dugun hitza da influencer. Sare sozialetan jarraitzaile asko dituzten, eta hortaz, jendearengan eragiteko gaitasuna duten pertsonak dira. Telmo Trenado zumaiarra, horrenbestez, influencer-a da, Youtuben 94.000 jarraitzaile, Instagramen 32.000 eta Twitterren 178.000 baititu.

Ikus-entzunezko komunikazioa ikasi zuen Trenadok Mondragon Unibertsitatean eta amaitzean Madrilera jo du. Bertan marketin enpresa batean egiten du lan, bidaia agentzia baterako bideoak egiten ditu astero, Gaztea irratian ere parte hartzen du eta, lortu duen ospeari esker, publizitate kanpainak ere iristen zaizkio.

Trenadorekin hitz egin genuenean, lanetik atera berri, gin marka batek antolatutako ekitaldi batera bidean zen. Udara partean oso arrunta omen da markek festak egitea euren produktuak ezagutzera emateko. Horretarako, Madrilen dauden influencer eta pertsonaia ezagunak gonbidatzen dituzte. «Askotan horrelakoetan ez digute sareetan ezer igotzeko eskatzen, baina, gonbidapen bat denez eta jaten emango digutenez, ba eskertze keinu bezala Instagramen story bat edo antzerako zerbait igotzen dut. Beste kasu batzuetan kanpaina bat da edo kontratatu egiten dute influencer-a, orduan bai, orduan edukia igotzeko konpromisoa hartzen dugu», azaldu zuen.

Batzuk horretaz bizitzeko gai dira, baina influencer-en artean ere mailak daude: 1.000 eta 5.000 jarraitzaile artean dituztenak microinfluencer deitzen dira; 50.000, 100.000 eta 500.000 dituztenak, hurrenez hurren, low, mid eta top; eta, hortik aurrera, celeb deitzen zaie, jada ospetsu bilakatu baitira. Kanpaina bakoitzaren arabera profil desberdinak bilatzen dituzte. Trenadoren kasuan, noizean behin kanpainak ateratzen zaizkio, baina ez du horretara bakarrik dedikatu nahi eta beste lanekin tartekatzen du. «Dulceidari agian hilabetean 50 kanpaina iritsiko zaizkio, eta, hortaz, zeintzuk egin aukeratu beharko du. Niri hilabete batzuetan bizitzeko soberan eman didate kanpainek, baina, beste batzuetan, aldiz, ez zait ezertxo atera. Horregatik, beti tartekatu ditut kanpainak ikasketekin, eta, orain, lanarekin», aitortu zuen.

Bere abentura batxilergoan zegoela hasi zen. Magia zen bere zaletasuna, eta beste sare sozialetan argazkiak jartzen zituen bezala, Youtube bideo plataforman edukiak sortzeari ekin zion 2012an, magiari lotuta. «Oraindik hasi gabe zegoen Youtuberen loraldia, alegia, publizitatea ez zegoen horren sartuta. Niretzat hobby bat zen eta bat-batean feedback-a jasotzen hasi nintzen. Orain, jende asko youtuber izateko ideiarekin hasten da Youtuben, baina, nire kasuan, beste plataforma bat besterik ez zen», kontatu zigun.

Garai hartan Youtube asko kontsumitzen zuen eta kate askotara zegoen harpidetuta. Hala ere, ez zuen erreferente zehatzik izan, «oraindik estetikoki ez zegoelako kalitaterik». Orain «apaingarri gehiago erabiltzen dira eta edizio lan txukunagoak egiten dira», eta baditu erreferente batzuk, «batez ere bidaia bideoak egiten dituztenak».

Zumaiarraren esanetan, bideogintzan hasi zeneko helburua magia zaletasuna zabaltzea zen. Hasieran trukoak egiten zituen eta gero horiek nola egin erakusten hasi zen. Pixkanaka-pixkanaka jarraitzaile gehiago pilatzen hasi zen. «Zifrei dagokionez, beti hankak lurrean izan ditut. Nire izaerarengatik kontuz ibili behar dut esaten ditudan gauzekin, jende askok jarraitzen bainau eta nire iritziek nolabaiteko eragina izan baitezakete», aipatu zuen.

Trenadoren ustez, Youtuben hasten den pertsona orok argi izan behar du edukiak sortu behar baditu zerbait berezia eskaini behar duela. Bere berezitasuna magia zen, bere estiloarekin egina, eta horrela bereizi zen besteengandik. Dakiena bere kasa ikasi du, DVD eta liburuak erosiz. Mundu horretan murgiltzen zen heinean, ikusi zuen aukera ugari daudela magia ikasteko, topaketak, ikastaroak eta lehiaketak egiten direlako. Bera hainbat topaketetan izan da. Hala ere, baliabide horietara iritsi ezin direnengan zaletasuna sortzeko grinarekin hasi zen trukoak azaltzen. Bere jokaera ez zen mago guztien gustuko izan, eta, Donostiako elkartetik, adibidez, kexak jaso zituen ez zeudelako egiten zuenarekin ados. «Nire ustez pentsaera hori aldatu egin behar da, magiaren sekretua errespetatuz betiere», azaldu zuen.

Iritzi aniztasuna ez du gauza negatibotzat. Izan ere, Youtuberren jasotzen dituen mezu gehienak positiboak badira ere, Twitter eta Instagramen magia alde batera utzi eta politikaz zein gai sozialez aritzen da, umorez, eta hor bai jaso izan ditu kontrako jarrera gehiago: «Hater-ak izan ditut, ditut eta izango ditut. Horrek ere bere xarma dauka, bestela aspertu egingo nintzateke! Denok ez dugu berdin pentsatzen, beraz, gizartearen isla bezala ikusten dut. Askotan besteen ideia desberdinak ditugu, eta horrek ez du esan nahi hater-ak garenik, baizik eta ideia desberdinak ditugula. Hori ere positiboa da, besteengandik ikasi dezakegulako», esan zuen.

Askok influencer-ak miresten dituzte daramaten bizitza estiloarengatik, baina, aldiz, ez dute kontuan hartzen jasan behar izaten duten presioa. Presio hori jasan ezinik, Youtuben oso ezaguna den Ruben El Rubius gazteak plataforma uzten duela iragarri berri du. Trenadoren ustez, urte luzez jasandako presio, estres eta antsietateak eraman du erabaki hori hartzera, ez gertaera bakar batek. «Azkenaldian ohikoa da horrelako pertsonaiek zer sentitzen duten adieraztea, haien alde gizatiarra erakustea».

Izan ere, zumaiarrak azpimarratu zuen influencer-ak beste edozein pertsona bezalakoak direla, eta ez dutela zertan beti serio edo umoretsu egon. «Youtuben formalago agertzen nintzen, magiak hala eskatzen zuelako, eta Twitter eta Instagramen beste aurpegi bat erakusten dut. Baina ni beti naiz pertsona bera. Jendeak jakin behar du hori desberdintzen, izan ere, askok uste dute edo gu beti gaudela katxondeoan edo beti egon behar dugula serio», azaldu zuen. Youtube «pixka bat alde batera utzita» duela, eta beste bi sare sozialetan gusturago dabilela ere onartu zuen.

Hizkuntzari dagokionez, esan zuen askotan aurpegiratu diotela euskarazko edukiak ez egitea. «Euskara nire edukietan sartzeak ez dit beldurrik eragiten; gainera, Instagramen igo izan ditut bideoak nire lagunekin euskaraz hitz egiten, azpitituluekin, eta jendeak esaten dit oso polita dela», plazaratu zuen. Sare sozialetan gabezia bat badagoela onartzen badu ere, euskarazko edukiak sortu eta zabaltzea hain erraza ez dela uste du. Bere kasuan, hasierako bideoak mutuak ziren, eta, ondoren, zituen ikusleen %99 espainolak edo latinoamerikarrak zirenez, gazteleraz hasi zen hitz egiten. Hori bai, Youtuben jarri dituen bideo gehienak Euskal Herrian grabatu ditu, sarri Zumaiako inguruetan. Instagramen ere erakutsi izan du Zumaia eta euskal kostaldea. «Euskal identitatea beti mantendu dut eta sare sozialetan politikari buruzko iritziak ere bota izan ditut, ez da beldurtzen nauen zerbait», azpimarratu zuen.

Etorkizunera begira, oraingo ibilbide beretik jarraitzea gustatuko litzaioke, lan desberdinak egiten, eta, horien artean, sare sozialekin harremana duten kanpainak. «Ez naiz ikusten lan finko bakarrarekin, gauza desberdinetan baizik. Madrilera iritsi naizenetik ate pila bat zabaldu zaizkit, jende pila bat ezagutu dut eta pixkanaka gauza gehiago ari zaizkit ateratzen. Hemendik urte batera ez dakit non egongo naizen. Ezin da jakin, baina badaukat gogoa sortzen jarraitzeko; eta horrekin batera nik egiten dudan kaka jendeari gustatzen bazaio eta hau guztia lan bat bihurtzen bada, ba hobe», amaitu zuen •

«Hilabete batzuetan bizitzeko soberan eman didate kanpainek, baina, beste batzuetan, ez zait ezer atera. Horregatik, beti tartekatu ditut kanpainak ikasketekin, eta, orain, lanarekin»

«Youtuben askoz formalago agertzen nintzen, magiak hala eskatzen zuelako, eta Twitter eta Instagramen beste aurpegi bat erakusten dut. Baina ni beti naiz pertsona bera»