Maddi Txintxurreta Agirregabiria
ARETXABALETAKO TOMATEA

Ahoz aho memoria egin duen tomatea

Marc Badal Pijoan (Bartzelona, 1976) kataluniarrak «Aretxabaletako tomatea» liburua idatzi du, Cristina Enea Fundazioaren Haziera hazi artxiboaren eskutik, Telekoria bildumaren baitan. Marta Barba Gasso antropologia ikertzailearekin batera bi urteko ikerketa egin du liburua idazteko. Aretxabaletako tomatearen historia jasotzen du lanak eta fruitu horren bueltan eraiki diren hainbat mito eta kondaira desestaltzen ditu.

Mundu mailako produkzioan zein hazkuntza azaleran bigarren tokia betetzen du barazkien artean tomateak, soil-soilik patataren atzetik. Hala, mundu osoko sukaldaritzan preziatua da sarri barazki bezala identifikatzen den fruitu gorria, eta baratze orotan aurkituko dugu, umezurtz geratuko bailitzake bera gabe, tomatea izan ohi baita baratzeko barazkirik kutun eta zainduena.

Txina da egun munduko tomate ekoizlerik handiena, eta Monsanto enpresa multinazionalak dauka nazioarteko tomate-hazi ugariren monopolioa.

Barazki hibridoak taxutu dituzten enpresek talaia larrian utzi dituzte tokiko barietateak, produkzioaren izenean haziak homogeneizatu eta genetikoki moldatutako barazki hibridoak mundura zabaldu baitituzte tokian tokiko ekoizpen pertsonalizatuak irentsiz. Eskala handiko ekoizpenek distiraz eta kolorez jantzi dituzte supermerkatuetako apalategiak, baina zaporez eta memoriaz erantzi tomateak. Baita Euskal Herrian ere: «Egun, kantauriar isurialdean landatzen diren tomateen ia %100 barietate bakarrekoak dira, Jack izenekoa. Hibridoa da, eta Monsantorena da. Gisa horretakoak dira Eusko Labeldun tomate guztiak», azaldu du Marc Badalek.

Alta, bada multinazional erraldoien gerizpean, haien beso luzeetatik atzemanezin hazten den tomate espezie bat, arrosa kolorekoa, orain hiru hamarkada “Atxurdinen tomatea”, “mojaren tomatea” eta “tomate mozkorra” izenekin ezagutu zutena Debagoienan; eta, egun, “Aretxabaletako tomatea” markapean Euskal Herrian eta haratago famatu egin dena. Tomate barietate horren inguruko liburua idatzi du Marc Badal Pijoan Cristina Enea Fundazioko Haziera proiektuaren koordinatzaileak. Azken bi urteetan Marta Barba Gasso antropologoarekin batera egindako ikerketaren emaitza jaso du “Aretxabaletako tomatea. Bioaniztasuna, lurraldea eta jakintza partekatua” izenburua duen lanean.

Bartzelonan sortu zen Badal, baina hamar urte daramatza Euskal Herrian bizitzen. Egun, Cristina Enea Fundazioko Haziera hazi artxiboaz arduratzen da. 2013an hasi zuen Cristina Eneak haziak herritarren esku uzteko bidea. Fundazioak Donostiako Cristina Enea parkean duen Ingurumen Baliabideen Etxean barazki ezberdinen hazi potoak dituzte, eta, Badalek dioenez, «edonork» har ditzake, nork bere baratzean ugaltzeko helburuarekin.

Haziera proiektutik sustatu da Telekoria liburu bilduma, zeinak, jakintza kolektiboaren bitartez, haziak protagonista dituzten lanak zabaldu asmo baituen. 2016an “Bidaia koadernoak. Haziei buruzko pasarte eta ohar historikoak” liburua argitaratu zuten, eta aurtengo maiatzean kaleratu dute bildumaren azkenengo lana: “Aretxabaletako tomatea”.

Telekoria

Zenbait landarek beren haziak sustraitu daitezen lurralde berrietatik zehar sakabanatzeko duten gaitasunari esaten zaio telekoria. Telekoriaren bidez, edo nolanahi dela ere, ustez Peruko Andeetatik Mexikora mugitu ziren gaur egungo tomatearen gurasoen haziak, eta handik Europara, kolonoek ekarrita. Hasiera batean, ostrazismora kondenatuta egon zen europarrentzat arraroegia zen fruitua, jatorrian egungoa baino txikiagoa eta berde-horia. Pozoitsutzat eta arriskutsutzat jo zuten, eta Espainian tomatea kontsumitzen hasi zirenei okurritu ere ez zitzaien egingo gordinik jaterik.

Kolonizazioaren ostean tomatea Europara iritsi bazen ere, XIX. mendearen bigarren erdira arte ez zituen historiako liburuak konkistatu, eta barazki honen historiako hiruzpalau mende idatzi gabe geratu dira, bat-batean munduko barazkirik kontsumituena bilakatu den arte.

«Ez dakigu ezer nekazaritzaren historiari buruz. Ez dugu laborarien eta landa eremuko klase xehearen inguruko informaziorik; historia beste batzuek idatzi zuten. Tomatearen kasua oso adierazgarria da: badakigu Erdialdeko Amerikatik sartu zela Europara, baina ez dakigu nola mugitu ziren tomate-haziak Hego Amerikatik Mexikora. Gutxi-asko hiru mende igaro ditu ia inon agertu gabe, eta, bat-batean, edonon aurkitu daiteke. Ehunka tomate barietate sortu ziren Europan, eta ez dakigu nola mugitu diren hazi horiek mundura. Euskal Herrira iristean, tomatea gaztelauen eta ijitoen jakitzat jotzen zen».

Historiak ahaztu izanagatik ere, tomatea gehien ekoizten den bigarren barazkia izatera iritsi da. XIX. mendetik aurrera hasi zen landare exotikoa ohikoa izaten Europan, eta hortik aurrera kontsumoa eta ekoizpena izugarri hazi dira. FAO Nazio Batuen Elikadura eta Nekazaritza Erakundearen datuen arabera, 2016an, munduko tomate ekoizpena 117 tonatik gorakoa izan zen, eta 1961 eta 2009 artean munduko produkzioa bost aldiz biderkatu zen. Tomate haziak, munduko barazki hazien merkatuaren erdia izatera iritsi ziren, 1.600 milioi dolarreko balioarekin. Hala, herri-xehearen eta laborarien jaki izatetik, nazioarteko sukaldaritza maisuen errezetetan eta eguneroko dietan funtsezko elikagaia izatera pasatu da; entsaladatik Kataluniako pa amb tomàquet-era, ketchup saltsatik Italiako pizzara.

Tomatearen hazien ozeanoaz haraindiko bidaiaren ondorioz landarea Euskal Herrian betikotu zen bezala, ezinbestean betikotu ziren berau lantzeko estrategiak eta tradizioak. Ezin jakin nola mugitu ziren laboreak eta landarearen espezie desberdinak nazioartean, nola landu diren han-hemen, baina bada gertuagoko tradizioa duen adibiderik: Aretxabaletako tomatea. Izen-abizenen eta kondairen marasma sarean endredatuta egon da barietate honen historia, harik eta Marta Barbak eta Marc Badalek mataza askatu duten arte.

Jakintza partekatua

Aretxabaletako tomatearen zabalkundea lankidetzatik eta ezagutzaren partekatzetik erein da. Izen-abizenak dituen historia da, eta norbanakoen eta nekazaritza ekologikoan lan egiten duten elkarteen setari esker erdietsi du gaur duen sona. Aretxabaletako tomatearen historia deslotzen hasteko ezinbesteko heldulekua Koldo Zubizarreta da. Aretxabaletako Izurieta Azpi auzoko baratze txiki batean tomateok landatu zituen 80ko hamarkadaren bukaeran, Kurtzebarri mendiaren begiradapean; industriak herriko baratzak okupatuta zituenean, nekazariek fabriketarako exodoa egina zutenean eta horrek tokiko barazkien aniztasuna eta biokultura bera jada maiztuta zituenean. Baina baratza txiki horretan hazitako fruitu arrosa-kolorekoak, gozoak, haragitsuak eta emankorrak gaztearen jakin-nahia piztu zuen. Baliteke, Koldo Zubizarretagatik ez balitz, Aretxabaletako tomatea egun ezezaguna izatea, edo are, espeziea bera desagertuta egotea.

«Koldo Zubizarretak nekazaritza ekologikoko tailer batera eraman zituen tomateak, Antzuolako Lapatza baserrira. Bertan ezagutu zituen Maje Gorritxo eta Tomas Larrañaga», azaldu du Marc Badalek. Hala, Koldo Zubizarretak Aretxabaletako tomatea Lapatza baserrira eraman zuenetik, barietatea eskuz esku edota ahoz aho zabaldu da Euskal Herriko baratzetan gaur arte. Bide horretan, berebiziko garrantzia izan dute ekoizle txiki ekologikoek eta nekazaritza elkarteek: Ekonekazaritza fundazioak, Biolurrek, Neikerrek, ENEEK elkarteak eta Hazi Sareak, besteak beste.

Marc Badal eta Marta Barba Aretxabaletako landarearen zabalkundean eragin zuzena izan duten protagonistekin bildu dira bi urtez, baina tomate honen haziak Koldo Zubizarretaren eskuetara iritsi ostean gertatu zenaren jakitun ziren kataluniarrak.

Istorio honetan, bi zati bereizten ditu Badalek: «historia eta prehistoria». Hots, Koldo Zubizarretak hazia erein ostekoa historia litzateke, baina hazi horiek gazte aretxabaletarrarengana iritsi aurrekoa ezezaguna zen, eta hori azaldu du liburuan.

80ko hamarkadan, barietate hura inork ez zuen ezagutzen “Aretxabaletako tomatea” izenarekin. Herri-kondairek eta zurrumurruek sortutako beste izendapen batzuk jaso zituen tomateak, hala nola “Atxurdinen tomatea” eta “mojaren tomatea”. Herrian espekulazio ugari ziren tomatearen jatorriari buruz, batzuk zioten Huescatik etorritako moja batek ekarri zituela, besteek ezetz, Aramaiokoa zela moja hura. Tomatearen jatorria zeinahi izan, Marc Badalen liburuan aurkitzen da istorioaren askaera. «Tomate honen bueltako mitoak desegin ditugu, misterioa kendu diogu. Hori pena bat da, baina gu oso pozik geratu gara», esan du liburuaren egileak.

Tokiko barietatearen defentsa

«Tokiko barietateek zapore, kolore, forma eta usain desberdinak dituzte. Tokiko barietate batzuekin gertatzen da askotan baratzean ez dutela hainbeste ematen, baina Aretxabaletako tomatea tokiko barietateetatik gehien ematen duena da. Gutxi-asko hibrido bat bezala, pixka bat gutxiago, baina antzera. Oso ekoizpen ona dauka. Bestalde, kolorea erakargarria du, arrosa-antzekoa. Zapore aldetik oso gozoa da, ez hain azidoa», esplikatu du Badalek.

Tokiko barazkiek nekazaritza-industria intentsiboak zanpatutako heterogeneotasuna dute altxor. Bestalde, hibridoen eta tokiko barazkien arteko desberdintasun nagusia hazietan datza. «Hibridoen haziak ez dira egonkorrak, urtebetez soilik erabil daitezke. Ez du zentzurik hibridoen haziak gordetzeak, eta horregatik mekanismo bat sortu da haziak urtero erosteko», dio Badalek. Kontrara, tokiko barietateen haziak urtero gordetzen dira, datorren uztan landatzeko. Horrez gain, idazleak azaldu du nekazaritza intentsiboan badirela «arazo batzuk nekazaritza ekologikoan ikusten ez direnak», zenbait izurrite, esaterako.

Merkatuak barazki hibridoekin beteta egonagatik ere, kontsumitzaileek tokiko barietateak estimatzen dituzte, eta, Badalen esanetan, ekoizle intentsiboak konturatu dira horretaz. «Ikusten ari gara Euskal Herriko 40 barietate ingururekin modelo intentsiboa jarri dutela martxan. Tokiko barietateak agroekologian ibiltzen garenoi interesatzen zaizkigu, baina, orain, ekoizle intentsiboak konturatu dira kontsumitzaileak barietate horiek eskatzen ari direla, eta hor ere muturra sartzen ari dira».

Alta, zin egin gabe, Badalek iritzi du Aretxabaletako tomatea industria handien eskuetatik salbu dagoela: «Barietate bat legez saltzeko erregistratuta egon behar da. Nafarroako Intia elkarteak orain 15 urte erregistratu zuen Aretxabaletako tomatea, beraz, pribatizazio aldetik ez dago arriskurik. Orain arte, tomate hau ekoizle txikiek eta ekologikoek soilik saldu dute, eta ez dut uste bat-batean supermerkatuetara sartuko denik. Superfizie handietan Almeriako tomateekin jarraituko dute. Hala ere, ez dakigu zer gertatuko den. Bio-pirateria ere hor dago, baina espero dut Aretxabaletako tomatearekin horrelakorik ez gertatzea».

Liburuaren uzta

Hain da interesgarria Aretxabaletako tomatearen historia, ezen bi kataluniar erakarri baititu bere sustraietaraino. Marta Barba antropologiari buruzko tesia ontzera ikuspuntu biopolitikotik, eta Marc Badal tomateari buruzko liburua idaztera.

“Aretxabaletako tomatea” liburua salmenta gune hauetan aurkitu daiteke oraingoz: Aretxabaletako kultur etxean, Donostiako Cristina Enea parkeko Ingurumen Baliabideen Etxean, Donostiako Kaxilda liburu dendan eta Iruñeko Katakraken.

Tomate honen historian parte hartu duten pertsona eta elkarteei «omenaldi» txiki bat da Badalen liburua, eta «irakurterraza» dela aipatu du. Aretxabaletako tomatearen historia Euskal Herriko laborarien historia ere bada, eta mende luzez ahaztu den ondarea berreskuratu du lan honek.

“Aretxabaletako tomatea” lanaz gain, Marc Badal beste liburu bat aurkezten ari da: “Vidas a la intemperie”, Pepitas de Cabalaza eta Cambalache etxeek batera editatua. Liburu horrek laborarien munduaren galera du hizpide, zeina gizakiaren eskuetatik isilik urrundu baiten. Nekazaritzaren hondamena berreskuratzeko beharra aldarrikatzen du testuak, eta historia idatzi den ikuspuntu hiritarraren ikuskera zabaltzea proposatzen du.