2018/06/16

Kronika
IKUSMIRA
BEHAR BESTE EGUN ZUENGATIK, GUREGATIK
Xabier Izaga Gonzalez
0616_ikusmira_altsasu

Duela bi hilabete eskas dozenaka mila lagunek Altsasuko gazteen askatasuna eskatu zuten Iruñean, bidegabekeria ikaragarri batetik atera zitekeen justizia apurra, alegia. Erantzuna ez zen berandutu: kartzela, urruntasuna, laidoa. Apirilaren 14a igaro zen baina mobilizazio egun handi hura ez zen eguna izan, beste egun bat baizik. Gaurkoa bezalaxe. Elkartasun, sumin, borroka egun bat. Beste bat, horrelako behar beste izango direla adierazteko. Beste egun bat, zoritxarrez azkena izango ez dena, gazte horiek etxetik ehunka kilometrora horma grisen artean itxita jarraituko dutelako. Zoritxarrez... eta zorionez azkena izango ez dena, han dauden bitartean beren herrikideen elkartasunaren, suminaren eta borrokaren berri izango dutelako.

Iruñean izango gara zuengatik, zuen senideengatik. Zuen askatasun eza denon askatasun eza dela ikusarazi duzuelako. Gizarte, herri, komunitate oso bat errazegi ahazten diren balioen inguruan kohesionatu duzuelako. Behar beste egun zuengatik, zuen senideengatik... guregatik.