Maider Iantzi Goienetxe

Ongi etorri zure kobazulora

Eguneroko errutinan bueltaka, tarteka inspirazio uneak izaten ditut eta gogoetan hasten naiz, nora goazen eta halakoak pentsatzen: hazi, ikasketak bukatu, lanean hasi, familia osatu, ala ez... Eta gero iritsi ezinda, umeekin egoteko denborarik gabe, eta bikotekidearekin, eta guraso eta anai-arrebekin, eta lagunekin, eta gure buruarekin. Lan ordainduaren sistemak egunaren puskarik handiena jaten du, baina hortik zenbat da produktiboa? Ordu guttiagotan ez al genuke berdina ekoitziko? Edo hobeki? Hartzen al dugu astirik gure ametsetan pentsatzeko, zer egin nahi dugun galdetzeko? Errutina ongi dago, segurtasuna ematen du, osasuna zaintzen ere laguntzen du, baina ez ditut ametsak ahantzi nahi, ez dut egunerokotasunak jatea nahi.

Zoriontasuna neurri handi batean norbere barrenean dagoela ez da topiko bat. Eta nire barrena aldakorra da. Batzuetan ongi sentitzen naiz, euforiko ere bai, eta bertzetan ez, egoera berean. Bien arteko alanbre gainean orekari eutsi nahian ibiltzen naiz, eroriz eta altxatuz. Norberak du bere kobazuloa, eta barrura gonbidatu nahi zaituztet. Horretarako ariketa on bat izaten ahal da denboraren taula osatzea. Nik behin egin dut eta ez zitzaidan erraza egin. Ezkerreko zutabean, goitik behera, jarduerak jarri behar dira: enplegua, etxeko lanak, militantzia, bizitza soziala, autozaintza eta bakarrik egiten dugun aisialdia, bertzeen zaintzak, formazioa, atsedena eta loa. Eta goian, ezker-eskuin, asteko egunak. Lauki bakoitzean jarduera bakoitzari zenbat ordu eskaintzen dizkiogun idatziz deskubrimendu batzuk egin nituen nik behintzat. •