Garazi Goia - @GaraziGoia
Idazlea

Trabesti psikologikoak

Theresa Mayren lana zalantzan jarri izan da hainbatetan Brexitaren negoziazioak dirauen prozesu guztian zehar; Alderdi Kontserbadorean hainbat dimisio izan dira eta bere alderdikide batzuk aurka ere egin diote denbora aurrera doan heinean erabakien gabezia gailentzen ari dela-eta. Azken asteetan Europar Batasunarekin lortu zezakeen akordioaren inguruan eszeptizismoa handitzen joan da eta optimisten artean oraindik ere entzuten ditut «Brexita bertan behera uzten bada» eta antzeko esaldiak. Oraindik ere hipotesi hori zalantzarik gabe alde batera uzteko prest ez daude.

Bitartean, parlamentuan eztabaida sutsuek jarraitzen dute eta Brexitaren lege aldaketen aurrean esan handiagoa eskatu zuten parlamentuko kideek (baita tory batzuek ere). Horrek guztiak, noski, Mayren boterea gutxiesten du eta irudi ahulago bat emanez dabil lehen ministroa. Horri aurre egin nahian akaso, NHS osasun zerbitzu publikora zuzendutako diru laguntzak modu esanguratsuan igoko zituela –20 bilioi libera gehiago aurrekontuan sartuz– esan zuen lehen ministroak aurreko astean, baldin eta Brexita aurrera eramaten bazen. Hori zen, hain zuzen ere, erreferendumean propaganda populistaren ardatz nagusietako bat. Horrelako adierazpen orok dauka bigarren bertsio bat eta hiritar guztion zergak nola igoko ziren ez zuen aipatu.

Kontrola galtzen doala ematen duenean, irudi estoiko eta ziur hori mantentzen du Mayk; bere kanpoko itxura eta erretorika behintzat ez dira aldatzen. Horrelako egoera batean konparaketak ekidinezinak dira eta askotan ekarri da gogora Margaret Thatcherren irudia. Zer egingo zukeen hark Mayren lekuan balego?

Margaret Thatcherren idazkari pertsonala izan zenaren kontaketa biografikoarekin liburu bat kaleratu da duela gutxi, “People like us: Margaret Thatcher and Me” izenburuduna. Caroline Slocock izan zen britainiar lehen ministroek inoiz historian zehar izan duten lehenengoko emakumezko idazkaria, eta Thatcherren ondoan eman zituen hemezortzi hilabete 1989 eta 1991 artean. Feminista sutsua, ezkertiarra eta Thatcherren printzipio askoren aurkakoa. Ez zuen Thatcherrek berak aukeratu.

Slococken hitzei jarraiki, deigarriak iruditu zaizkit Thatcherren benetako nortasuna eta sortu zuen «pertsonaren» arteko kontraesanak. Besteak beste gizonezkoak gailentzen ziren testuinguru hartan Thatcherrek egin behar izan zituen esfortzua eta pairatu zituen egoera sexistak ditu kontagai. Aipatu beharrekoa ere, garai hartan beste emakume bat bakarrik zegoela lehen ministroaren kabinetean. Giro matxista hartan onartua izateko bakarrik egin behar izan zuen lanari buruz kapitulu ugari daude. Itxura androginoa eta azal gogorreko jarrerak, eta “benetako emakumeengandik” ezberdina zela azaldu “beharra” izan zuela dio, hainbatetan feminismoaren aurkakoa zela eta “trabesti psikologikoaren” kontzeptua iradokiz, bide batez nortasun bikoitz hori azpimarratuz.

«Gizonezkoa izan balitz egoera aski ezberdinean amaituko zuen bere agintaldia», dio Slocockek agintariaren azken asteak eta hilabeteak gogora ekartzen dituenean, Thatcherren zaurgarritasun nabarmena erakutsiz.

Brexitaren negoziazioak modu batera edo bestera amaituko dira eta norberaren ideia politikoetatik haratago, hemendik urte batzuetara Mayri buruz idazten denean, antzeko analogia asko aterako direla uste dut. Tamalez, boterea lortu duten edo nahi duten emakumeen inguruko dinamikak ez dira asko aldatu Thatcherren garaitik. Diskriminazioa, misoginia eta estereotipo negatiboak oraindik ere hor daude, nahiz eta #MeToo eta antzeko kanpainetan ahots ozenagoz azaltzeko plataforma publikoak sortu diren. •