Ramon Sola

Grande-Marlaska ez da bat-batean zalditik erori

Rosa Lluch eta Jon Irazolaren istorio eta bizipenek ez dute lotura posiblerik: izatekotan, bien kasuak kontrako muturretan lirateke. Kataluniarrak duela hemezortzi urte galdu zuen aita, PSOEko ministro izandako Ernest, ETAk tirokatuta. Eta euskaldunak 31 urte egin behar izan zituen erbestean, 2014an Elorriora itzuli arte. Bataren zein bestearen esperientziak elkarrengandik hain urrun egonda, zer pentsatua eman dit azken asteotan batari zein besteari GARArako elkarrizketa egiterakoan hausnarketa oso antzekoa egin dutela. Denborari buruzkoa, alegia.

Kasualitate batzuk tarteko, Bartzelonako gune historikoaren erdi-erdian den Tinell aretoan izan nuen Rosa Lluchekin solasaldia. XIV. mendeko eraikina da, ikusgarria oso; ilunpean gordetako hormatzarrek iraganera itzularazten zaituzte (aipatzen da Cristobal Colonek agian bertan eman ziela buruan zuen bidaiaren berri Errege-Erregina Katolikoei). Hunkituta zen oso Lluch leku hain berezian egon ahal izateagatik; izan ere, Erdi Aroko Historian espezializatutako unibertsitate irakaslea da, eta garai hura bihotzean darama, ofizioz eta afizioz. Hain ondo ezagutzen duen ikuspegi historikoa baliatuz, begirada luze-luzearekin egin zion so Euskal Herriko egungo egoerari. «Prozesu historikoak ikaragarri luze eta geldoak dira, eta Euskal Herrian dena konpontzeko presa gehiegi ikusten dut, alde batekoen zein bestekoen aldetik. Zailak diren gauzek denbora behar dute, eta nekez azkar daitezke», esan zidan. Aitortzen dut elkarrizketatzaileari kosta egin zitzaiola harridura gordetzea, azken urteotan gauzak geldoegi –etsipengarriki mantsoegi sarri– joan direla aski barneratuta baitugu.

Irazolarekin Donostian mintzatu nintzen, gaur Orion egingo den ekitaldiari begira. Ez da historialaria elorriarra, baina berea ere begirada luze eta sakona da ezinbestean, kanpoan bizitza erdia pasa ostean, sorterrira itzuli ondoren ere erbestean edota deportazioan hamarkadak eta hamarkadak daramatzaten lagunen etxerako buelta errazteko ahaleginean buru belarri baitabil. Ba berak ere denbora izan du aipagai, perspektibaren beharra; 2013an Biarritzen plazaratutako bide orriari mesfidantzaz begiratu ziotela askok azaldu du –borroka urte latzenek barru-barruan txertatutako mesfidantza alegia– eta urteak –eta emaitzak– behar izan direla hori gainditzeko.

Esan ohi da politikan, bizitzan bezala, aldaketa garrantzitsuenak guztiz saihestezinak diren arte ez direla gertatzen. Denborak heldutasun puntu bat eman behar die, zenbaitetan usteltze kiratsa nabaritzen hasi arte. Orain badirudi azkenean espetxe politikan inflexio-puntua gerta daitekeela Estatu espainolean, eta ez da kasualitatearen fruitua izango, denbora eta baldintza egokiak sortu izanaren ondorioa baizik. Ez da Estatuaren nahiagatik izango, beharragatik baizik.

Saihestezintasun horren adibide gorena Barne ministroa da. Komeni da gogoratzea 2005ean ETAren eta Zapatero presidentearen delegazioaren artean hitzartutako “zero puntua” delakoan presoen egoera hobetzeko edota atxiloketak bertan behera uzteko konpromisoak izan bazirela, eta Fernando Grande-Marlaska izeneko epaile batek sabotatu zituela; eta 2011n Aieteko Adierazpenak planteatutako gatazkaren ondorioak gaindi ez zitezen ere boikotatzaile gisa jokatu zuela, torturaren aurrean ez-ikusiarena eginez edo “Parot doktrinari” eutsiz. Orain ez da bat-bateko konbertsioa gertatu, Grande-Marlaska ez da zalditik erori; sorturiko baldintza berriek, eta denborak, bota dute. •