Miren Azkarate Badiola

Aurrera haurtzaroa!

Udako iluntze epela, Donostiako Parte Zaharreko Plaza Berrian haurrak baloiarekin jolasean. Auzo bizitzaren arnasgune atsegin horretan bortizkeria: Polizia Munizipalak haien jolasean esku hartzen du. Plaza Berrian ezin omen da baloiarekin jolastu!, horretarako omen dago Trinitate plaza! Gainera, kasualitatea, gaur ere haurrei itxita dago Jazzaldirako pribatizatu dutelako.

Berriz ere Donostia ezagutzera etorritako turistak pribilegiatuak; egiazko Donostia ezagutzeko aukerarik izango ez dutenak, tamalez. Eta, axola al dio Donostia bisitatzen duen turistari bertako herritarren bizitzan Udalaren turistifikazio eredua eragiten ari den inpaktuak?

Seguru bertako pintxoak, bertako edari eta jakiak, bertako museo eta historia, hondartza, biodibertsitate, ohitura, musika eta bestelako adierazpen folklorikoak deskubritzeko irrikatan dela bidaiaria. Eta bertako egunerokoa? Bertako biztanleak? Bertako haurren barre eta jolasak? Euskarazko kantu eta leloak?

Gustura entzungo nuke bisitari atzerritarraren iritzia, egia esan. Baina, zer diote haurrek haien kale eta plazak “erreserba turistiko” egin izanari buruz, Goia jauna? Zeinentzat da Parte Zaharreko espazio publikoa?

Inoiz baino ozenago haurrak eta auzotarrok kalea berreskuratzera!

Parte Zaharra bizirik!

Aurrera kalean jolasak antolatzearen gisako ekimenak!

Aurrera haurrak eta haurtzaroa!

Donostiako Parte Zaharraren turistifikaziotik ihes egindako batek...•