2018/08/11

Olatz Arregi Uriarte
UPV/EHUko Donostiako Informatika Fakultateko irakaslea eta ikertzailea
#NiEreBai teknologia alorrean

Googlek James Damore langilea kaleratu zuen 2017. urtean. Arrazoia? Damorek berak zabaldutako txostena emakumeen inguruan. Bertan esaten zuen emakumeak biologikoki ez geundela gizonezkoak bezain ondo prestatuta ingeniaritza lanetarako, emakumeok nahiago genituela arte edo gizarte arloko lanak, eta errazago jotzen genuela sentimenduetara edo estetikara ideietara baino.

“Communications of the ACM” aldizkariaren maiatzeko zenbakian [https://cacm.acm.org/magazines/2018/5/], Moshe Y. Vardik, informatika arloan dagoen genero desoreka ulertzeko, emakumeek informatikaren historian jokatutako papera aztertzen du. Gure inguruan eskatzen badugu emakume informatikari baten izena emateko, askok ez lukete jakingo zer erantzun, gutxi hitz egin baita haiei buruz.

Ada Lovelace eta Grace Hopper dira ezagunenetakoak. Charles Babbage matematikari britaniarrarekin elkarlanean aritu zen Ada Lovelace. Baggagek “makina analitikoa” izeneko lehenengo ordenagailuaren ideia garatu zuen, eta Adak horretan lagundu zion makinari buruzko deskribapena eginez, besteak beste. Gainera, lehenengo programazio-lengoaia asmatu zuen, gerora (mende bat pasa ondoren) bere izena hartu zuena (Ada lengoaia). Grace Hopper, berriz, Mark I ordenagailuaren lehenengotako programatzailea izan zen; horrez gain, COBOL programazio-lengoaiaren garapenean ere paper garrantzitsua jokatu zuen.

Baina bi emakume horiek ez dira bakarrak, badira adibide asko emakumeen papera informatika alorrean agerian uzten dutenak, adibidez, jakina da zazpi emakume izan zirela helburu orokorreko lehenengo konputagailua (ENIAC izenekoa) programatzen aritu zirenak. Konputagailu elektronikoak hasi aurretik, kalkuluak egitea pertsonen/gizakien lana zen, eta zehaztasun eta pazientzia handiko lana gainera. Lan hori, kodeen deszifratze-lana bezalaxe, emakumeen esku zegoen gehienetan, berriki, hainbat liburu eta filmetan ikusi den moduan.

Zer gertatu da orduan, gaur egun horrelako desoreka egoteko emakumezkoen eta gizonezkoen artean informatikaren edo teknologiaren alorrean?

Otsailean, Emily Chang kazetariak idatzitako “Brotopia” [http://www.brotopiabook.com/] izeneko liburua argitaratu zen. Bertan, beste gauza askoren artean, Silicon Valleyn (goi mailako teknologia ekoizten duten nazioarteko enpresa handienak eta milaka enpresa berri kokatuta dauden bailara) dagoen sexismoa uzten du agerian. Liburuan zehar, teknologia enpresa handiek egiten dituzten festen berri ematen du, parte hartu izan duten protagonistak elkarrizketatuta. Festa horietan, liburuaren arabera, sexu-harreman irekiak ohikoak dira eta droga desinhibitzaileak kontsumitzen dira askotan. Emily Changen arabera, arazoa da sexu-harreman horiek emakume askorentzat bahe bihurtzen direla finantzazioa edota kontratuak lortzeko. Horrez gain, kazetariak dio inbertsoreek jacuzzietan egiten dituztela hitzorduak edota striptease lokaletan elkartzen direla gizonezko kideekin negozioak egiteko. Liburuko elkarrizketa horietako batean, konpainia handi bateko inbertsore batek dio gizonezko asko ikusi dituela hainbat emakumeri itxaropen faltsuak ematen haiekin oheratzeko.

Pentsa daiteke hori Silicon Valleyn soilik gertatzen dela, baina Moshe Y. Vardik bere artikuluan dio #NiEreBai mugimenduak argi utzi zuela mundu akademikoan ere emakumeekiko etsai-giroa egon daitekeela. ACMko konputagailuen arkitektura taldeko blogean [ACM SIGARCH, https://www.sigarch.org/], Kathryn McKinleyk, “Guri gertatzen zaiguna ez zaio zuetako gehiengoari gertatzen” izenburupean [https://www.sigarch.org/what-happens-to-us-does-not-happen-to-most-of-you], konputagailuen arkitekturaren komunitatean, mundu akademikoan, emakumeek jasaten dituzten jazarpen eta jarrera sexisten berri ematen du. Idazleak, berari gertatutakoez gain, beste lankide edo ezagunei gertatutakoak kontatzen ditu. Pasarte asko aipatzen ditu blogean, besteak beste, honako hauek: bera haurdun geratu zenean, lankide batek ea lana utzi behar zuen galdetu zion; beste behin, Microsofteko zuzendari batek esan zion kontratatuta zegoela emakumea zelako; askotan, ia urtero, gizonezkoren batek galdetzen dio ea idazkaria den; eta konferentzietan, bere gelan sartzea eskatu izan diote behin baino gehiagotan. Horrelakoak ez zaizkio bakarrik berari gertatu, beste lankideen esperientziak ere antzekoak dira.

Beraz, esan daiteke, informatika alorrean, gizarteko beste hainbat eremutan bezala, emakumeok eta gizonezkoak ez gaudela berdintasunean. Eta emakumeak alor horretan gutxiengoa izatea ez dela bakarrik ez dugulako mundu horretan sartu nahi, gutxietsiak sentiarazten gaituztelako baizik. •