2018/08/18

Gorka Zozaia . @zotz_
Kimikaria
Soluzio bakarra eta galdera pila

Donostiako Aste Nagusiko protagonista ei diren su artifizialei begira hantxe ikusi dut berriz ere Marte, piztu eta itzaltzen diren suzko bolatxoen artean, argi gorri finkoa. Egiari zor, ia egunero ikusi izan dut aurreko hilabetean lerrootatik zerura begiratzeko plana proposatu nuenetik. Hodeitzak ez zuen gure lurretan Ilargi eklipsea ikustea erraztu, baina, tira, planetak hor izan dira eta askok ikusiko zenituzten. Pertseidek ere eman digute zerura begira egoteko motiborik. Zerura begiratzerik izan ez duzuenok, beharbada proposaturiko problemari bueltaka ibili zarete hilabete honetan. Soluzioa irudira ekarri dudana da: biribil, karratu eta hiruki formadun zuloetatik pasa ahal den solidoa. Baina bigarren galdera bat ere gehitzen nuen, ea edozein hiru formarekin ebatz ote daitekeen problema bera.

Soluzio bakarra iragarri dut eta ez dut bigarren galdera horren erantzunik emango. Kortxo zatiari begira, badirudi espazioko hiru dimentsioak independenteak direla, eta posible litzatekeela beste edozein formarekin ebakitzea elkarzutak diren hiru aurpegiak. Era berean, agerikoa da zuloen dimentsioa, adibidez, ezin dela edozein izan, eta, beraz, galdera bera birformulatzera nator gaur: zein baldintza bete behar dituzte forma ezberdineko hiru zulo horiek, hiruretatik pasatzen ahal den solido bat diseinatzea posible izateko?

Aurreratzen dizuet ez dudala nik erantzunik, baina tira, ez da lehen aldia izango lerrootan problema bat ebatzi barik utzi dudana, eta, gainera, galdera bera da interesgarriena. Duela ia bi urte ebatzi gabe utzi nuen “logika problemarik zailena” deritzona birgogoratzeko baliatuko dut aukera: gizaki bat eta fauno bi ditugu aurrean, fisikoki bereizezinak direnak. Guk gizakia zein den antzeman behar dugu, edonori galdera bi eginez soilik, jakinik fauno batek beti egia esaten duela, beste faunoak beti gezurra eta gizakiak egia edo gezurra esaten ahal duela.

Galdera pila iragarri ditut ere eta zuzenean problema “zailena” ebazten saiatu aurretik, bidea argitu ahal duten beroketa problema batzuk utziko dizkizuet segidan:

–Gela batean zerura eta infernura eramaten duten ate bi daude eta bertan bi atezain. Batak beti egia eta besteak beti gezurra esaten duela jakinik, galdera bakarrarekin ebatzi zein den zerurako atea.

–Egiaren Herrira eta Gezurraren Herrira doazen bideak gurutzatzen diren lekuan pertsona bat dago, zein herritakoa den ez dakiguna (hots, egiazale edo gezurtia den), eta galdera bakarrarekin egiaren herrirako bidea hartu behar dugu.

–100 kilo pisatzen duten pertsona bik eta 50 pisatzen duten beste bik erreka zeharkatu behar dute gehienez 100 kilo onartzen dituen txalupan. Nola?

–Hiru misiolari eta hiru kanibal, bi pertsona sartzen diren txalupa batekin, erreka zeharkatu beharrean dira. Ertz batean ezin dira inongo unetan kanibalak misiolariak baina gehiago izan, jan ditzaketelako, ezta alderantziz ere, ebanjelizatuko dituztelako.

Hori bai, problemak eta galderak bazterrean uzteko soluzio bat ere baduzue gaurkoan Bilbora hurbiltzen ahal zaretenek, nahiz eta soluzio –Aste Nagusi– bakarra ez izan... Gora Marijaia! •