2018/08/25

Doneztebeko plazan dantzan, 1924ko jaietan

1924an Doneztebek 843 bizilagun zituen. Urte hartan Nafarroako Administrazio, Nekazaritza eta Merkataritza Gidak zioenez, herriko ekoizpen garrantzitsuenak artoa, babarrunak, egoskariak eta barazkiak ziren, eta bi gaseosa fabrika ere bazeuden bertan. Orain bezala lehen ere Doneztebeko Bear Zana plazan laxoan jokatzen zuten. Euskal pilotaren modalitaterik zaharrenetakoa da laxoa. Artikulu hau ilustratzen duen irudiak 1924ko jaietan Bear Zana plazan egindako herri bazkari baten ondorengo dantzaldiaren momentu bat jasotzen du. Haren egilea Donostian bizi zen Ricardo Martin argazkilaria izan zen, bizi izan zen garaiko milaka eta milaka lekuko grafiko utzi zituen eskarmentu handiko erreportaria.