Ana Elosegi Serna
Harremanak Hezkuntza Elkarteko kidea

«Salamancara joan nintzen…»

Udara honetan buruan bueltaka daukat ea ote daukan zerikusirik oporretan zein lekutara joaten zaren zure nortasunaren ezaugarriekin. Badaude familia eredu batzuk udaro leku berdinera joaten direnak, bigarren etxe bat daukatelako edo ohituraz urtez urte hara joatea gustatzen zaielako. Nik uste dut euskaldunak ohitura zaleak garela, erritual zaleak, eta, hortaz, badaukagula halako joera bat leku berdinetara joateko, kuadrillan, familian… egunerokotasunean gure izateko moduaren ezaugarrietako bat delako leialtasuna. Egunerokotasunean, betiko ile-apaindegira, medikura, dentistara edota ginekologora joateko joera dugu. «Los vascos y vascas son diferentes» esaten dute, euskaldun baten bizilaguna edo laguna egiten bazara betiko lagun egiten zarelako…

Hasieran esan dudan bezala, ba ote dago oporretako helmugaren eta nortasunaren arteko lotura lantzen duen ikerketarik? Antzekotasunik ba ote dago Saloura joaten direnen artean? Edota Pirinioetara, Madrilera, Warner parkera, Portaventurara, Benidormera edo Kanaria Handiko todo incluido-etara joaten direnen artean?

Niri urtero helmugaz aldatzea gustatzen zait, eta aurten Salamancara joan gara kanpinean. Konpainia ederrean, lagunekin, hemendik bost ordura leku zoragarriak ikusi ditugu, erreketako putzuak, ibilbide ederrak familian egiteko, herri txiki zoragarriak, zezenak eta animalia mordoa kanpalekuan bertan…

Gauero haurrak linternak hartu eta trikuak eta igelak ikustera joaten ziren, edota barbakoa bat egiten genuen haurrak parte hartzaile bihurtuz, mahai jolasetan jolasten genuen, kontuak kontatu. Mahai bueltako horri “gozo jana” deitzen genion. Denak adin ezberdinetakoak, baita tartean nerabeak ere, wifirik gabe, mugikorrik eta tabletarik gabe, zoriontasunaren jabe. Afarietako mahai jolasak gurasoen kontuak entzunez, elkar zainduz, elkarrekin jolasean.

Handik bueltan, etxera etortzean, pentsatu nuen oporretan haurrak, gazteak eta helduak gai bagara une zoragarriak konpartitzeko, aurrez aurre, kontu kontari, abestuz, elkar entzunez, jolasean, naturaz gozatuz, ia gastatu gabe, teknologia berririk gabe, errusiar mendi erraldoirik gabe, hegazkinik hartu gabe, zergatik ez ote garen gai ikasturtean zehar ere tarteka bederen une horiek elkarrekin izateko.

Horixe bera izan beharko litzateke gure erronka, nire erronka. Tarteka gelditu eta ingurukoei denbora eskaintzea deirik gabe, kirolik gabe, Whatsappik gabe, kanpoko zirkuitulaburrik gabe. Oinarrian ez dugulako beste guztia behar, une sinpleetan dagoelako zoriontasuna! •