2018/09/01

Amaia Urrejola
Sexologoa eta psikologoa Euskal Herriko Sexu Heziketa Eskolan
Ugalketaren paradigma gainditzen

Gehiegitan, sexuari buruz jardutean, diziplina desberdinetatik egin ohi da, hala nola, erlijioetatik, medikuntzatik edo mugimendu sozialetatik. Gutxienetan egiten da, ordea, sexologiatik. Horrenbestez, asko dira sexuari buruz mintzatzen direnak sexuaz pentsatu gabe, sexuaz ikasi gabe, sexua ikertu gabe. Efigenio Amezua sexologo bikainak argi adierazten du: «Sexua sentitu eta sentsatu egin daiteke, baita pentsatu ere. Bada, azken hori ezinbestekoa da».

Ezagutzen ez dena asmatu egiten da eta hutsune teoriko eta enpirikoa normaltasunaren paradigmarekin bete. Hiztegiak honela definitzen du “paradigma” terminoa: «Zalantzan jarri gabe onartzen den teoria edo teoria multzoa, arazoak konpontzeko oinarri eta eredua eskaintzen duena». Gizarte eta garai bakoitzean, sexualitatea ulertzeko modua printzipio horren mende egon da, eta, horregatik, gehiengoa norma bihurtu da (normala), eta sexualitatea normatibizatu, pobretu eta erabat murriztu da.

Sexualitatearen xedeak hiru dira eta, horien arabera, hiru ikuspuntu eraiki ditugu: ugalketarena, erlazionala eta aisialdikoa. Ugalketa ardatz duen ereduan, harreman erotikoak senar-emazteen artean soilik dira onargarri, betiere, seme-alabak izateko bada. Esparru horretan, harreman erotiko anonimoak sarri izatea “kontrolez kanpotzat”, patologikotzat, hartzen da. Eredu erlazionalean, jarduera erotikoa intimitatea adierazi eta indartzeko era da, baina debekatuta dago harreman egonkor batean gertatu ezean. Azkenik, aisialdiko ereduan, harreman erotikoen xedea gozatzea baino ez da, nahiz eta tartean direnak euren artean ezezagunak izan.

Egun, gure jokabide erotikoak erlazionalak eta aisialdikoak direnez, paradigma erlazionalaren eta aisialdikoaren artean gaudela uste dugu. Baina egiten duguna eta egiten dugun hori nondik pentsatzen eta interpretatzen dugun bi gauza oso desberdin dira. Hau da, jokabide erotikoak interpretatzeko erabiltzen dugun abiapuntua ugalketarena da eta ideologia matxistak erabat baldintzatzen du. Beraz, paradigma intelektual nagusia ugalketa ereduan eta sexualitate maskulinoan oinarritzen da.

Sexualitatearen oinarrizko osagaiak (gorputza-plazera-desira) ugalketaren paradigman funtsatuz gero, gorputza genitaletara murrizten da, plazera koito bihurtzen da eta desira erotikoa desira heterosexual bilakatzen da. Horrenbestez, sexu-harremanetan pentsatzen baldin badugu, ugalketa-adina eta koitoa egiten duten bikote heterosexualak baino ez ditugu gogoan izango; hori izango da “normala”. Koitoa ez den beste edozein joko erotikok kategoria baxuagoa izango du, atariko hutsa izango da, edo, kasurik onenean, harreman osatu gabea. Txarrenean, perbertsioa. Laburbilduz, genitalik gabeko sexu harremanak, baita heteronormatibitatetik eta androzentrismotik at dauden sexualitateak eta sexuaren inguruko posizionamendu politikoak ere, tabu, perbertsio, gaixotasun, erradikal eta bazterreko kontsideratzen jarraitzen dugu oraindik ere.

Funtsean, sexu heziketak, sexualitatea ulertzeko eta interpretatzeko abanikoa zabalduz, ugalketaren paradigma gainditzen du. Sexualitatea eta gozamena gorputz guztian kokatuz, desira erotikoa anitza dela ulertuz, sexualitatea ongizatea lortzeko bitarteko dela barneratuz eta umeek, zaharrek eta desgaitasuna duten pertsonek ere badutela onartuz. •