Antton Izagirre

Galeuska

Kataluniako Diada berri baten atarian izateak, festa eta errebindikazio egun batetik haratago, espainiar Estatuaren menpeko nazioak etorkizun hurbil eta ertainerako, ezinbestean, garatzen ari diren, eta behar dituzten, estrategien gainean zer pentsa jarri gaitu. Ezinbestean diogu, Kataluniaren uberan, Euskal Herria eta Galizia ere, norabide berean eta xede bera bilatzen duten nazio-lurralde modura, elkar hartuta jardutera behartuak daudela uste dugulako. Bakoitza bere aldetik, ezaugarri, izate eta historia desberdinetan oinarri hartuta baina kateatzen dituen marko politiko beraren menpe katramilatuta daude. Hau da, katebegiak hautsi daitezke alde bakarretik, egingo den indarraren baitan egon daiteke hori, baina entitate nazional berriak aitortzeko aukerak hiru lurraldeentzat baliagarriak izango dira ala inorentzat ez. Beraz, alde horretatik, hiru nazio-lurraldeen artean sor daitezkeen sinergia bateratuak, gaurdanik hasita, epe ertainerako begirada zabaltzea ekarri beharko luke.

Ezinbestean, baita ere, globalizazioa, mundu-ekonomia, mugarik gabeko neoliberalismoa ezartzen ari den mundu ikuskera bakarraren aurrean, nazio ikuspegia duten herriek aukera hobeak izango dituzte, asimilazio eta baldintzarik gabeko desagertzeari aurre egiteko.

Espainia edo Frantzia moduko nazio-estatuek, kasurik onenean, onartu dezaketen ezaugarri etniko eta folkloriko edo autonomia mugatuaren aurrean, nazio izaera aldarrikatzea eta xede horren bila politika egitea, jarrera aurrerakoia da; eta ez, unionistek eta postmoderno zenbaitek dioten moduan, joan den mendeko ideologia. •