Miren Azkarate Badiola

Ibilian

Asteburuan Artikutzan hiru orduko bueltaxka bat emateko aukera izan nuen. Luxua da etxetik gertu horrelako paraje ederretan ibilaldiak egin ahal izatea. Umea bizkarrean jarri motxilan eta tipi-tapa zuhaitz artean isiltasun eta lasaitasunean. Horrelako plazerak geroz eta urriagoak ditugu gure estres bizitzetan!

Umearen algara, oihu eta kexaren batek edo bestek besterik ez zuten isiltasuna apurtzen eta bide erdian, loak hartu zuenean, hantxe hasi zen nire burua kezken artean bidaiatzen. Ezin momentu hori ere lasai joateko probestu!

Esan bezala, plazerez egiten ari ginen txangoa zen: nahi genuenean deskantsatu, jatekoa soberan, edatekoa ere, inoren erritmorik jarraitu beharrik gabe… Eta supituki bide hori derrigortuta, janaririk eta edatekorik gabe, haur txikiekin zein handiekin soinean egiten dituzten milaka emakume iheslari eta migratzaile etorri zitzaizkidan gogora. Ordu luzez ibiltzen Mendebaldeko herrialdeek sortutako gudetatik ihesi; behin beraien aberastasun guztiak lapurtuta, miseriatik ihesi.

Zertarako eta gure herrialdeetara, “giza eskubideen lurraldera”, laguntza eske, bizitza hobe baten bila heldutakoan gure instituzioek eta gizartearen zati handi batek atea muturren aurrean ixteko!

Nire buruak pentsaketan segitzen duen bitartean nire oinek orbel artean plazerez jarraitzen dute bidea. •