Gorka Zozaia - @zotz_
Kimikaria

Ez sinistu pentsatzen duzun oro

Esaldi gogoangarria iruditu zitzaidan pasa den egunean sare sozialetan ikusi nuena: «Ez sinistu pentsatzen duzun oro». Maiz pentsamendua neutroa dela deritzogu eta pentsatzen duguna ondo pentsatuta dagoela uste dugu, arrazoia erabiltzean ariketa estandar eta aseptiko bat egiten ariko bagina bezala. Errealitatea baina oso bestelakoa da, eta, hala, aurreko astean proposaturiko moduko asmakizun asko horretantxe oinarritzen dira: ez dugu ongi pentsatzen.

Pentsatzen dugunean ez sinisteko esanda, nola ez ohartarazi aurreko hilabetean proposaturiko problemen soluzioetan ere ez dela sinistu behar. Soluzioek, pentsamenduak bezala, bakarrak eta ziurrak dirudite, baina ez dira problema jakin baterako ebazpen jakin bat baino. Gainera, soluzioek pentsamendua eten egiten dute eta ez dira beraz batere interesgarriak, baina, egiari zor, batzuetan eskertu ere egiten dira. Pentsatzen jarraitu nahi duenak beraz ez dezala irakurtzen segi, eta besteontzat, honatx aurrekoan planteaturiko problemen soluzioak:

Erreka gurutzatzeko problemekin hasita, agerikoa da egitura antzekoa dutela biek. Ehun kilo onartzen dituen txalupan (T), A eta B ehun kilo pisatzen dutenak eta a eta b berrogeita hamar pisatzen dutenak izanik, honela egin beharko dute gurutzatzeko: ABabT-> AB-abT> ABaT-b> Aa-BbT> AabT-B> A-BabT> AaT-Bb> a-ABbT> abT-AB> -ABabT. Misiolari (m1,m2,m3) eta kanibalen (k1,k2,k3) kasuan berriz: m1m2m3k1k2k3T-> m1m2k1k2-m3k3T> m1m2m3k1k2T-k3> m1m2m3-k1k2k3T> m1m2m3k1T-k2k3> m1k1-m2m3k2k3T> m1m2k1k2T-m3k3> k1k2-m1m2m3k3T> k1k2k3T-m1m2m3> k1-m1m2m3k2k3T> m1k1T-m2m3k2k3> -m1m2m3k1k2k3T.

Egiazale eta gezurtiei egin beharreko galderei dagokienez, infernu eta zerura ematen duten ate bana dauden gelan, bietako edonori “zure kideak ate honetatik zerura joango naizela esango lidake?” galdetuta, erantzuna baiezkoa denean infernurako atea izango da, eta alderantziz. Egiaren eta Gezurraren herrien arteko bidegurutzean den ezezagunari egin beharreko galdera eleganteagoa da oraindik: “nondik etorri zara zu?”. Eta seinalatzen duen bideak beti eramango du Egiaren herrira. Azkenik, problema “zailenari” dagokionez, fauno bi (gezurti eta egiazale) eta gizakiari (gezurra edo egia esaten ahal duena) galdera bi eginez gizakia identifikatzeko, honela jokatu behar dugu: lehen galderarekin hiruretatik faunoa zein den ziurtatu, eta, bigarren galdera berari pausatuz, gizakia identifikatu.

Hiru izakiak A, B eta C izanik, Ari galdetuko diogu: “zure kideen artean probableagoa al da Bk egia esatea?”. Erantzuna baiezkoa bada, hiru aukera daude: A fauno egiazalea da, B gizakia eta C fauno gezurtia; edo A fauno gezurtia da, B gizakia eta C fauno egiazalea; edo A gizakia da eta B eta C faunoak. Hots, C faunoa dela badakigu. Alderantziz, Aren erantzuna ezezkoa izango balitz, B litzateke faunoa ziur. Demagun Ak baiezkoa eman digula; beraz, Cri pausatuko diogu bigarren galdera: “Beste faunoak esango luke A gizakia dela?”. Infernu eta zeruko ateen kasuan bezala, erantzuna baiezkoa bada, A ez da gizakia izango (B litzateke), eta, ezezkoa bada, A izango da gizakia. Lehen galderan Ak ezezkoa emango balu, modu analogoan jokatuko genuke bigarren galdera Bri pausatuz. •