Garazi Goia - @GaraziGoia
Idazlea

Kafe-etxeetako espezieak

Londres mendebaldean, hiri zentroa eta aldirien artean dagoen auzo batean bizi naiz. Familia gazteen bizilekua izateko fama izan du beti, espazio berde ugari ditu, parkeak eta haurrentzako jolas lekuei dagokienez aukera ugari; jatetxeak, tabernak eta kafe-etxeak erruz, azken tendentziak markatzen dituzten dendak eta beharrezkoak ez diren baina tentazioari zirika egiten dioten beste hainbat denda.

Azken bi asteetan, goizetan auzoan zehar paseoak ematen nituen bitartean, beste “espezie” batzuk ezagutzera iritsi naiz. Banuen haien berri, baina egunerokotasunera zuzenean ikusteko eta bizitzeko aukera izan arte, zaila da haien mugimendu eta ohitura zehatzen berri izatea. Hemen deskribapen motza.

Habitata: Diseinu sofistikatuko kafe-etxeak, estiloz retroak edo urban-chic-ak edo akaso bien nahasketa. Bonbillak soka batetik zintzilik daude, eta apenas ematen dute argirik diseinu industrialeko mahai handietan. Denek une hura partekatzeko eta komunitate zentzu sendoagoa emateko mahai handiak dira, nahiz eta elkarri begirada bat zuzendu ere egin gabe dauden han eseritako guztiak. Brunch-ak egitera joaten da jendea bertara, jaki osasuntsuekin, adibidez madalena veganoak, ahuakatea zerealdun tostada batean limoi zukua gainetik botata eta almendra esnearekin kafea. Hiru libra balio ditu kafesne normal batek, baina beraiek “anormal” egiten dute; kafe alea kafe-etxean bertan txigortutakoa da, noski (Kolonbiatik ekartzea ez zen ekologikoa izango), kontu handiz esne kopuru zehatza jartzen diote eta aparrean eguzki baten irudia egiten dute, inguruan dagoen energia positiboa iradokiz. Optimistak askoz ere hobeto bizi dira (ni ere horrekin ados nago).

Bi espezieak:

Bat. Freelance amak. 35-45 urteko emakumeak. Haurrak eskolan utzi ostean bederatziak aldera iristen dira. Haurrak izan zituztenean utzi zuten bizitza korporatiboa, eguneroko errutina hura bateraezina zen familiako dinamika berriekin. Diseinatzaile alternatiboen arropak soinean dituzte edo bestela kirola egiteko jantziak, kafe-etxetik ateratzean gimnasiora joango dira-eta. “Proiektu” ezberdinetan lanean ari dira, askotan, definitzea zaila den proiektuak dira; baina enpresa-sortzaileak direla esaten dute, kontzeptu berri baten inguruan ari direla “lanean”. Denek komunean daukaten gauza adierazgarriena: finantzetan lana egiten duen edo behintzat bien soldata adina diru etxera ekartzen duen bikotekidea. Bilerak egiten dituzte bezeroak izan litezkeen beste freelance batzuekin. Irakurtzen ari diren liburuak: Sheryl Sandbergen “Lean In” edo autolaguntzako liburuak (nola lortu oreka perfektua zure bizitzan eta horrelakoak). Mac ordenagailua daukate poltsa garesti baten barruan.

Bi. Millenial ameslaria. 18-25 urte inguruko mutila. Unibertsitatean politika eta komunikabide ikasketak egiten ari da edo bestela lanean hasi berria da. Lanean dabiltzanak, behin lehenengo hiru hilabeteak egin ostean, kudeaketa postu bat edo soldata igoera bat eskatzen dute. Inteligentzia artifizialari buruz hitz egiten dute, inbertsioez eta globalizazioaz. Inteligentzia emozional gabezia izugarria dute. Pertsonalitate gogorrekoak, gauzak oso garbi dituzte eta horrela adierazteko gaitasuna dute; ameslariak, idealistak eta ausartak dira. Egun batean, ziurrenik hemendik urte gutxira, norbere enpresa izango dute. “Egun batean” esatean, 30 urte bete baino lehen esan nahi dute. Noski, Mac bat edo tableta bat erabiltzen dute “lan” egiteko. Mundua ezagutzeko bidaiak planeatzen ari dira, helduen habitat hartan lekua bilatzen duten bitartean, gurasoek emandako dirutik dena. Start-up bat nola sortu edo bitcoin-etan nola inbertitu azaltzen duten liburuak jartzen dituzte denok bistan, mahai handiaren gainean. •