Maider Iantzi Goienetxe

Ziztu bizian

Gero eta azkarrago doa bizia eta gero eta pazientzia guttiago dugu. Ondorioz, ez dugu ongi ikusten, ez gara konturatzen inguruan dugunaz, gibelean uzten dugunaz. Gogoeta hori etorri zait oporretatik lanera bueltatu eta hiru egunera, sabelean, bularrean eta gorputz adar guztietan xinaurriak harat-honatean sumatzen ditudala. Ezinegona dut.

Bi egunez segidan ailegatu naiz prentsaurrekora lasterka, izerditan, ileak nahasita. Atzo, gaizki-ulertu batengatik, bueltaka ibili nintzen Hondarribian barna. Oinez izan zen eta distantziak izugarriak iruditu zitzaizkidan. Galdezka hasi eta ingelesez erantzun zidatenean jada irria eskapatu zitzaidan. Gaur urduriago nago. Istripu bat ikusi dut herri irteeran eta geldirik egon gara, pixka bat.

Geroago, peajera iristen, ze arraroa, auto pilaketak. Primeran edo segundan, barraskiloaren gisan, kasik geldirik baino okerrago. Ia CD osoa aditu dut, luze egin zait, denbora gainean sentitzen nuelako.

Hirian, semaforoak gorri, aparkatzeko ordaindu behar eta, gainera, horretarako ere itxaron (bost segundo luze!). Eta esprint ttikiak eginez segundoak lapurtuz, berreskuratuz, irribarrearekin «sentitzen dut» erranez sartu aretora.

Erredakzioan jakin dut herriko istripuan neska gazte bat hil dela eta zauritu batzuk ere badirela. Pantailak kontatu dit, egunero albiste gogorrak kontatzen dizkidan bezala. Behar dugu pantailaren harresia, distantzia, babesteko, bizi ahal izateko. Baina behar dugu gogoeta ere, zer den garrantzitsua eta zer ez ohartzea. Kotxean geldirik gaudela aitzinekoari zerbait gertatu ahal izan zaiola konturatzea. Edo autobusean ilara sortu duen bidaiariak arazoren bat izan dezakeela. Behar dugu, dut, lasaitzea. •