Juantxo EGAÑA

Hiru musu, hiru argazki

Ricardo Martin
Ricardo Martin

1921ean, Marokoko Protektoratu Espainiarrean, Abd el Krim Rifeko buruzagiak gidatutako herriak Espainiako Armadaren aurka matxinatu ziren. Arrifiek lurralde haietako parte bat berreskuratu zuten eta, hala, Armada espainiarrak Annual eta Al Aarauiko gotorlekuak galdu zituen. Urte hartako uztail eta abuztu artean, 1922an Juan Picasso dibisio-jeneralak egindako txosten baten arabera, ia 11.000 soldadu hil ziren. 1921ean bertan, Pasaiako portuan, Ricardo Martinek argazki bat egin zuen, agur bat jaso zuena. Gizon bat bere ama besarkatzen ageri da. Ontziratu egin behar zuen, Afrikara joateko, gerrara; senide eta lagun maiteengandik urrun, heriotzara eraman zezakeen gerrara, hain zuzen. Argazkilaritzaren historia berrikusten badugu, irudi horrek antzeko beste batzuetara eraman gaitzake, egoera ezberdin eta ezagunetara. 1945ean, Alfred Eisenstaedtek argazki bat egin zuen Bigarren Mundu Gerraren amaieran New Yorkeko Time Squaren: marinel bat eta erizain bat ageri dira besarkatuta elkarri musu ematen. Antzekoa da Robert Doisneau argazkilariaren musua, 1950ean “Life” aldizkariaren enkarguz Paris inguruan egindakoa, eta, antza, argazkigintzaren historiako irudirik erreproduzituena. Hiru irudi ezberdin dira, gai bera dutenak: musu bat, besarkada bat. Hiru istorio, hiru egoera. Hiru momentutan hiru argazkilarik egindako hiru irudi, oihartzun ezberdina izan dutenak.