Ion Salgado
infraganti

IGNACIO ROBLES

Saudi Arabiara eramateko armak kargatzeko operatibo batean parte hartzeari uko egiteagatik espediente bat ireki eta zigor «arina» ezarri zion Bizkaiko Foru Aldundiak Ignacio Robles suhiltzaileari. Roblesek herritarren babesa jaso zuen, bere jarrerak arma trafikoari buruzko eztabaida sortu zuelako. Eta bizirik den eztabaida da, izan ere, Espainiako Gobernuak amore eman du Saudi Arabiaren mehatxuen aurrean eta laser bidez gidatutako 400 bonba bidaliko ditu Yemengo gerran parte hartzen ari den herrialdera.

Bizkaiko Foru Aldundiko suhiltzaileak Bilboko Portura hurbildu ziren 2017ko martxoaren 13an, «salgai arriskutsuen karga batean laguntzeko». Ignacio Robles zen lan horretan parte hartu behar zuen suhiltzailetako bat, eta ondo gogoratzen du gertatu zena: «Ia egunero egiten ditugu salgai arriskutsuen kargak, eta egun horretan ez ziguten esan zer kargatuko genuen. Hala ere, bertan nengoela kontainerrak ikusi eta itsasontziaren izena hizki arabiarrez idatzita zegoela konturatu nintzen. Horregatik galdetu nuen ea zer zen kargatzen ari ginena. Normalean pirotekniako produktuak, metxak edo eraispenetan erabiltzen diren lehergailuak izan ohi dira, baina egun horretan Saudi Arabia helmuga zuten lehergailuak ziren».

Armak kargatzea bere printzipioen kontrakoa zenez, parte hartuko ez zuela adierazi zuen Roblesek. Konponbide erraza adostu zuten: bera basera itzuli zen eta beste suhiltzaile bat bidali zuten lehergailuen kargan parte hartzera, «eta ez zidaten ezer esan». Eta egia da, orduan ez zioten ezer esan, baina bere erabakiak ondorioak izan zituen. «Hilabete bat igaro ostean, kazetari batek esan zidan nire kontrako espedientea ireki zuela Bizkaiko Foru Aldundiak», gogoratu du. Aldundiak falta «larri» batengatik ireki zuen espedientea, hiru eta sei urte artean lanik gabe uztearekin zigortzen dena. «Zigorrak aurrera eginez gero, gutxienez hiru urte igaroko nituen lanik gabe», azaldu du.

Roblesek salatu duenez, Bizkaiko Foru Aldundiko Suhiltzaile Zerbitzuko arduradunek zigorrik handiena ezarri nahi zioten. «Nire funtzioak ez betetzeagatik zigortu nahi ninduten, baina irratiko grabazioei esker frogatu genuen hori gezurra zela. Grabaziotan argi geratzen da nik ez nuela agindurik desobeditu. Are gehiago, nik irtenbide bat bilatu nahi nuela entzuten da. Baina ikusi zutenean horrekin ez zutela ezer lortuko, herritarrak arriskuan jarri nituela esan zuten. Egia ez diren beste zenbait gauza ere esan zituzten. Pixkanaka-pixkanaka akusaziook bertan behera uztera behartu genituen. Azkenerako, urte luze bat itxaron behar izan dut nire aurkako zigorra ezagutzeko», dio. Ezarritako zigorra «arina» izan da azkenean: Bizkaiko Aldundiak Robles ohartarazi du kontzientzia-objekziorako eskubidea ez dutelako suhiltzaileek, baina Roblesek hori ez zekiela ere aitortu du.

«Abisu bat»

Suhiltzailearen ustez, ezarritako zigorra «abisu bat» da, beste suhiltzaileek berak irekitako bidea ez jarraitzeko. Hala ere, gudetan erabiltzen diren armen salmenta salatzen jarraituko duela argi du Roblesek. Eta ez dago bakarrik, espedientea ireki ziotenetik herritar ugariren elkartasuna jaso baitu. «Jendearen erantzuna oso garrantzitsua izan zen. Greenpeace [erakunde ekologistako kidea da Robles] eta beste mugimendu batzuek manifestazioak egin zituzten armen salmentaren aurka, eta Bilboko Portuak ezin zuela ezer egin esan zigun. Ondoren, engainatu egin nahi izan gaituzte: sartzen ziren ontzien arrastoa ezabatu eta banderak aldatu dituzte gertatzen zena ezkutatzeko. Baina ez dute lortu, eta mobilizazioak egin ditugu armak eramango zituzten itsasontziak portura heldu direnean», nabarmendu du.

Presio horren ondorioz, Bilboko Portuak armen trafikoa eten zuen udaberrian. Otsailaren 26an atera zen azken kargamentua bertatik Saudi Arabiara. Erabaki hori garaipen txiki bat izan zen eragile sozialentzako, oraindik ere borrokan tinko mantentzen direnak. Izan ere, gaur egun Santanderko Portutik ateratzen dira armak eramaten dituzten itsasontziak. «Santanderko eragileekin hitz egin dugu, eta elkarlanean aritzeko prest gaude bertan protestak egiteko. Bertara eraman nahi dugu Bilbon mantendu dugun presioa», adierazi du Madrilgo Gobernuaren jarrera gogor kritikatzen duen suhiltzaile militanteak.

Madrilgo Gobernuaren jarrera

Duela hiru aste, Defentsa Ministerioak Saudi Arabiara armak saltzeko prozesua gelditu zuen Yemen bonbardatzeko erabil zitzaketelako. Arabiarrek Navantiarekin sinatutako kontratuak bertan behera uzteko aukerarekin mehatxa egin zuten orduan, eta Espainiako Gobernuak atzera egin zuen. Pasa den astean, Josep Borrell Atzerri ministroak laser bidez gidatutako 400 lehergailu Saudi Arabiara bidaliko zituztela iragarri zuen. Azaldu zuenez, «doitasun-armak» dira, eta ez omen dute «albo ondoriorik eragiten, izugarrizko zehaztasunarekin iristen baitira jomugara». Dirudienez, Borrellek ahaztu egin ditu uda honetan telebista guztietan ikusi diren bideoak, Yemengo herritarren aurkako bonbardaketak argi asko frogatzen dituztenak...

Roblesek gertatutakoa «lotsagarria» dela azpimarratu du: «Berlangaren film batetik ateratako eszena dirudi». Armak herritarren aurka erabiliko direla susmatuz gero, Saudi Arabiaren kasuan gertatzen den bezala, legediak armok saltzea debekatzen duela dio, egungo iruzurra azaldu baino lehen. «Legea betetzeko, PPren Gobernuak zenbait klausula sinatu zituen Saudi Arabiarekin. Akordio horietan erositako armak herritarren aurka erabiliko ez zituela esaten zuen Saudi Arabiak, baina horrek ez du ezertarako balio: guztiok dakigu klausula horietan jasotakoa ez dela betetzen. Egungo Gobernuko ordezkariek beraiek ere kritikatu zituzten klausula horiek, eta aldatu egin behar zirela adierazi zuten. Baina amore eman dute Saudi Arabiaren mehatxuen aurrean. Lotsagarria da zinez Defentsa ministroa Saudi Arabia ‘herri serioa’ dela esaten entzutea...».

“Argia” astekariak argitaratutako datuen arabera, 2012 eta 2016 artean Espainiak 1.400 milioi eurotan baloratutako armak saldu zizkion Saudi Arabiari. 2017an beste 361 milioi euro izan ziren, aurreko urtean baino %133 gehiago. Tartean ziren hegazkin militar bat, granadak eta artilleria-munizioa. Eta Roblesek esaten duenez, Euskal Herriko enpresek ere parte hartzen dute negozio honetan. «Asko hitz egiten da lehergailuei buruz, baina horiek jaurtitzeko hegazkinak behar dira, eta Saudi Arabiak erabiltzen dituen hegazkinen motorrak Zamudioko Parke Teknologikoan egindakoak dira. Eta motorron mantentze-lanak Zamudioko enpresa batek egiten ditu. Ezin diogu gure ardurari uko egin», gaineratu du. Enpreson garrantzia aitortu eta aurrerapauso teknologikoak emateko ezinbestekoak direla onartzen du Roblesek, baina «arlo militarreko teknologiak Euskaditik atera behar ditugu» gaineratuz.

Hori lortzeko, Roblesek EAEko erakundeek neurriak hartu behar dituztela nabarmentzen du, industria militarrean parte hartzen duten enpresa askok harreman estuak baitituzte Lakuako Gobernuarekin eta foru aldundiekin. Euskal Herriko Unibertsitatea, esaterako, elkarlanean aritzen da enpresokin. «Argi utzi beharko genieke enpresei horrelako hitzarmenak ez direla sinatuko industria militarrera zuzendutako proiektuak badituzte. Horrek bete beharreko baldintza bat izan beharko luke», amaitu du. •