Oihane Larretxea de la Granja
infraganti

EÑAUT BARRUETABEÑA

Arkitekturatik modara jauzi egin zuen Eñaut Barruetabeñak, Inditex erraldoitik bere marka propiora egin duen bezala. Jauziak erabakien ondotik ailegatu dira, denbora laburrean. Gizonen arropak proposatzen ditu mutrikuarrak, oihal organikoekin eta Bartzelonan ekoiztuak. Egiteko modu honek arroparen atzean dagoen horretan jartzen du arreta.

Bi eredu, erabat kontrajarriak, dastatu eta esperimentatu ditu Eñaut Barruetabeñak. Modan dihardu, gizonentzat arropa diseinatzen. Lehendabizi, Inditex erraldoiaren Bershka firmarentzat arituz. Ate hori itxi eta beste bat ireki du, ordea, bere marka propioa abiatuz. Horretan ari da, ilusio betez. Baina saltoak alde batera utzita, konta dezagun historia denbora kronologikoa errespetatuz.

Abiapuntua Mutrikun kokatzen da, unibertsitateko ikasketak aukeratzeko unea heltzen zaionean: gauzak ura bezain argi, Arkitektura zuela bidea bazekien. Urte hartan, baina, sistema EHUn zertxobait aldatu zen. «Sartzeko proba berezia egin behar zen urtea zen hura, lehenbizikoz; aurrekaririk ez genuen eta ezjakintasuna zegoen. Nola joango ote zitzaidan ezin jakin, eta badaezpada ‘B plana’ pentsatu nuen, eta hura Bartzelonan kokatu nuen, beti ere Arkitektura ikasteko asmoz», azaldu du.

Proba egin zuen, eta baita gainditu ere, baina gelditu zitzaion barrenean halako kilima bat habiatik hegan egiteko. Donostiak itxura ona zuen, baina hobea Kataluniako hiriburuak. Hiri handia, kosmopolita… hemen dugunaren aldean ezberdina, eta akaso aukera gehiago eskainiko zizkiona.

«Hasi nituen ikasketak eta bi urte egin nituen, baina ez zen espero nuena izan, ez ninduen asebetetzen eta hori neurri batean gogorra izan zen, izatez betidanik desio nuena egiten ari nintzelako… –oroitu du–. ‘Bizitza osoan hau egin nahi dut?’ galderari erantzutea tokatu zitzaidan».

Taupada artean, ezezkoa zioen bihotzak. ‘C plana’ pentsatzeko garaia heldu zen. Marrak eta lerroak, diseinuarekin lotura utzi nahi ez eta modan murgildu zen. «Hasieran beldurrez, izugarri gozatzen gero». Geroztik bost urte igaro dira.

Moda egiteko bi eredu

Lan munduan lehen aukera berehala iritsi zitzaion, karrera amaierako lana epaimahaiaren aurrean aurkeztu zuen egun berean. Hura ezustekoa! Mahaikideen artean zegoen aipatutako etxeko behatzaile bat, talentu bila, gazteek zer egiten duten ikusi eta baloratzeko. «Desfilea amaitzean gerturatu zen nigana, bere burua aurkeztu zidan, nor zen, nondik zetorren… bere txartela eman zidan eta hurrengo egunean deitu zidan». Aukera paregabea aurkeztu zitzaion parez parez.

Beldurrak gainetik astindu eta baiezkoa eman zuen. Diseinu departamentuan eman zituen sei hilabete, kamisetak eta jertseak diseinatzen.

Aukera berak bilatu baino aukera bakarrik heldu zen Eñauten eskuetara. Eta ez zen aukera makala: gero dendetan salduko den arropa diseinatzea. «Egin nuen kamiseta batek sekulako salmentak izan zituen, eta errepikapenak egin behar izan ziren. Kalean ondoren ia egunero ikusten nituen, eta, egia esan, sentsazioa oso arraroa zen… eta pentsa, horretarako egiten dugu lan, horretarako diseinatzen dugu…».

Sei hilabetez aritu zen lan hura egiten, erritmo bizi eta bizkorrekin. «Oso aberasgarria izan zen, baina iritsi zen une bat sentitzen nuela ez nintzela aurrera egiten ari. Egin eta egin, diseinatu eta diseinatu, baina erabakiak hartu ez. Lantaldea izugarria zen, baina ikusi nuen beste bide bat hartzeko garaia zela. Ez nintzen aske sentitzen, eta beste erritmo batzuk behar nituen».

Hor kokatzen da eman duen azken pausoa; hots, gizonezkoentzat arropa marka propioa sortzea: Eñaut. «Erabakiak zailtasun handiak inplikatzen ditu, jakina, baina aldi berean independentzia daukat», adierazi du. «Oraindik ez dut lantalderik atzean niri aholkuak emateko, pautak markatzeko… hori aldaketarekin galdu egin dut adibidez, eta orain irizpide horiek guztiak nire gain erortzen dira, dena neuk egiten dut: erabakiak, onak zein txarrak, neuk hartzen ditut. Senari jarraituz».

Ikasketak egiten ari zela egin zituen probak emakumezkoen patroigintza eta diseinuekin, baina askoz erosoago sentitzen da gizonezkoentzat egiten, aitortu duenez. «Nire ukituak eta gustuak hobeto islatzen ditut, hobeto identifikatzen naute arropa hauek».

Eta badute arkitektura kutsua, adituek diotenez. Marra zuzenak, mozketak eta josketak. «Lerroekin jokatzen dut». Koloreak neutroak dira, gehienbat beltza erabiltzen du.

«Galeriara begira» ederra da marka propioa izatea, baina ezin aipatu gabe utzi bide honek dituen zailtasunak. Maldak badaude, pozak ere bai jakina. «Oso gogorra da. Uste nuen hasierako emozio eta gogo grinatsu horiek guztiarekin ahalko zutela, baina uste nuena baino zailagoa da», onartu du mutrikuarrak.

Edozein kasutan, ilusioak eta ogibideari dion maitasunak elikatzen dute Eñaut. Etikoki pentsatuak eta ekoiztuak daude bere arropak. Guzti-guztia Bartzelonan ekoizten du, eta erabiltzen dituen material zein oihal gehientsuenak organikoak dira. Ekoizten denean uzten den aztarnak kezkatzen du. Eta horrek erabaki batzuk hartzera bultzatu du, erabaki ekologikoak. «Arroparen atzean dagoen lanari buruzko hausnarketa Espainian ez dago hain garatua, ez da hainbeste baloratzen; zentzu horretan, Inditex-ek min egin du. Alemania edo Herbehereak bezalako herrialdeetan beste kontzientzia bat dago, baita kontsumitzailearen aldetik ere». Hori da, akaso, hemen falta den osagaietako bat.

Hementxe kokatzen dira bi ereduak, kontrajarriak direnak. Atzerrian ekoiztu edo bertan. Ingurumena errespetatzen duten prozesuak diren edo ez, langile katea eta baldintzak kontrolatzea posible izatea edo ez… Biak bizi izan ditu. Inditexen ari zela konturatu zen, besteak beste, komunikazioa konplexua zela: Bartzelonatik hots egitea Indiako planta batera eskariaren xehetasunak emateko, adibidez. «Mundu hau atzean utzi nahi nuen eta arropari beste balore bat eman», esan du.

Apustua egin du, eta apustuak ere prezioa du. Adibidez, horrelako ekoizpenak ezin dira fast fashion delakoaren prezioekin lehiatu. Kontsumitzaileari halako ahalegin txiki bat eskatzen zaio; moda hausnarketa eskatzen duen errealitatea dela ezin ukatu. «Garrantzi handiagoa eman beharko genioke arropari oro har, berezitasunari zein kalitateari, finean, janzki bakoitzaren atzean dagoenari», eskatu du.

Une garrantzitsua bizitzen ari da. Orain aste gutxi aurkeztu zuen bere lehen bilduma Bartzelonan, eta web orria martxan jarri du (www.enaut.co). Hortxe egingo ditu, oraingoz, salmentak eta han-hemenka antolatu daitezkeen diseinatzaile gazteen azoketan. “Kotoiaren proba” balitz, markaren aurkezpenarekin eta on line dendarekin neurtuko du bezeroaren harrera, hartu-emana dagoen… sare sozialek ere aldi berean oso paper garrantzitsua izango dute; Facebook zein Instagram erakusleiho apartak dira labetik atera berria den lana aurkezteko, irudiak egin eta «igo» eta bezeroa xaxatzeko.

Gaur-gaurkoz Bartzelonatik mugitzeko asmorik ez duela ere aitortu du. Etxera oso maiz joaten dela, eta Katalunian ditu gaur egun aukera handiagoak etorkizuna eraikitzeko. Han du ogibiderako gakoa den harreman sarea eta balizko kontaktuen aukerak askoz ugariagoak dira. Aldi berean, ordea, talentuen arteko lehia handiagoa da… oreka bilatu behar. Jostorratz eta oihal organikoen artean egingo du.•