Arantxa Urbe
Hezitzailea eta Hik Hasi-ko kidea

Hezigunea birformulatuz

Eskola bateko partaideak aipatzeko eskatuko baligute, gehienok, seguruenik, lehenik ikasleak eta segidan irakasleak aipatuko genituzke. Formula matematiko gisa irudika genezake, ia: irakasle + ikasle = eskola.

Erantzuna zorroztera gonbidatuko bagintuzte, nortzuk aipatuko genituzke? Jangelako langileak, atezaina, autobusekoak, zaintzakoak, idazkaritzakoak, garbitasunekoak, akaso?

Lantzean behin, estatistiken dantzan murgiltzen garenean, bada betidanik nire arreta bereganatzen duen datu bat: neska-mutilak esna dauden orduetatik zenbat diren eskolan pasatzen dituztenak, hain zuzen.

Esku artera heldu zaidan azkenak dioenez, urteak dituen 365 egunetatik 176ren bueltan dira eskola-egunak. Lo orduak egunean 9 direla suposatuz, 15 lirateke eskolara joaten diren neska-mutilen esna orduak.

Esna ordu horietatik, egunean 5,5 dira irakasleekin pasatzen dituztenak, eta 2,5, jangelan igaroko dituztenak. Beraz, eskolatik kanpo emango lituzketen esna orduak 7 izango lirateke. Beste era batera esanda, ikasleek esna dauden orduen %17,7 pasatzen dituzte irakasleekin. Jangelan, berriz, esna orduen %7,5.

Nago datu baliotsuak direla irakasleon egoa bere lekuan jartzeko: gure ikasleak esna dauden orduen %17,7 pasatzen dituzte gurekin; horixe da, denborari begiratuta, haiengan dugun eragin eremua.

Bestalde, ehunekoei begiratuta, neska-mutilek ikasle izaeratik harago begiratuak eta kontuan hartuak izateko duten eskubideak izugarrizko dimentsioa hartuko luke. Xabier Tapia psikologo kliniko eta haur eta gazteen psikoterapeutak duela ez asko esan zuenaren harira, neska-mutilek «ikasle tropel hutsa baino kontsiderazio handiagoa» behar lukete, esna dauden orduetan denbora gehiagoz baitira “neska-mutil” ikasle baino: horrek dituen aukera eta eragozpen guztiekin!

Ikasleak eskolara etortzen direnean, ez ditugu irakasleek soilik hartzen. Neska-mutilen heziketa jende gehiagoren esku dago. Denen ahaleginarekin eta ikuspuntuarekin osatu beharko genuke haur eta gazteen heziketa: jaten duenean, autobusean doanean, eskolara irakasleak etorri aurretik iristen denean eta abarretan.

Eskolaren esparruan, guztiok gara, hortaz, haur bakoitzaren heziketaren arduradun eta erantzule. Baina heldu horiek guztiok heziketaren ardura partekatzen dugun arren, lan baldintza oso desberdinetan ari gara. Askotan batzuen eta besteen arteko arrakala eskandalagarria da.

Ikuspegi horretatik, ebaluatzen dituenak baino hezkuntza espazio ugari eta askotarikoagoak ditu heziguneak: jangela, autobusa, zaintza gelak eta abar. Ziur, bakoitzean, gaztetxoak bere izaera eta nortasunaren alde desberdin bat erakutsiko duela. Pentsa zenbatekoa den, orduan, heldu horien guztien arteko elkarlanaren beharra, zein ezinbestekoa izan beharko lukeen.

Ekuazioaren formulazio berria, eta nire iritziz bidezkoagoa, proposatu nahi dizuet, hortaz: neska-mutilak + hezitzaileak (eskolako helduak: irakasleak, laguntzaileak, sukaldariak, begiraleak, atezainak, autobus gidari eta zaintzaileak, zuzendariak, aholkulariak, idazkariak, administrariak, garbitzaileak eta abar) + etxekoak + herritarrak = hezigunea. •