2018/10/13

ANEGURIA

«Perzebe. Dana edo ezebez» bere azken diskoaren azalean lanpernez inguratuta biluztu da Aneguria rap abeslaria, bizipen propio baten harira. Bat-bateko jardunean bizia eta gardena da bilbotarra, eta ez du arazorik une bakoitzak eskatzen duen erritmoan sentimenduak, beldurrak, indarrak, desirak... azalarazteko.

Nerea Goti
1013_aneguria1

Ane San Miguel Crespo (Bilbo, 1984), Aneguria aka La Kieta musikaren munduan. Baina non bukatzen da Aneguria sortzailea eta non hasten da Ane neska irribarretsu bezain intentsua? Sormenak ez du mugarik ezagutzen, are gutxiago sentimendu, desira, bizipen, hausnarketen zurrunbilotik irtendako mezua rap bihurtzen duen sortzaile bizkaitarraren kasuan. Batak zein besteak, espazio intimoetako Anek zein agertoki gaineko Aneguriak, ikasteko gogoa dute azalean iltzatuta, bide propioa jorratzen jarraitzeko nahia eta beharra.

Euskal kultur eszenan euskaraz aritzen den emakumezko rap abeslaria da Aneguria, eta, batez ere, arima askeko sortzailea. La Basurekin batera 2015ean egindako “Trakamatraka” abestia da, agian, bere abestirik ezagunena. La Basurekin batera Eskina Femenina plataforma ere sortu zuen, raparen eta hip hoparen munduan dabiltzan emakumeen sormen lanak plaza erdira eramateko asmoz.

Aneguriaren inguruan «ausarta eta indartsua» dela esan dute, sexuaren gainean hitz egiteko «naturaltasun itzela» erakusten duela. Hala ere, ez dio horri hainbesteko garrantzirik ematen berak. Dioenez, lotsatia ere bada sarri, eta beldurtia. Baina plazerak lotsari irabazten dio azkenean.

Bilbon 1984an jaiotako haurrak Durangon eman zituen bere lehendabiziko zazpi urteak. Gero, familiarekin Bilbora lekualdatu zen, eta bertan hazi zen. Beno, oraindik ere ez dio hazteari utzi, ez maila pertsonalean ez eta musikaren munduan ere. Bere azkenengo diskoa aurkeztu berri du, “Percebe, dana edo ezebez”, emakume musikari ahaldundu gisa beste urrats bat gehiago emanez.

Inguruari irribarretsu begiratzen dio. Baikortasuna praktikan jarri eta eskertu egiten du, edo, beste era batera adierazita, kritika bizitzari itsatsita doan errealitatea bada ere, «musu truk ematen diren iritzi ezkor gehiegi» dagoela uste du. «Beti modu negatiboan eta ez positiboan aritze hori... Utzi jendeari gauzak egiten», planteatzen du, doako iritzi ezkorrek eragin dezaketenari aurre egin nahian.

Irribarreak eta ahots gozoak ez dute emakume intentsu bat ezkutatzen. Mugitua da Aneguria, inguruan gertatzen denari oso adi dagoen emakumea. Dioenez, «inguruan gertatzen den horri» eta ondoan duen «jendeari eta bizipenei» kantatzen die. Kantak batez ere sentimenduetatik sortzen ditu, hizkuntza batean edo bestean, bizi izandako uneen emaitza natural gisa.

«Ez da dena autoerreferentziala izan behar», azaldu du, eta gaineratu du «tinteroan» geratutako kanta batek ahaztutako adineko batzuen istorioa kontatzen duela; inork ez ditu zaintzen eta hurbiltzen zaien postaria bahitzen dute, berarekin selfie bat egin eta ondoren aske uzteko.

Aneguriaren azken diskoaren aurkezpenean izan da GAUR8 rap abeslari bilbotarrarekin, bai diskoaz bai beste gauza ugariz ere hitz egiteko. Aurkezpenean, besteak beste, Azkue Fundazioko ordezkariak ere bildu dira. Aneguria Aka La Kieta bera koaderno zuri handi batekin eta koloretako errotulagailuekin heldu da. Fundazioak antolatutako Banden Lehian irabazle izateak eman dio aukera “Percebe, dana edo ezebez” diskoa kaleratzeko, bere ibilbide artistikoko hirugarrena.

Diskoa bera Aneguriaren sormenaren luzapena da. Deigarria egiten den lehenengo elementua azala da. Lanpernez inguratuta, etzanda eta ia biluzik agertzen da abeslaria, eta horrela izateak istorio bat dauka atzean. Gabonetan, afaltzeko lanpernak erosteko eskatu zion amak, eta, kutxa batekin nahikoa izango ez zelakoan, bi erosi zituen. «500 euro irabazten ditut hilean eta 600 euro lanperna ditut hozkailuan!», kontatu du barre artean. Pasadizo horretan oinarrituta sortu zuen diskoaren titulua, bizitzan hainbatetan gertatzen den modura “dana edo ezebez” muturreko dikotomian oinarrituta.

Institutuko garai zailak

Atzera begiratuta, Aneguriak kontatzen du «patroirik edo sistemarik gabea» izan dela betidanik. Zenbait logika ez barneratu izanaren ordainetan, baina, «amets egiteko gaitasuna» irabazi zuela gaztetan uste du. Durangotik Bilbora joan zen bizitzera eta askok Santutxukotzat dute. Horren inguruan dio La Basuk esaten diola «Santutxuko flou-a» duela, bertatik asko ibili izan delako. Baina, aldiz, Aneguriak berak «auzorik gabeko rapera» gisa definitzen du bere burua.

Gogoan du haurra zela Abando aldera bizitzera joan zenean, bertan ez zela umeek jolasteko gunerik, eta, hala, ez zuela auzoan lagunak egiteko biderik aurkitu. Eskertzen du, baina, txikitatik gurasoengandik «amets egiteko eta borrokatzeko espiritu bikoitza» jaso izana, baita «estereotipoekin apurtzekoa» ere. Institutu garai oso gogorra bizi izan zuen. «Ostia izugarriak jaso nituen, bullying-a jasan nuen... Oso bakartia izan naiz betidanik eta bakardadeak biktima erraz bilakatzen zaitu. Nire sentsazioa da jendeak nitaz barre egiten zuela».

Ezberdin izatea garesti ordaindu behar izan zuen. «Musika elektronikoa nuen gustuko, baina garai hartan erabaki beharra zegoen; musika elektronikoa gustuko bazenuen espainola zinen eta horrek bazuen bere alde estetikoa ere... Euskalduna izatea eta diskoteketara joateak ez zuen funtzionatzen», azaldu du. Horregatik, bere borroketako bat estereotipoetatik aldentzea eta zoriontsu egiten duenean zentratzea izan zen. Hala ere, egun ere bakarrik sentitzen da; ez du uste bere ase beharra eta ikasteko gogoa duen jende asko dagoenik, eta, hala, ez du bere «pajeo mentalak eta kezkak» partekatzen dituen jende askorik aurkitzen.

Arlo artistikoan, kontatzen du garai batean «beste pertsonen zain» egoten zela, baina, bere burua «bakarrik» ikustean, konturatu dela berak ere plazara irten beharra zuela, «bakarrik, baina amets propioekin eta indartsu». Zehazten duenez, «nire bide propioa egiten saiatu naiz beti, eta hori ordaindu egin behar izan dut sarri». Orain, baina, gogotsu dago aurrera begira, ikasteko beti prest, «istorio fantastikoak» sortzeko irrikatan, «ekoizle ezberdinetatik ikasteko gogoz, galdera onak egiten ikasteko gertu».

«Kultura askearen» defendatzaile amorratua ere bada, eta horregatik hartu zuen jabetza intelektualeko eskubideen kudeaketa egiten duen EKKI Euskal Kulturgileen Kidegoko kide egiteko «hautu politikoa» eta ez Espainiako Autoreen eta Editoreen Elkartekoa. Bere leloa, honakoa: «Kultura askea, eskubideak erregistratuta eta nire musika musu truk eta kalitate onean. Kultura askea bai, artista burujabetza ere bai».

«Amets egiteko eta borrokatzeko espiritu bikoitza» jaso du txiki-txikitatik gurasoengandik, baita «estereotipoekin apurtzekoa ere». Eskertuta dago horregatik

Garai batean «beste pertsonen zain» egoten zen, baina, bere burua «bakarrik» ikustean, berak ere plazara irtetea erabaki zuen, «bakarrik, baina amets propioekin eta indartsu»