Maider Iantzi Goienetxe

Kortsea lasaitzen

Lasaitzen nau, eta aukerak irekitzen dizkit, bizitza etengabeko ikasketa dela ulertzeak. Eta, gorputzeko poro guztiak zabalik ditudala, ikastearen apologia eginen dut. Garrantzitsua iruditzen zait ez epaitzen ikastea, ezinezkoa ezin dela onartzen ikastea, irekitzen ikastea. Zabiltzan bidetik ezin bada, mugitu pixka bat eta saiatu; lortuko duzu. Aholku hori eman zidaten elkarrizketatu batzuek, ofizio hau zenbat maite dudan oroitarazi zidan solasaldi batean.

Bertze mahai-inguru batean, 68ko Maiatza eta feminismoa lotu zituzten eta hizlarietako batek, Marina Subiratsek, 13 urte zituela amak jarri zion kortsea (benetakoa, fisikoa) aipatu zuen. «Lasterka egiten baduzu, haragia mugituko zaizu eta hori hagitz baldarra da», ohartarazi zion. Kortsea mentala ere bazen, jaio aitzinetik destinoa marraztua zuten. Izugarri mugatuak zeuden emakumeak. Hain moztua zuten desioa, zaila egiten zitzaiela barrenean zer nahi zuten jakitea ere.

68ko Maiatz frantsesaren funtsezko elementu bat desafiatzeko gaitasuna ateratzea izan zen: «Eta zu zein zara niri lezioak emateko?». Garai hartan Parisen ikertzaile ibili zen Subiratsek azaldu zuenez, orduan zalantzan jartzen hasi ziren norbaitek zer egin behar dugun errateko izan dezakeen legitimitatea.

Eta gaur egun, nolakoa da gure kortsea? Emakume zein gizonek, gorputzean zein buruan jantzita daramagula erranen duke. Arauak behar ditugu zibilizazioan bizitzeko, baina horiek aldatu egiten dira kulturaren arabera eta ez gara egia absolutuaren jabe. Behar ditugu arauak, baina baita horiek zalantzan jartzea ere.

Ze euforia kortsea askatzean eta ikasketa prozesuaz jabetzean! •