2018/11/03

CHRISTIANE VON ENZBERG

Alemaniarra da Christiane von Enzberg argazkigilea eta Bartzelonan bizi da. Badira hogei urte baino gehiago Euskal Herrira lotuta dagoela, beka batekin etorri eta «Egin» egunkarian aritu baitzen argazkilaritzan trebatzen. Orain Zumaiara bueltatu da erakusketa batekin; hondartzako egoera ohikoenei punta zorrotza atera die bere kameraz.

Amagoia Mujika Telleria
1103_christian3

H ondartza maite du. Ez hainbeste eguzkiak besarkatua eta itsasoak kulunkatua izateko. Hondartza maite du jendea behatzeko, hondar partzela horiek jendeztatzen dituztenen jarrerak, ohiturak, errituak, zelebrekeriak begiratzeko. Eta arreta ematen diotenak, erakargarri zaizkionak, bere kamerarekin jasotzen ditu, argazkitan biltzeko. Christiane von Enzberg argazkigilearen “Flashback Paradies” erakusketa gozatzeko modua dago egunotan Zumaiako Oxford aretoan. Azaroaren 11 bitartean zabalik da erakusketa, arratsaldetan, 18:00etatik 20:00etara.

Christiane von Enzberg Friburgon, Alemanian, jaioa da. Berlingo Lette Verein argazkilaritza eskolan jaso zuen formakuntza eta nazioarte mailako hainbat aldizkarirentzat aritzen da gaur egun. 2002. urteaz geroztik, Bartzelonan bizi da, eta UAB Bartzelonako Unibertsitate Autonomoan klaseak ematen ditu. «Hautazko klaseak ematen ditut eta jatorri oso desberdineko ikasleak dauzkat; asko, AEBetatik etorriak. Argazkigintzaren oinarriak azaltzen saiatzen naiz. Sei urte daramatzat unibertsitatean eta bestelako enpresentzat, editorialentzat, argitalpenentzat ere lan egiten dut. Baina nire proiektu propioak dira benetan nire arima jasotzen dutenak, erakusketa hau kasu».

Orain Zumaian dagoen lana aurretik Bartzelonan eta Alemanian egon da. «Duela urtebete inguru Bartzelonan egin nuen erakusketa, Goethe Institutuaren laguntzarekin. Gero, zenbait hilabetez Alemanian egon da, formatu zabalagoan. Alemaniako erakusketak hiru parte izan zituen; parte handiena Zumaian dagoen hau da, ‘Hautnah’ (azalean) izeneko sorta, hondartzako lana. Bigarrena, ‘Miniheroes’ izenekoa, 7-12 urte bitarteko haurren ingurukoa da eta Zumaian ere badago. Eta hirugarren zatia, gauez hartutako paisaiek osatzen dute. Baina Zumaiara ez dut ekarri azken parte hori, aretoaren tamainak ez baitzuen aukerarik ematen. Hiru sorta horiek barnebiltzen ditu ‘Flashback Paradies’ izenburuak», azaldu du argazkigileak.

Hondartza eta ñabardurak

Hondartza oso toki berezia da. «Kultura desberdinak, mundu ikuskera diferenteak, askotariko klase sozialak... oso nahasketa interesgarria gertatzen da hondartzan. Gero, bakoitzak, bere ohiturak, errituak, jarrerak, egoteko moduak dauzka hondartzan. Hondartzak, neurri batean, berdindu egiten gaitu. Baina, era berean, bakoitzak bere egoteko modua dauka», azaldu du argazkigileak.

«Pasa den mendean hondartza espazio terapeutikoa zen eta, orain, aktoreen eta hedonisten espazio bihurtu da. Aterpe bat da, aisialdiaren unibertsoa, aparteko mundu bat. Nik antzerki bat bezala ikusten dut, eguzkiaren fokuaren pean eta hondarraren gainean ematen den antzezlan bat balitz bezala ikusten dut. Eguzkiaren fokuaz gain, nik beste bat jarri dut nire argazkiak egiteko. Hondartzan, familia edo talde bakoitzak ziega ikusezin bat bezala dauka, bere hondar parte propioa. Hondartzan beretzat hartu duten hondar parte hori bihurtzen da beren aterpea ordu batzuetan, eta, toki publiko batean egonagatik, beren intimitatea bizitzen dute ziega moduko horretan». Jolas bat ere proposatzen du Von Enzbergek bere argazkietan: Ba al da desberdintasun kulturalik? Igartzen al dira kultura desberdinak hondartzan? Sumatzen al da zein herrialdetakoa den argazki bakoitza?

Azken hiru urteetan jasotako irudiak dira Zumaian ikusgai daudenak. Kostalde desberdinetan egindakoak dira, gainera; Zarautz, Benidorm, Alacant, Asturias, Kantabria, Italia, Saint Tropez, Katalunia, Andaluzia... Artean zabalik segitzen du proiektuak, oraindik hondartzara gerturatzen baita Von Enzberg kamerarekin.

Proiektuak badu beste berezitasunik, kamera analogikoarekin egindakoa baita. «Proiektu honekin analogikora bueltatu naiz, karretera eta errebelatzera. Izugarri gustatzen zait, desberdin lan egiten dut. Kontzeptualagoa da eta askoz patxada handiagoa eskatzen du, oso ondo aukeratu behar duzulako egin behar duzun argazki hori. Argazkia atera aurretik denbora gehiago ematen dut nola egin pentsatzen eta garbi dudanean egiten dut argazkia. Argazki kopurua ere mugatzen diot nire buruari; ahalik eta gutxien egiten ditut. Lana askoz mantsoagoa eta neurtuagoa da eta gustatzen zait. Gero, izugarri polita iruditzen zait argazkia eskuetan izatea, ukigarria izatea... Argazkilaritza digitalak bere abantailak ditu, noski, baina izugarri gustatzen zait analogikoak daukan liturgia berezi hori».

Zumaiako erakusketan ikus daitekeen bigarren argazki sorta “Miniheroes” izenekoa da. «7 eta 12 urte bitarteko haurrei egindako omenaldia da. ‘Haurtzaro ertaina’ edo ‘tarteko haurtzaroa’ esaten zaio eta oso adin interesgarria iruditzen zait. Artean haurrak fantasiaren eta errealitatearen artean bizi dira». Haurren argazkien gainean detaileak eskuz brodatu ditu sortzaileak eta pertsonaia historikoei keinu egin die.

Lotura Euskal Herriarekin

Christiane von Enzbergek lotura berezia dauka Euskal Herriarekin eta ez da kasualitatea bere lana Zumaian egotea egunotan. 1995. urtean, beka bat zela medio, Euskal Herrian egon zen urtebetez eta “Egin” egunkarian aritu zen lanean. «Beka batekin etorri nintzen, gaztelania ikastera eta argazkilaritzan aritzera. Ez genekien ezer Euskal Herriari buruz. ‘Egin’ egunkarian toki bat zegoela jakin nuen eta hara joatea eskatu nuen, prentsa argazkilaritza gertutik ezagutu nahi nuelako. Bertan hamar bat hilabete eman nituen, egunkariko argazkilarien ondoan ikasten. Oso giro atsegina topatu nuen eta Euskal Herria primeran ezagutzeko aukera paregabea izan zen. Existitzen zela ez nekien herri oso interesgarri bat deskubritu nuen ‘Egin’ egunkariari esker», kontatu du.

Hain justu, Euskal Herriko bere egonaldiko azken bi hilabeteetan Getariako arrantzaleen inguruko lan bat egiten aritu zen. «Zumaiar batzuen laguntza izan nuen arrantzaleekin harremanetan jartzeko eta geroztik lagunak gara. Horregatik etorri naiz nire erakusketarekin Zumaiara, lagun horien bitartez. 1995eko nire egonaldiko sokak gaur arte segitu du. Niretzat oso berezia eta garrantzitsua da Zumaiara eta Euskal Herrira etortzea, emozionalki herri honi lotuta nagoelako». •

«Hondartzan, familia edo talde bakoitzak ziega ikusezin bat bezala dauka, bere hondar parte propioa; toki publiko batean egonagatik, beren intimitatea bizitzen dute ziega moduko horretan»

«Oso giro atsegina topatu nuen ‘Egin’-en eta Euskal Herria primeran ezagutzeko aukera paregabea izan zen. Existitzen zela ez nekien herri oso interesgarri bat deskubritu nuen»