Garazi Goia - @GaraziGoia
Idazlea

Ez dago lekurik

Aspaldian hileta-martxa bat ikusi gabe nengoen. Gaur ikusi dut bat auzoan, hil kutxa zeraman autoa pasatu da lehenengo, handia, distiratsua, ia hotsik ateratzen ez duten horietakoa; atzetik beste bi kotxe beltzek jarraitzen zioten. Ez dakit inoiz hileta-martxarik ikusita neukan Londresen. Ez dut uste. Bizitzako une hori existituko ez balitz bezala bizi garela hiri honetan pentsatu dut; hilobira iritsi aurretik pertsonak desagertuko bailiran, hemengo bizitza eta egunerokotasunaren abiadurarekin desintegratuta. Hainbeste jende dabil joan-etorrian, horrek hartzen duela protagonismo guztia; eta, hiriak daukan aurrera jarraitzeko grina horretan, betiko doazenak ahaztu egiten direla, berekoikeria handienean. Hiriak une hori itzalean uzten du, ez dauka leku duinik joaten direnentzat. Londresek hamar milioi biztanle ditu eta agidanez batez beste egunero 275 pertsona hiltzen dira. Non lurperatuko ote dituzte? Galdera horrek zer pentsatua ematen dit, hotzikara batek zeharkatu dit gorputz osoa. Non hilobiratuak izatea nahi dugun galdera ez da askotan naturaltasunez eztabaidatzen dugun zerbait.

Beste noizbait ere aipatu izan dut Maria Teresa Leonek esandakoa: «Estoy cansada de no saber donde morirme. Esa es la mayor tristeza del emigrado. ¿Qué tenemos que ver nosotros con los cementerios de los países donde vivimos?» (Non hilko naizen ez jakiteak nekatu egiten nau. Hori da erbesteratuak duen tristurarik handiena. Bizi garen lurraldeetako hilobiek zer esanahi dute guretzat?).

Hilerri oso politak daude Londres hiriaren erdian, publikoari irekiak. Bunhill Fields hilerria adibidez; William Blake eta Daniel Defoe bezalako “inkonformistak” eta giza eskubideen berdintasunaren alde borroka egindakoak bertan daude. Brompton hilerriaren ondoan bizi izan nintzen Londresa lehenengoz iritsi nintzenean eta askotan zeharkatzen nuen oinez; kafe etxe bat ere badago han erdian, hiriaren zaratatik ihesi bake bila doanarentzat, 200 mila panteoi eta hilobien erdian. Highgateko hilerria ere berezia da, bertan daude Karl Marx eta TS Eliot. Eta, Golders Greenen, Sigmund Freud, Peter Sellers eta Bram Stoker.

Hala ere, hilerri horiek guztiak XX. mendean paralizatuta gelditu zirela iruditzen zait, eta ez dagoela lekurik horma-hobi modernoentzat. Hautsi egingo luke egundoko estetika hori. Baina, non sartzen dituzte egunero hiltzen diren ehunka pertsona horiek?

Pentsamendu hauek buruan nituela sartu naiz liburu-denda batera, eta, atearen aurreko salmahaian, bi izenburu hauetara joan zait begia: “111 places in London that you shouldn’t miss” (huts egin ezin diren Londresko 111 leku) eta “1.000 ultimate travel experiences – make the most of your time on earth” (nahitaezko 1.000 bidaia esperientzia – mundu honetan zauden bitartean ahalik eta gehien disfrutatu). Lehenengo liburuari gainbegiratu azkarra eman diot eta 111 lekuetatik hogeita hamar ingurutan oraindik ez naizela egon ohartu naiz. Eccleston Mews, Fremanson’s Hall, Bevis Mark Synagogue, Cafe E.Pellicci, Quantum Cloud, St John-at-Hampstead, eta abar. Zerrenda oraindik gehiago luzatu da bigarren liburua ireki dudanean. Denbora aurrera doala ziztu bizian eta oraindik egiteko asko ditudala birgogoratzeko gogomuta subliminala zen akaso. Kasualitatea, berrogei urte bete ditudan egunean hau gertatzea. •