Ane Urkiri Ansola
infraganti

ANE PESCADOR

Denboraldian zehar arrauna uzteko erabakia %98an hartu zuen. Ondarroako bandera salbu beste guztia irabazi du San Juanek, baina urte gogorra izan dela dio Ane Pescadorrek. Lortutakoa gehiago baloratzea bota du faltan eta, hamahiru urteren ostean, atseden hartuko du. Kontxako estropadak gabarroian ikusten hasi eta bost aldiz irabazten bukatu du.

Oso esanguratsua da gertatu dena eta ez da arraunlarien artean arazoak egon direlako gertatu. Gertatu denak balio beharko luke batzuk hausnartzen jartzeko». San Juaneko batelerentzat bukatu da ziklo bat, bost Euskotren liga eta beste bost Kontxa, bata bestearen segidan, irabazi ostean. Garai guztiz loriatsua markatu dute eta bertako parte izan diren arraunlari gehienek beste etapa bati hasiera emango diote; batzuek beste talde batean eta Ane Pescadorrek (Errenteria, 1992), esaterako, arrauna alde batera utzita, «momentuz». Momentuko arnas puntua izango dela konbentzituta dago, egunen batean itzuliko den ziurtasuna dauka, «baina momentuz arnasa behar dut».

«Nahi dudana nahi dudanean egin nahi dut». Arraunak diziplina serioa eskatzen du eta orain bizitza beste modu batera bizi nahi du, orain arte egin ezin izan dituen gauzak eginez: «Txorakeriak dira. Adibidez, lagunekin eta familiarekin gehiago egon, Madalenetan irten eta danborrada jotzea...». Kirola egiten eta arrauna beste ikuspuntu batetik ikusten jarraituko duela argi dauka –«ez dut ikusten nire burua astebururo parrandan»–, «baina behar dut askatasun pixka bat une oro nahi dudana egiteko».

Onartzen du gogorra izan daitekeela esatea gauzak edo aukerak kendu dizkiola arraunak azken hamahiru urteotan; baina, jakina, balantza batean jarriz gero, emandakoa gehiago izan dela argi du. «Oso pertsona urduria naiz, oso oldartsua, eta nire bizitzako une txarretan pila bat lagundu dit arraunak. Hor askatu ditut haserre eta tristura guztiak. Denbora tarte batean oso ondo etorri zaidan zerbait izan da arrauna, pila bat eman dit eta pila bat disfrutatu dut modu horretan», laburbildu du Pescadorrek.

Hamahiru urte eman ditu arraunean, palada bat bestearen atzetik joaz 13 urte zituenetik. Hibaikan, herriko klubean, eman zituen aurreneko pausoak, bi urte geroago San Juanera joateko erabakia hartu zuen arte. «Hibaikan ez geunden nahikoa neska talde bat ateratzeko, eta San Juanera joan edo urtebete lehiatu gabe egon behar nuen, helduagoekin entrenatzen», gogoratu du. Pasai Donibanen ere baldintzak hobeak zirela aitortu du, izen gehiagoko kluba zelako eta diru laguntzak hobeak zirelako. Uretaratzerako orduan ere igarri zuen aldea, «Hibaika zoritxarrez baldintzatuago dago, ibaiaren arabera jokatu behar baita itsasoratzean ere».

Kontxako poz eta penak

Aitarengatik datorkio arraunerako zaletasuna, jada barnean iltzatuta geratu zaiona. Txikitako paseoak ekarri ditu gogora, ontzi edo batelei begira-begira geratzen zen garaiak. «Kontxako banderan urtero-urtero Kontxako gabarroira joaten ginen bertatik estropada zuzenean ikusteko. Oso goiz ikasi nuen igerian egiten eta txikitatik ikusi izan ditut estropadak gabarroitik».

«Nahigabe» edo «ohartu gabe», arraunerako zaletasuna sortu eta bertatik bertara probatzea erabaki zuen. «‘Zergatik ez?’, galdetu eta kuadrillako bat ere animatu zen». Gerora lagunek utzi egin zuten baina berak jarraitzea erabaki zuen: «Harrapatu egin ninduen eta etxean ere pozik zeuden hartutako erabakiarekin».

Ordutik gauza asko bizi izan ditu arraunean –kirol jarduerari eskainitako orduak ere beste horrenbeste izan dira eta–. Makalaldiak zein arrakastak. Azken urteotan arrakastek protagonismoa hartu badute ere, aurreneko aldiz Kontxako estropadan parte hartzeko aukera izan zuen urteaz ez du oroitzapen onik gordetzen, nahiz eta denboraldi horretan bertan lehenengo aldiz ahizparen alboan [Eli Pescador] lehiatzeko aukera izan zuen. «Ez nuen arraun egin sailkapeneko estropadan eta, pasatuz gero, nire aukera izango nuela esan zidaten. Azkenean ez ginen sailkatu».

«Niretzako urte oso politak izan ziren 2014 eta 2015; bi urte horiek politagoak izan ziren», nabarmendu du, azken denboraldietan Zumaiako traineruak utzitako hutsunearen gaia atera bezain pronto. «Zumaia, Hibaika eta gu [San Juan] borroka oso estuan aritu ginen. Zumaia oso talde erreferente bat bezala neukan, beti gustatu zait asko eta, nik neuk, bai bota dut faltan». Gerora bertako batzuk Batelerekin elkartu ziren taldean. «Zorionez», ñabartu nahi izan du, irribarrez, Ane Pescadorrek.

Zumaia talde erreferentea izan zen eta goian zegoela desagertu zen. Bateleren kasuan, desagertu ez, baina harrobira gehiago begiratu beharko dute. Trantsizioa ezinbestekoa izango da. Pescadorrek badauka hurrengo urterako faboritoa: «Oriok aukera handiak izan ditzake».

Datorren denboraldirako lehenengo prestaketak azaroan hasten dituzte eta taldekideak botako ditu faltan Errenteriakoak. Segundo bat gelditu eta iruditzen zaio «bai idatzi dugula historiako pasarte bat», baina orain arte ez omen zen kontziente. «Gurpil batean sartzen zara eta egunerokotasunean jada badituzu aurre egin beharreko egoerak. Makalaldiren bat badago, hori gainditu egin behar da, bakoitzak bere burua hobetu behar du...».

Orain perspektibarekin begiratzen du atzera eta, duela urte batzuk Galiziak lortutako bost Kontxak berdintzea ezinezkoa zela uste bazuen ere, berak lortu du. Berdindu bakarrik ez, marka ere gainditu du Laura Goldarazena, Ane Hernandez eta Nerea Perezekin batera. Lau horiek dira San Juanekin azken bost urteetan bost liga eta bost Kontxa elkarren segidan irabazi dituzten arraunlari euskaldun bakarrak.

Distantzia bera?

Ez da lorpen txikia. Irabazitako azken Kontxako bandera du gogokoen, hain justu, aurreneko aldiz gizon eta emakumeen sariak parekatu dituen hori. «Txalotzeko aurrerapausoa da, Zarauzko estropadan ere erabaki berdina hartu da», aitortu du. Baina bere irudipena da 2017ko Kontxako estropadaren ondorioz hartu dituztela «serio». «Ez zen sustorik jazo ez dakit zergatik. Baldintza horietan arraun eginda erakutsi behar izan genuen ikuskizuna emateko gai ginela eta hori oso gogorra iruditzen zait, hausnartzeko modukoa». Bere irudipena dela eta agian nahastuta dagoela argitu du, «baina sentsazio hori daukat» esanda. Onartu du orain kanpotik serioago hartzen dituztela, beraiek ere lan saioak eta kirola bera serioago hartzen dutelako. Guztia batera doa.

Berdintasunaren aferan, eztabaidagai da distantzien kontua. Neskek mutilen distantzia erdia egiten dute (2.778 metro), baina jakin badakite zer den 5.556 metrotan lehiatzea ere, «eta astebete lehenago abisatuta». Emankizunak motzago egiteko ezarritako araua delakoan dago, «emakumeok asko molestatzen dugu-eta». Beraiek argi dute gai direla egiteko, baina Pescadorren iritziz –«eta kritika batzuk jaso ditut honengatik»– ikuskizunarentzat onena, «guztiek», 2.778 metro egitea litzateke. •