Itzea Urkizu Arsuaga

Bera eta ni supermerkatuan

Gaur, bazekien egunari behar baino helburu gehiago jarriak zizkiola. Asmatu du. Egitekoen zerrendan “tik” guztiak ez marrazteak kezken motxilan uzten duen pisua hartu, lanetik irten, eta supermerkatura doa, afaltzeko zerbait erostera.

Buruan bueltaka darabil, honezkero idatzita izan nahiko lukeen zutabea: «Gaia bai, gaia hori izango da». Baina, aste honek ez dio sormenik oparitu nahi. Pentsamendu horien erritmora hartu ditu otordurako jakiak, eta badoa kutxara. Zinta-garraiatzailean, poltsa-bai-ala-bai-azkar-bete-beharreko une estresagarrian eskuak libre izateko, bufanda janzten hastea erabaki du.

Aspaldiko partez hotz egiten du gaur eta, bai, horrek maila berberean pizten dizkio malenkonia eta poza; maite du udazken hondarra, neguz janzten denean. Eguzkiari irtetea bezala, jendeari ia hitz egitea ahazten zaionean, eta supermerkatuetako azken ilarek egun osoko nekea marrazten dutenean.

Bufandarekin amaitzen ari dela, begi ertzetik sentitu du atzekoa, behatzaile. Gizon heldu bat da, kristalezko potoa eskuetan. Eta pitonisarena egin du bere buruarekin: «Pasatzen uztea nahiko du». Gizonak hartu du hitza, gazteleraz eta ozen, aurretik egindako hausnarketa idiliko horiek guztiak zapuztuz: «E, aizu, oraindik ez du elurrik ari, e! Oraindik ez daukazu hainbeste tapatu beharrik!». Eta berak, berak pentsatu du ez duela astirik, entzun berri duenari soseguzko filtro bat pasatu, eta erantzunik egokiena formulatzeko. Ze, dakien bakarra da, erantzun egingo diola: «Barkatu, baina, nik nahi adina tapatzeko eskubidea izango dut ba. Oker ez banago, zu ere txapelarekin zaude, gainera». Iritzi-truke antzuari hiltzen utzi beharrean, gizonak azken zehaztapen bat egin nahi izan dio; azken hitza.

Gaur, bazekien Euskaraldiari buruzko zutabe bat josi nahi zuela. Eta, neurri batean, asmatu du. Gaztelera hutsean bada ere, askok mendeak baitaramatzate beti “ahobizi” izaten; nahi dutena nahi dutenari esan, eta hura “belarriprest” totala izango dela pentsatzen. Baina, e, aizu, gaur, aspaldiko partez, hotz egiten du. •