Koldo Sagasti

«Tested in combat»

Atzo, mundu kapitalistan Black Friday eguna beste hizpiderik ez genuenean, benetako ostiral beltz baten atarian zeuden Gazako zerrendan. Izan ere, “Itzulerako Martxa” izeneko ekimena abian jarri zenetik, ostiralero, Israelek okupatutako eremuekiko mugetara atera dira itsasertzeko kontzentrazio esparruko biztanleak protestan. Eta astero, erregimen sionistako frankotiratzaileak modu zitalean oldartu zaizkie manifestariei, eta dagoeneko armarik gabeko berrehun herritarretik gora erail dituzte eta 20.000 ingururi bizi arteko mutilazioak eragin dizkiete.

Testuinguru horretan, azaroaren 20an Espainiako Gobernuak iragarri zuen Defentsa Ministerioak bi “RPAS sistema” erosiko dizkiola Israelgo armagintza enpresa bati; eta halaxe iragarri zuen, hauts gehiegi harrotu gabe, bere Buletin Ofizialean. Urrunetik gidatutako tramankulu hegalari horiek Israelgo Armadak Gazako protestarien kontra baliatzen dituenak bezalakoak dira. Traste horien bidez zerutik gaseztatu eta jazartzen dituzte manifestariak. Health Work Committees osasun arloko erakunde palestinarrak salatu duenez, Israel Gazako herritar zibilekin esperimentatzen ari da; orain arte sekula erabili gabeko munizioa jaurtitzen dute zaurituei ondorio sendaezinak eragiteko, gas itogarri ezezagunak erabiltzen dituzte herritar armagabeen kontra... Eta horrek, dudarik gabe, eraginkortasun bermea ematen die Israelek merkaturatzen dituen gerra-produktuei. Horrexegatik areagotu egiten da, oldarraldi militarren testuinguruan, Israelek “tested in combat” (guduan probatua) etiketarekin saltzen dituen produktuen balioa. Ardorik onena erostera Arabako Errioxara joango ginatekeen bezala, heriotza-tresnaz hornitzera heriotzaz gehien dakienarengana jotzen dugulako, nonbait. •