2018/12/01

«Guek ere txakurrak garete» pegatina hura
Belaunaldi berrientzat, Cabacas injustiziaren sinbolo da eta Ertzaintza polizia-basakeriaren sinbolo da. Epaiketan polizia sektario eta arduragabe gisa azaldu da. Demokraziaren funtsen arerio dira

Artikulua amaitu eta bidaltzera nindoanean, Iñigo Cabacasen heriotzari buruzko epaia atera da. Idatzia nuena ezabatu eta hau idazten hasi naiz. Aurreko artikuluaren izenburua “Pazientzia estrategikoa, baita taktikoa ere” zen, eta orain idazten nagoena haren kontrakoa da, bai hitzez bai zentzuz aurkakoa. Amorrutik idatzita baitago, injustiziak eta inpunitateak eragiten duten amorrutik, hain zuzen ere.

Malda hori hartu baino lehen, sosegu minimo batez, Manu eta Fina aipatu nahi ditut. Baita Iñigoren senide eta lagunak ere, baina batez ere gurasoak. Sufriarazi eta oraindik sufriarazten dietena adierazi ezina da. Orain, gatza zaurian. Gure elkartasun eta babes osoa dute, gure maitasuna eta errekonozimendua. Erakutsi duten kuraia jasan duten minaren tamainakoa da. Ez ditugu ez bata eta ez bestea ahaztuko.

Epaiari dagokionez, polizia arduragabeei politikari arduragabeak gehitzea gutxi balitz, orain epaile arduragabeak gehitu dizkiegu. GARAk eta NAIZek argitaratu zituzten grabazioek argi erakusten dutenez, zigortu duten ofiziala, Juan Jose de Pablo, kargatzeko aginduari aurre egin zion bakarra izan zen. Berak ez zuen erabaki, amaieran bete zuen arren, eta beste zenbait poliziakide ziur asko aginduaren aurretik ere kargatzen ari ziren. Agindua eman zuena, ordea, Iñaki Larrea Ugarteko, epaiketatik libratu zuten. Inpunitate hori baliatuz, kazetarion aurka egin zuen. Batzuetan koldarkeria eta harrokeria txanpon beraren bi aldeak dira. Gau ilun hartan ertzain horien guztien buru zena, Jorge Aldekoa, nagusi bilakatu dute. Beste guztiak libratzeko, heriotzan ardurarik txikiena zuen pertsona zigortu dute, arduragabe horiek! Gainera, itxurak egin eta absoluzio orokorra ez emateko, epaileek txibatoen zurigarria erosi dute. Sistema perbertitu honetan ahulena zena zigortu dute. Ez da justiziarik egin, ezta gutxiago ere.

Torturez harago, gure belaunaldiarentzat Mikel Iribarrenen kasua polizia-basakeriaren sinbolo bihurtu zen. Belaunaldi berrientzat, Iñigo Cabacas injustiziaren sinbolo da. Berarekin batera, Ertzaintza polizia-basakeriaren sinbolo bihurtu da. Epaiketan Polizia sektario eta arduragabe gisa azaldu da. Demokraziaren funtsak ulertzeko ez dira gai. Ez daude herritarren zerbitzura.

Arduradun politikoek hori babestu dute, era batean edo bestean. Gau hartara itzulita, Rodolfo Aresi buruz euskal herritar gehienek gogoratuko dutena errealitatea bihurritzeko erabili zuen bertsio ofizial zitala izango da. Patxi Lopezen higadura xede, hasiera batean EAJk bertsio horri aurre egin zion. Iñigo hil zuen Polizia alderdi horrek buztin pieza baten gisara moldatu zuen Polizia bera zela konturatu ziren arte. Boterea berreskuratu zuten arte. Azpimarragarria da Urkullu lehendakariak familiarekin erakutsi duen giza-maila eskasa.

Amorruak lotura arraroak eragiten ditu. Euskaraldiaren esperientzian murgilduta, epaia kontatu didatenean aurreko mendeko azken hamarkadako pegatina batez oroitu naiz. Ertzaintzak euskararekin dituen arazoengatik, alegia, herritarrei euskaraz zuzentzeko gai izan ez eta poliziei euskaraz hitz egiteagatik herritarrak gaizki tratatzeagatik, isekari batzuek “Guek ere txakurrak garete” pegatina atera zuten. Irudian, ertzainen ilara batek oihu hori egiten zuen. Pentsa ze polizia klase diren, hau irakurtzean minduko direla. Beren kideek eragin zuten heriotza injustua zuritu duten horiek. Mindu… beraiek. •