Arantxa Urbe
Hezitzailea eta Hik Hasi-ko kidea

Konplizitateen aldia

Aldi berri bat zabaldu da euskaldunontzat: Euskaraldia. Euskararekiko hartuko dugun konpromisoa erabaki, eta, hamaika egunez, gutxienez, txapa ipini dugu paparrean parekoei ariketa honetan zein rol hartu dugun adierazteko.

Egunotan, entretenigarria bihurtu da kale-buelta. Nahi gabe, begiak parean datorrenaren paparrean deskubritu ditut: «beste ahobizi bat», «hara, belarriprest!» kontatzen aritu naiz nire golkorako… eta zer esango dizut, poza sentitu dut, hortxe bihotzondoan, Euskal Herriko txoko ia guztietara hedatu den ariketan partaide izateaz harro. Tribuaren babesa eta, aldi berean, indarra sentitzeko beharra izaten jarraitzen dugu: bagarela. Iraupena izatea bilaka dezakegula ukitzen ari gara ia hatz puntekin.

Zehar begiraden eta barre-irrien aldia izaten ari da, Euskaraldia (gaiztakeriatan hala?). Tribua sendotzen ari gara, zalantzarik gabe. Tribuaren barruan identifikatu gara, euskararekiko hartu dugun konpromisoa paparrean daramagu, eta aitorpen horrek tribua indartu eta guztion motibazioan eragingo du. Motibazioa baitugu euskararen ezagutza eta erabilera sustatu, astindu eta errotzeko.

Egunotan, badirudi denak gaudela euskararen alde: jendartea, instituzioak, eragileak, gobernuak… Non dago, bada, arazoa? Benetan, zaila egiten da irudikatzea euskarak hainbesterako indarra alde badu nola dirauen, artean, kinka larrian. Ape Musa Anter, nazionalitate turkiarra zuen idazle eta intelektual kurduak ongi identifikatu eta definitu zuen gurea eta berea bezalako hizkuntza txikien arazoa: «Nire hizkuntzak zure estatuaren zimenduak astintzen baditu, horrek esan nahi du zure estatua nirearen lurretan eraiki duzula». Horra hor koxka!

Amets Arzallus bertsolaria entzun dugu euskaldunok euskaraz aritzeko etengabe geure burua justifikatzen ibili beharraz kexu; ipini diguten «zama nekagarri hori» salatzen; «hierarkia kultural eta linguistiko horrekin amaitu nahi badugu, euskara ardatzera eta erdigunera ekarri behar dugu» argi eta garbi azaltzen.

Ingurumari horretan, eskolak jarraitzen du izaten hiztun emari handiena ematen diguna. Eskolan ere, euskara bazterretik atera eta erdigunera ekarri behar dugu, ordea. Konplexurik gabe. Txapak paparrean ditugula, tenore egokia da hausnartzeko zein hizkuntzatan bizi garen, zein harreman dugun hezigunean dugun hizkuntza bakoitzarekin; eskola komunitatean, auzoan, hornitzaileengan, kontratatu ditugun zerbitzu pedagogikoetan eta abarrean eragiteko. Eragite hori planifikatu, ebaluatu eta behar dituen indartze neurriak jaso behar ditugu hizkuntza proiektuetan eta hizkuntza normalizazio planetan. Ezinbestekoa da.

Hamaika kanpainatan parte hartu dugu ja, hamaika lema asmatu ditugu, era eta klase guztietakoak, irudimena agortu arte, ia. Garrantzitsua zen ariketa bat saiatzea.

Ahobizi&belarripresten tribua kalera atera da –eta zergatik ez, baita belarrondokoak ere, Euskaraldian parte ez hartzea erabaki duten euskaldunak. Horiek dira gure aukera, ondoan behar ditugu gehiago izateko eta euskara erdigunera ekartzeko–.

Konplizitateak eraikitzen ari gara…Oxala Euskaraldiaren olatua gure heziguneetara iristea! •