2018/12/01

Nerea Ibarzabal Salegi
Liburua

Gero liburu berdina erosi duen lagunari gauza bera idatzi diola ikusterakoan ohartzen gara ez garela hain bereziak eta erdi jeloskor hasten gara liburua irakurtzen

Durangoko Azokaz mintzo zara, aurkezten ari diren liburu zerrenda amaigabeez, egunkariek kulturari eskaintzen dioten orri pare horretan leku bat irabaziko duten lanez, aurpegiez, sorpresez. Aurtengo sorpresa, aurtengo deskubrimendua. Gorroto dut etiketa hori, sorpresa berbak ez dizu ezaugarri zehatzik ematen, estali egiten zaitu –baina paper koloretsuz–; urteko sorpresaren titulua jasotzen duenak segituan berrasmatu beharko du zer izan hurrengo urtean, sorpresa birritan izateak ez baitio balioko. Sortzeko presa.

Gure kulturaz ari zara, gure idazleez, Landako den negutegi itxurako gune horretan agertuko diren kimuez, baina ez dakit benetan inporta zaizkizun. Eta lehengoan sare sozialen batean ikusi nuen argazki “zabalterraz” eta hunkigarri horietako bat datorkit burura. Mezu bat ageri da kaleko iragarki-kartel handi batean, eta hala dio: “Liburu bat bazina, irakurriko zenuke zeure burua?”. Autolaguntzakoak diruditen era horretako mezuak Whatsapp taldeetan eta sare sozialetan elkarbanatzen dituztenekiko mesfidatia naiz oro har, nik ere Landakoko jende inteligentearen klubeko naizela sentitu nahi baitut, eta horrek gutxieneko gustu kultu baten jabe zarela antzeztea eskatzen du, baita sare sozialen kudeaketari dagokionez ere. Katuen bideo xelebreak besteen profiletan ikusi bai, zeure profilean jarri, ez.

Baina noan harira, liburu bat bazina, irakurriko zenuke zeure burua? Ez dakit gutxieneko intelektualtasun galbahea gainditzen duen esaldiak, eta horrexegatik galdetzen dut. Zein da zure izenburua? Nork egin dizu hitzaurrea? Zertaz zoaz? Erabaki ea tapa gogorrekoa zaren, ala bigunekoa. Beti pentsatu izan dut hiltzeko modurik hozkigarriena dela tapa gogordun liburu baten ertz zorrotzak garondoan jota. Sinadurarik baduzu? Baina pertsonalizatua? Oso arraroa da idazleak liburua sinatzen dizun uneko errituala; mezua irakurtzeko diskretuki urruntzen gara irribarre inozo bat jantzita, eta irakurtzen dugu eta benetan sinesten dugu, sei segundoz behintzat, guri idatzi digula benetan, ezagutzen gaituelako berak, badakielako justu gaur irakurri nahi genuen esaldia zela “–bere liburuaren izenburuari lotutako berba-jokoren bat daukan esaldi inspiratzailea–”. Gero liburu berdina erosi duen lagunari gauza bera idatzi diola ikusterakoan ohartzen gara ez garela hain bereziak, eta erdi jeloskor hasten gara liburua irakurtzen gauean.

Zu ere jeloskor irakurri beharrekoa zara? Harritu egingo gaituzu edo betikoa esango duzu beste berba batzuekin? Salduena zara? Kritikatua? Oharkabean pasatzen dena? Panfleto bat? Sinonimoen hiztegia? Agian jendeak zurekin egon eta gero pare bat minutu pasa behar izaten ditu isiltasunean ezerezari begira, liburu on bat amaitzean bezala. Zein esaldi azpimarratuko zenituzke zugan? Zeintzuk azpimarratu dizkizute besteek?

Zein kapitulutan zaude? Zenbat edizio mereziko zenituzke? Pertsonaia nagusia zugan oinarrituta dago? Zenbat orrialde dituzu eta zerez zikinduak? Hasiera-korapiloa-amaiera? Amaiera-hasiera-korapiloa? Baduzu saririk? Ez? A, autoekoiztua zara orduan? Klasiko bat denek irakurrita daukatela diotena? Nobela irakurterraz eskas bat denek irakurri izana ukatzen dutena? Zein hizkuntzatan zaude idatzia?

Liburu bat bazina zein liburu zinateke? Baina, batez ere, irakurriko zenuke zure burua? Edo eskutan hartu, begiratu, berriro standean utzi eta saltzaileari “ez dut erosiko, eskerrik asko” dioen irribarre deseroso horrekin alde egingo zenuke?

Zailegia da liburu izatea abenduan. Eskerrak pertsonak garen. Ezta? •