2018/12/01

Miren Azkarate Badiola
«Txoria txori»

Hamar urte betetzen dira gaur Mikel Laboa abeslari handia hil zenetik, 74 urte zituela. Nola pasatzen den denbora! Ni Martuteneko kaiolan nengoen eta atzo izango balitz bezala gogoratzen dut; albistegia lehen berri horrek lausotu zuen. Hutsune handi bat sentitu nuen bat-batean, eta nire kideak ere keinu tristeaz begiratu zidala oroitzen dut.

Nola definitu hain artista handia? Zer esan txiki-txikitatik kotxean, etxean, ikastolan, walkmaneko zintetan (diskorik ez nuen) eta ondoren CDetan eta gaur egun ordenagailuan behin eta berriro entzun ditudan abestien kantariaz? Ba horixe bera, askok bezala nik ere ez dudala ulertzen bizitza Mikel Laboaren doinurik gabe.

Gure euskara maitean egindako abesti horiek, abesti baino gehiago maisulanak… Ezin hitzekin adierazi letrez eta musikaz Laboak transmiti zezakeen guztia. Berari zor diogu ere gure hizkuntza munduan barreiatzea, “Txoria txori” ereserki internazional bihurtzeraino. Era berean, bertako euskara ikasle askoren irakasle izan dira abestiok. Bere txikitasunean, handi! Asko zor diogu euskaldunok.

Esan dut ez dudala ulertzen nire bizitza bere abesti eta letrarik gabe, nire bizitzako momentu ezberdinetan presente egon dira eta gaur egun ez da gutxiagorako, besteak beste nire haurra lokartzeko hari musikalaren ezinbesteko elementua baita. Ez dakit handitzen denean zein musika mota entzungo duen, baina Mikel Laboa ez dakiola urrun ibili hegan. •